viernes, enero 12, 2007

Etorkinak eta borondate ona



Lehen Hezkuntzan D ereduan sartzen diren etorkinei behar bezala lagunduz gero euskaraz ondo ikasi eta maiz aurrera egiten dute Bigarren Hezkuntzan. Etorkinak berez ez du arazorik euskaraz ikasteko. Gertu izaten da edozer ikasteko, oso jarrera zabala izaten du.
Aldiz, bertoko ikasle-irakasleak maiz apoltronatuegi gaude, esne mamitan bizi izan gara eta ez dugu ikasteko aukera merezi legez baloratzen, ez dugu eguneroko bizitza kordokatua, mehatxatua eta arrakalatua sentitu.
Etorkin askok sorterriko ikastetxea suntsitua du, bere adinkideak iskilua eman eta gerrara behartzen dituzte. Eta garbi dute: aukeran nahiago eskola gerra baino. Euskara ikasi behar izan arren.
Euskaraz ikasteari dagokionez benetako arazoa euskararen aurkako aurreiritzi politikoak dituzten gurasoen seme-alabek sortzen dute eta horrelakoak gehiago dira bertokoak etorkinak baino.
Bestalde, ez du ematen Euskal Herria bereziki xenofoboa denik. Baina bai neurri batean txirofobo. Bill Gates, Armando Ortega edo Ronaldinho ondo hartuko genituzke, baina diru-laguntza behar duena ez zaigu horrenbeste gustatzen.
Gure ikastetxean etorkinen integrazioa nahiko ondo doa. Kopuruak ere zentzuzkoak dira: 350 bertoko, 10 etorkin. Badugu ikasle errumaniar bat, Elena Luminita Tanase, zuzendaritzaren eta ez euskaraz ez espainolez ez dakiten guraso errumaniarren artean itzultzaile lanak egiten dituena. Errumaniera-euskara, euskara-errumaniera.
Dena den, arazoak izan ditugu. Bai baitira nolabait esateko berezko etorkinak. Baina beste batzuk irudi luke CESIDak edo CNIk gure gizartea oraindik gehiago desegituratzeko erabiltzen dituztela.
Bermeon orain ez dugu D eredua baino. Duela bizpahiru urte bazen B eredua, eta Etika euskaraz eman behar zen. Han baziren euskaraz zekitenak, tutik ere ez zekitenak eta ez euskaraz ez gaztelaniaz ez zekien australiar bat. Neska hori Bermeora bidali zuten... espainolez ikastera! Con lo ancha que es Castilla. Eta B ereduan sartu. Ikasturte osoan izan genuen B ereduan espainolez ikasten.
Benetan erabakigarria da gaur egungo jarrerak sendo finkatzea etorkizunari begira. Gero eta etorkin gehiago iritsiko zaizkigu. Karrikan ez dute euskaraz ikasiko. Eskolan badute aukera. Ez dago ordea erantzukizun osoa irakasleen borondate onaren esku uzterik.
Gure ikastetxean lanik astunena irakasle batek egiten du gratis et amore, ordutegitik at, bihotzak eta etikak bultzatuta, Xabier Santamaria-Amurriok. Zenbat buruhauste, zenbat telefono, zenbat bilera! Eta gero gainera funtzionarioen alferkeriaz sarkasmoak jasan behar!
Jaurlaritzak dirudienez espero du irakasleok santutasunaren bideari ekingo diogula, irakasleon borondate onaren bizkar utzi bide du konponbidearen funtsa. Eta egia da makina bat dabilela arabierazko, errumanierazko eta portugesezko Assimil-ak erosten eta ikasten, bere dirutik eta bere aisialdian.
Baina hori oso hauskorra da. Eusko Jaurlaritzak ahalegin berezia egin beharko luke etorkinak ganoraz euskalduntzeko baliabideak zaintzeko orduan. Alegia, dirua behar da. Zeregin handia dago eta aski baliabiderik ez. Hezkuntza Saila galduta bezala dabil, arazoari ez dio benetan duen garrantzia aitortzen, ez du nahiko laguntzarik ematen. Gurean laguntzarako astean 9 ordu baino ez dugu lortu, asko kostarik gainera, gogor negoziatu ostean. Oso gutxi da halere.
Hezkuntza Sailean inprobisazio handia nabari da, ez dago etorkinei behar bezalako harrera egiteko azpiegitura sendorik.
Edonola ere, ez da ahaztu behar eskolak bakarrik ezin duela hizkuntzaren ezagutza sakona bermatu. Berebiziko garrantzia dute orobat etxeak, lagunarteak, inguruak, hedabideek. ISEI-IVEI-k DBHko laugarren mailan, 15-16 urte, proba bat egin du euskararen ezagutza neurtzeko. A ereduak ez duela inor euskalduntzen egiaztatu du. Bagenekien. Baina B eta D ereduek ere ez dute euskararen ezagutza bermatzen: horien artean ehuneko 60, eskolan txikitatik B eta D eredu euskaldunetan ikasi ondoren, ez dira euskaraz moldatzeko gai.
(MARKOS ZAPIAIN AGIRRE irakaslea eta filosofoa da)
Nire maisua izan zen batxilergoako urte bietan, maisu bikaina hau.... horrela jarraitu Marcos!!!