sábado, enero 13, 2007

Ikasle guztiak euskaldundu: nola? Azterketa operatiboa



Derrigorrezko Ikasketak bukatzean Euskal Herriko gazteak euskaldun eleaniztunak izatea litzateke eskolari ezarri nahi diogun hizkuntza helburu nagusia.


Hizkuntza helburuak
Derrigorrezko Ikasketak bukatzean Euskal Herriko gazteak euskaldun eleaniztunak izatea litzateke eskolari ezarri nahi diogun hizkuntza helburu nagusia. Hau da, Hegoaldean euskara eta gaztelania eta Iparraldean euskara eta frantsesa hizkuntzak erraztasunez erabiltzeko gai izatea. Gehi ikastetxe bakoitzak bere hezkuntza proiektuan txertatuko dituenak.

Horrela jokatzeko arrazoi nagusia, Eskolaren funtzio eraldatzailea, integratzailea eta berdintasunaren aldekoa bermatu nahian aurkitu behar dugu, baita hizkuntzari dagokionean ere. Euskaldun eleanitzak eta kulturanitzak hezi nahi eta behar ditugu.

Aipatutako helburua betetzeko jarraitu beharreko urratsak eta ildoak honako hauek dira:

Erreformari babesa emango dion legea behar da: lege berri baten beharra agerian gelditu da azterketa juridiko legalean, eskolako hizkuntza aukeratzeko askatasunaren aldarrikapen faltsuaren aurrean gure gazteek euskara ezagutzeko duten eskubidea kokatu behar dugu. Euskara ikastea ahalbidetzen ez duen bidea ez da hautatzeko ustezko eskubide aurkeztu behar. Eskolak euskaldun eleanitzak sortu behar ditu dagoeneko esan dugun bezala, beraz, horixe da hautu bakarra.
Euskal Herri osoan zabaldu behar da euskararen normalizazioak eskatzen duen hizkuntza estatusa, hau da, euskara berezkoa den neurrian ofiziala izango da, ezagutu beharrekoa eta bere egoera diglosikoaren eraginez lehentasunezkoa. Horrek euskararen ezagutza unibertsalera bultzatzen gaitu zuzenean. Ezagutza unibertsal horren definizioa osatu behar dugu: zer da hizkuntza bat jakitea? Erraztasunez jakitea? Hizkuntza bakoitzaren konpetentziak zehaztu behar dira. Guk Derrigorrezko eskolaldirako Euskal Curriculumean konpetentzia honen inguruan esaten dena ekarri nahi dugu gogora:

Gizarteko hainbat alorretako hitzezko eta idatzizko edozein testu behar bezala eta kritikoki ulertzea, eta irakurtzeko eta entzuteko gaitasuna helburu pertsonalei, sozialei edo akademikoei erantzuteko erabiltzea. Euskararen eta harremanetarako hizkuntzaren kasuan, ikasleek bere kasako erabiltzailearen (B2) maila lortu beharko dute; Europako beste hizkuntza baten kasuan, berriz, bere kasako erabiltzaile maila lortu beharko dute (B1); eta, Euskal Herriko harremanetarako beste hizkuntzaren kasuan, berriz, oinarrizko erabiltzaile maila. (DEEC-Hizkuntzak eta literatura.102.or)

Azken helburua bizitzako esparru guztietan hizkuntza bat erabiltzeko konpetentzia (ikasketak jarraitzerakoan, harremanak ezartzerakoan...) lortzea da.

Egoera hori lortze-bidean hurrengo ildo hauek proposatzen dira:

Lehentasunezko izaerari men eginez irakas-hizkuntza euskara izango da Euskal Herriko eskola, ikastola eta ikastetxe guztietan, hau da, euskaraz bizitzeko aukera bermatu behar da ikastetxeetan. Horrek arlo desberdinetan ondorioak izango ditu.
Langileriari dagokionez
Irakasleak, zerbitzuetako langileria (atezainak, jangelako langileak, garbitzaileak...). Denak hartu behar dira kontuan, eskola ematen dutenak eta zerbitzuak eskaintzen dituztenak, hain zuzen ere. Sistemak euskaraz lan egin behar du zeregin guztiak barne. Askotan arreta handia jarri dugu irakasleriaren prestakuntzaren arloan zerbitzuak eskaintzen dituzten bestelako langileak alboratuz eta horrek ezinezko bihurtzen du euskararen normalizazioa ikastetxeetan erdal elebakarrak zuzenean eragiten duelako hizkuntza ohituretan.

Langileria horren prestakuntza oinarrizkoa da. Garbi izan behar dugu bestalde, prestakuntza hori ez dela hizkuntza prestakuntza soilik, bertako kulturan errotutakoa behar du horrek duen funtzio motibatzailearengatik, besteak beste.

Langile berri guztiak euskaldunak eta gutxienez elebidunak izatea da behar dugun sarrera baldintza, merituzkoa behar du izan hala ere, eleaniztasuna. Belaunaldi berriak euskaldunduko dituen profesional taldeak euskara ezagutu behar du, euskal kultura ezagutu behar du eta eleaniztasunaren baloreak zabaldu behar ditu ilusioz eta gogoz.

Arestikoarengatik guztiz ulergarria da Magisteritza Eskoletan irakasle euskaldunak formatzea. Gau egun, oraindik ere, Magisteritza eskoletatik profesional ez euskaldunak formatzea ulertzen ez den zerbait izateaz aparte arrazoirik gabeko diru xahuketa da. Izan ere, behin sisteman sartu ondoren Administrazioek hartu behar badute haien gain profesional horiek euskalduntzeko diru zama baliabide horiek ezin izango dira inbertitu zerbitzuaren kalitatean eragiten duten beste arlo batzuetan, ratioaren jaitsieran esate baterako.

Ratio jaitsiera eman beharreko zerbait da emaitzak hobetu nahi baditugu, bereziki euskararen egoera ahula den inguruetan kokatuta dauden ikastetxeen kasuan.

Euskara ezagutzen ez duten irakasleen kasuan irteera egokia bilatzeko administrazioa eta sindikatuen arteko akordio bidea da jorratu beharrekoa. Izan ere, garbi ikusten dugu langileon eskubideek ez dutela oztopo izan behar gure gazteek euskaldun izatearen helburua lortzeko bidean, baina era berean, lan eskubideak izan badituzte eta ondorioz, sindikatu eta Administrazioei dagokie irtenbidea bilatzea. Eskola ez dago irakasleen zerbitzura eskolaren xedea ikasleak eta euren eskubideak dira.

Langileria egonkorra behar da ikastetxeetan, horretarako behin behinekotasun indizeak murriztu behar dira ahal den guztia. Era berean, bertako hezkuntza proiektuak sortu behar ditu ikastetxeak inguru hurbilari lotua. Berebiziko garrantzia du, esate baterako, lekuan lekuko hizkuntza eredua erabiltzea eta hori bakarrik berma dezakete inguruan ongi errotutako eta finkoak diren irakasleek eta profesional zerbitzu-emaileek. Ikastetxeek nolabaiteko autonomia behar dute langileen perfilak aukeratzeko arestian aipatutakoa errealitate bihurtzeko.

Hizkuntza laguntzaileen figuraren sortzea garrantzitsutzat jotzen dugu. Hauen zeregin nagusia euskaldundu gabeko ikasleei eskola sarreran laguntzea izango da.

Hizkuntza Normalkuntza teknikarien lanaren birdefinizioa eta haien zereginaren indartzea jorratu beharreko beste bide bat da.

Gurasoei dagokienez
Gurasoen zeregina ikas-prozesuan eta eskolaren zereginean, oro har ezin dugu ahaztu. Gurasoek euskararen ezagutza eta erabileraren aurrean duten konpromisoa areagotzeko bideak jarri behar ditu Administrazioak eta eskolak berak. Gurasoak dira gazteentzat eredu nabarmena eta begi bistakoa da haiek hartzen dituzten jarrerak ereduak direla onerako zein txarrerako eta hizkuntza ohituretan eragiten dutela. Beraz, hizkuntza politika egoki batek aukerak eskaini behar dizkie gurasoei euskara ikasteko eta eskolak euskararen erabilera erraztu behar du.

Ikasleei dagokienez
Errespetuz hartuak eta artatuak izango dira, goxotasunez, etxetik dakarten ama hizkuntza edozein delarik ere, hizkuntza horren balioa eta ekarpena adieraziz, hizkuntzak duen atxikimendu afektiboa kontutan hartu beharra dago eta euskaran murgildurik ariko dira hasiera-hasieratik. Taldekatze motak aukeratzerakoan ikastetxe bakoitzak autonomia izan behar du. Honek ez du suposatuko taldekatze horren arabera, eskola desberdinak sortuko direnik, ez dugu nahi berriro ere ikasleak hizkuntza dela eta bereiztea. Hala ere, ama hizkuntza euskara dutenak batera jartzeak dakartzan onurak kontuan hartzea egokia litzateke.

Etorkinen kasuan, aurre egin beharreko erronka soziala dugu hau. Hauek ere, Euskal Herrian bizi direnez, euskal herritar gisa eskubide eta betebehar berberak dituzte. Behingoz, mota honetako erronkari erantzun egokia eman nahian erantzukizun kolektiboa proposatzen da, bai bitartekoen eskaintzan eta baita erantzunaren banaketan ere. Erreformak balio du bai etorkinentzat bai euskara ikasi behar duten bertakoentzat ere. Edozein kasutan etorkin talde nagusiei erantzunez eta denborak eta akulturazioak eragiten duten kalteak murrizteko helburuz, haien ama hizkuntza ere kontuan hartu beharrekoa da.

Ebaluaketa
Ikaskuntza prozesuan zehar, ziklo bakoitzaren bukaeran, hizkuntzaren garapenak ebaluatua izan behar du. Ebaluaketa hau, orain arte norbanakoarena izan bada ere taldearena ere izatea beharrezkoa da. Taldeari ere ezarri beharko zaizkio indartze neurri horiek emaitzek horrela adierazten badute eta ezarritako helburuetatik urruntzen ari bada neurtutako talde hori. Indartze neurriak desberdinak izan daitezke hona adibide batzuk: 6. ordu lektiboaren ezarketa, gelaren bikoizketa, ikasle ratioaren jaitsiera...

Nolanahi ere, sistema maiztasunez ebaluatzeko neurriak eta bitartekoak aurreikusi behar ditugu. Ebaluazio jarraia da, dudarik gabe, egokiena aukerak eskaintzen dituelako neurri pertsonalizatuak lantzeko bai norbanakoaren aurrean bai eta taldearen aurrean ere.

Ikasmaterialak ere ebaluatu behar dira, mota guztietakoak, idatzizkoak, ikus-entzunezkoak eta teknologia berriekin zerikusia duten bestelakoak ere. Materialek hizkuntza-eredu egokiak eskaini behar dituzte eta horiek ebaluatzeko lan taldea sortzea ezinbestekoa izango da.

Ikastetxeak
Eskoletako egoera berri honi aurre egiteko beharrezko izango ditugu baliabide material eta pedagogiko berriak baita moldatzen aldi bat ere. Beharrezko erreformak ezin du sine die luzatu. Gure ustez, 5 urteko epea nahikoa da ikastetxeak erreformaren eskakizunen barruan jokatzen hasteko. Bestalde, hainbat lan tekniko osagarri abiatu behar dira jadanik ziurtasun handiagoz aritzeko. Hona hemen hainbat:

Kultura eta hizkuntza txertatuko dituen curriculuma Euskal Herri osoan aplikatzeko modukoa.
Bide pedagogiko berriak jorratu behar dira bereziki ahozkotasunaren lanketa indartuz eta hizkuntzaren erabilera bultzatuz.
Curriculumean txertatutako kultura eta hizkuntzaren uztarketa erraztuko duen materialgintza berria sortu behar da baliabide ugariak eskainiz zeregin honetara.
Eskolan eman beharreko aldaketen artean bereziki garrantzitsua da ikastetxe bakoitzak bere barnean normalizazio prozesua hastea, edota aurretik ezarria badu, azkartzea, teknikarien betebeharrari zor zaion garrantzia emanez
Eremu guztietan euskaraz bizitzeko aukera bermatuko du ikastetxeak, jolastordu, jangela garaietan eta eskolaz kanpoko ekintzetan ere.
Eskola komunitatearen adostasuna eta lankidetza ezinbestekoa da hezkuntza proiektua diseinatzeko eta garatzeko.
Inguruko gizartearekin eta gizarte eragileekin harremanetan jarriko da ikastetxea plan estrategiko baten gidaritzapean. Gizartean ikasleari euskaraz bizitzea posibilitatzeko lehen unetik lan egin behar da gizarte eragileekin: aisialdi taldeak, kultur ekintzak... Eskola gizarteko partaide izango da modu sistematikoan ingurune hurbilaren bizimodu sozial eta kulturalean.
Administrazioa
Era guztietako bitartekoak jartzea eta martxan jarritako normalizazioa etengabe ebaluatzea hezkuntzako etapa guztietan izango dira Administrazioaren zeregin nagusiak. Horiekin batera, corpus juridikoaren egokitzapena ere aipatu behar dugu tresna eraginkorra baita euskararen normalizazioaren zerbitzuan jarriz gero. Administrazioa eta herri eragileen artean elkarlan sendoa eta oparoa behar da emaitzak eskuratzeko, beraz, eskola osatzen duten mota guztietako mugimenduekin etengabeko harremana gauzatzeko bideak sortu behar ditu Administrazioak.

Berebiziko garrantzia hartzen du arlo honetan 0-3 zikloak eta horren euskarazko eskaintzak Euskal Herrian, izan ere, hizkuntzen ikaskuntzaz ari gara eta hasiera hasieratik murgiltzeak berebiziko garrantzia du derrigorrezko ikastaldia hasten den unean ikasleak egoki abia daitezen.

Lanbide Heziketa eta Unibertsitatea euskalduntzea ere estrategikoa bilakatzen da lan mundua euskalduntzerakoan. Beraz, epe labur laburrean egin behar den zerbait da eskaintzaren erabateko euskalduntzea.

Hizkuntza politika
Eskolaren ahalegina alferrik ez galtzeko ezinbestekoa da hizkuntza politika berri eta sendo batek neurri eraginkorrak hartzea. Gure ustez, horixe da gako nagusia ez bakarrik eskolak bere helburua erraztasun handiagoz lortzeko baizik eta, euskararen normalizazioa bera egoki garatzeko ere. Hizkuntza-politika horrek honako ezaugarri hauek izan behar ditu:

Toki Administraziotik Administrazio Nagusirainokoa.
Sektore eta Sail-artekoa.
Helburu eta epe zehatzak dituena.
Baliabidez ongi hornitua.
Norbanakoak eta espazioak euskalduntzeari begirakoa.
Hizkuntza eskubideen bermea eskainiko duena.
Euskal Herri osoan aplikatzeko modukoa.
Ikuspegi osoa duena.
Instituzioekin eta gizarte eragileekin (Euskalgintzarekin bereziki) egoki koordinatua.
Erabilera sozial normalizatua helburu duena.
Laburpen gisa
Bizikidetzan aurrera egiteko, herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko, hizkuntzen arteko desoreka nabarmena orekatzen joateko eta Euskal Herriko gizartea kohesionatzeko, esandako neurriak hartzea litzateke, gure ustez, egokiena:

Euskararen normalizazioak legearen babesa izan behar du. Derrigorrezko Hezkuntzak euskara erraztasunez erabiltzea bermatu behar du.
Euskararen egoera diglosikoaren eraginez lehentasunezko estatusa behar duenez irakas-hizkuntza EUSKARA izan behar du.
Hezkuntza Sistemara sartu behar duten langile guztiek euskara ezagutu behar dute.
Ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza normalizazio-plana garatu behar du. Ziklo amaiera bakoitzean egindako ebaluazioek bidea eman behar dute hizkuntzen trataeraren jarraipena egiteko eta helburua lortzeko hartu beharreko neurriak bideratzeko.
Egoera soziolinguistikoa eta psikolinguistikoa kontuan hartuz, ikastetxe bakoitzeko hezkuntza proiektuan euskarazko murgiltze osoa zehaztuko da.
Haur eskolek euskararen normalizazioan joka dezaketen paper garrantzitsua kontuan hartuz, ezinbestean indartu beharreko ildoa da.
Haur hezkuntzatik hasi, eta urtez urte, modu planifikatuan, euskara ezagutzen duten hezitzaileak ziurtatzen joan behar da.
Unibertsitatean eta Lanbide Heziketan eskaintza osorik euskaldundu behar da. Lantegietara hizkuntza aldetik ere ongi prestatuak joan daitezen.
Hezitzaileen prestakuntzan hizkuntzak eta kulturak batera joan behar dute, hizkuntza ez baita hitz huts batzuen transmisioa. Kolektibitateak, balioek, sentimenduek, identitateak eta abarrek garrantzia handia dute.
Materialgintza euskal curriculumaren normalizaziora egokitzen joan beharra dago. Horretarako bitarteko egokiak zehazten joan behar da.
Hezkuntza proiektua inguru hurbilarekin harreman zuzenean egin behar da. Udalekin eta herriko elkartekin elkarlanean aritzeko euren hezkuntza eta hizkuntza proiektuak egokituz.
Behar bereziei erantzuteak hezkuntza zentro guztien arteko elkarlana eskatzen du. Ildo horretan, administrazioei hezkuntza komunitatearekin elkarlanean hezkuntza eskubideak errespetatuko dituen antolaketa bideratzea dagokie.
Erreformak behar duen inbertsioa aldez aurretik zehaztu behar da.
_____________________________

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak 2006ko azaroaren 23 eta 24an Donostian burutu dituen Ikasle guztiak euskaldundu: nola? jardunaldietan aurkezturiko txostena duzu honako hau.

http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1164624878