sábado, enero 13, 2007

Euskara irakaskuntzan: balizko araubide aldaketari buruzko oharrak



Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak 2006ko azaroaren 23 eta 24an Donostian burutu dituen Ikasle guztiak euskaldundu: nola? jardunaldietan aurkezturiko azterketa juridiko-administratiboa dijoakizue jarraian.


1.- Hezkuntza- eta hizkuntza- ez normalizatuen arteko harremana, norabide bitakoa da. Batetik, hezkuntza-, hizkuntza-eskubideen objektu da eta, bestetik, hezkuntza-sistemaren bitartez hizkuntza-eskubideak (erabilera eta ezagutza eskubideak) eraginkor bihurtuko dira.

2.- Hezkuntza-sistema herriaren gizarte garapenari lotuta egon behar da. Hezkuntza-sistemak transformatzailea izan behar du, integratzailea eta berdintasunaren bermatzailea. Euskara hizkuntza propiotzat duen lurralde anitz honetan, hezkuntzari lotutako hiru printzipio horiek karga linguistikoa hartzen dute. Hizkuntza gutxitu eta ez normalizatuen kasuan, hezkuntzak hizkuntza-transformazioari bide eman behar dio, hezkuntzaren bitartez gizartearen hizkuntza-integrazioa gauzatu behar da eta, hizkuntzen arteko desorekak orekatzeko baliagarria izan behar du.

3.- Euskara eta hezkuntzaren arteko harremanaren barnera murgiltzerakoan, parametro konfiguratzaile nagusietatik abiatu behar dugu, legegilea ez baita erabat aske irakaskuntzako hizkuntza-sistema ezartzeko.

Batetik, euskararen estatusak hezkuntza arloko eragin juridikoak sortuko ditu,
eta bestetik, hezkuntza-eskubidearen hizkuntza-edukiak legegilea mugatuko du irakaskuntza sistema konfiguratzerakoan.
Bi aurpegi horiek ardatz hartuta abia gaitezen balizko marko aldakuntza baten mugak definitzearen bila.

4.- Juridikoki nola baldintzatzen du euskararen ofizialtasunak hezkuntza-sistema?

5.- Ofizialtasun bikoitzak zera dakar: bi hizkuntzei estatus juridiko bera aitortzea. Baina hizkuntzen arteko berdintasun juridiko formala ez dator bat hizkuntzen egoera errealarekin. Euskara eta gaztelaniaren egoera ez da berdina, egoera desorekatua da arrazoi politiko eta historikoetan oinarri duelarik. Ofizialtasun bikoitzak helburu berdintzailea izan behar du ardatz, botere publikoei jarduera sustatzailea burutzera bultzatuz. Hori da, hain zuzen ere, normalkuntza-prozesua. Ofizialtasun bikoitzaren aitorpen juridikoa ez da, beraz, jarduera estatikoa, aitorpen hutsarekin agortzen dena. Ofizialtasun bikoitzak normalizazio-prozesua abian jartzea eskatzen du. Berdintasun juridikoak dimentsio substantziala hartzen du, desorekak gainditzeari zuzendua. Normalkuntza-eskumenak Erkidegoari dagozkion eskumenak dira, beraz eskumenen aldetik habilitatua dago bere irakaskuntza sistemaren hizkuntza-eredua arautu eta ezartzeko.

6.- Ofizialtasun bikoitzaren oinarria ez da hizkuntzen arteko (edo hizkuntza-komunitateen arteko) elkarbizitza soila. Ofizialtasun bikoitza ez da oinarritzen askatasun hutsetan, betebehar publikoak ere sortzen ditu. Horrek bi ondorio azpimarratzera eraman gaitu:

a- Norbanakoen ikuspegitik, ofizialtasun bikoitzak ez du babesten hizkuntza ofizialetatik bat bakarra ezagutzeko eskubiderik. Euskara ikastea ez dago norbanakoen esku. Norbanakoek ezin baldintza dezakete hizkuntzen ofizialtasunari lotzen zaion eragin juridiko hori. Hizkuntzen estatus instituzionalak eskatuta, ikasle guztiei bermatu behar zaie bi hizkuntza ofizialen ezagutza.
b- Botere publikoek, irakaskuntza sistemaren bitartez, bi hizkuntza ofizialen ezagutza eraginkorra bermatu behar dute. Ofizialtasuna eta hezkuntzaren arteko harreman juridikoak ezaugarri berdinak ditu euskara eta gazteleraren kasuan. Irakaskuntza sistemak helburu berdinak bermatu beharko ditu, beraz, bi kasuotan.
7.- Ofizialtasunak sortzen dituen hezkuntza-eraginak ez dira agortzen hizkuntza ofiziala curriculumean integratzearekin. Ofizialtasunaren "berme instituzionala" helburuak bermatzeari zuzentzen zaio. Ofizialtasunak helburuak ezartzen ditu, irakaskuntza sistema bitartekoa izanik. Irakaskuntza sistema (edo hizkuntza-ereduetatik bat aukeratzeko askatasunak) ez du euskararen ofizialtasunaren eraginak mugatzerik. Irakaskuntza sistemak hizkuntza ofizialen ezagutza bermatu behar du.

8.- Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentzia oso argia da horretan. Auzitegiak dioenari jarraiki:


el Gobierno vasco hace particular hincapié en el hecho de la cooficialidad del castellano y el euskera; en efecto, todos los habitantes de Euskadi tienen derecho a conocer y usar ambas lenguas. Ello supone naturalmente que ambas lenguas han de ser enseñadas en los centros escolares con la intensidad que permita alcanzar ese objetivo. Y es de observar en ese mismo sentido que tal deber no deriva solo del Estatuto sino de la misma Constitución (AKE 87/1983, urriaren 27koa, 5 ZO eta 88/1983, data berekoa 4 ZO)

9.- Irakaskuntza-sistema tresna edo lanabes gisa hartzen da hizkuntza ofizialtasunaren eraginak bermatzeari begira. Auzitegi Konstituzionalak honakoa adierazi zuen ondoren:


De estos preceptos resulta claro que el estado en su conjunto (incluidas las Comunidades Autónomas) tienen el deber constitucional de asegurar el conocimiento tanto del castellano como de las lenguas propias de aquellas .. Una regulación de los horarios mínimos que no permita una enseñanza eficaz de ambas lenguas en esa Comunidad incumpliría el artículo 3 de la Constitución (AKE 87/1983 5 ZO eta 88/1983, 4 ZO)

10.- Hizkuntza ofizialen ezagutza, helburu bezala hartzen da, ofizialtasun bikoitzari lotutako helburu gisa alegia. Horrek Estatua eta Autonomi Erkidegoaren arteko eskumen banaketari eragiten dio. Hezkuntza- arloa eskumen konpartitua bada ere, Estatuak ez du arloa arautzerik euskararen irakaskuntza eraginkorra kaltetuz.

11.- Hamar urte beranduago, Auzitegi Konstituzionalak ideia berri bat gehitu zion eskema orokor horri, zehatz lotuz hizkuntza ofizialaren presentzia behikularra eta ofizialtasunaren hezkuntza- eraginak.


"A esa finalidad de garantía del suficiente conocimiento y uso correcto de ambas lenguas han de dirigirse las actuaciones de los poderes públicos competentes en materia de educación .. que les corresponde determinar el aprendizaje de una y otra lengua .. y, en lo que aquí especialmente importa, su empleo como vehículo de comunicación entre profesores y estudiantes, de forma que quede garantizado su efectivo conocimiento .."

12.- Eta aurrerago,


De manera que las decisiones de los poderes públicos relativas a la enseñanza en una lengua determinada han de considerarse en estrecha conexión con las medidas de política lingüística encaminadas a asegurar el conocimiento de esa lengua (AKE 337/1994, abenduaren 23koa, 10 ZO)

13.- Era horretan, ofizialtasuna eta hezkuntzaren arteko harremanaren hiru ezaugarriak formulaturik agertzen zaizkigu:

a) Lehen ezaugarria: Ofizialtasunaren estatusak hezkuntza- arloan eragin juridiko zuzenak sortzen ditu. Irakaskuntza sistemak hizkuntza ofizialaren ezagutza bermatu behar du. Ofizialtasunak ezagutza helburuak ezartzen ditu. Euskara ikasteko eta ikasketaren bitartez euskara ezagutzeko beharra, ofizialtasunaren ondorioa da.
Aldiz, irakaskuntzako hizkuntza- sistema bitartekoa da, izaera instrumental hutsa du. Sistemak bi hizkuntza ofizialak ezagutzeko eskubide / betebeharra bermatu behar du, era eraginkorrez bermatu ere. Beste modu batez adierazita, hizkuntza- askatasunean oinarritzen den hezkuntza- sistemak ez du euskararen estatus instituzionala baldintzatzerik.

b) Bigarren ezaugarria: Ofizialtasunaren bermeak hezkuntza- arloko eskumen banaketari eragiten dio. Hezkuntza, eskumen konpartitua izan arren, ezaugarri bereziak agertzen ditu hizkuntza ofizialen irakaskuntzari dagokionez. Horrek hiru isla ditu:
Estatuaren esku hartzea mugatua da, ez baitu euskararen ofizialtasuna arautzerik, ezta mugatzerik ere.
Erkidegoari dagokio bere hizkuntza- sistema arautzea hezkuntza- arloan. Aurrerago ikusiko dugunez, sistema desberdinak izan daitezke.
Irakaskuntzak bermatu behar duen ezagutza maila, ofizialtasunaren kontzeptuari lotuta dago. Legegileak ez du hura mugatzerik.
c) Hirugarren ezaugarria: Ofizialtasunari lotzen zaizkion ezagutza-helburuak hizkuntzen erabilera behikularraren neurria ezarriko du. Hizkuntza ofizialen ezagutza bermatzeari begira beharrezkoa gerta daiteke hizkuntza- erabilera kurrikular zehatza. Euskararen erabilera kurrikularrak, euskararen ezagutza bermatzeko heinekoa izan behar du.
14.- Hiru parametro edo ezaugarri horiek bistatik galdu gabe, jauzi bat egingo dugu, hizkuntza- sistema teorikoei buruzko jurisprudentzia aztertzeko.

15.- Autonomia Erkidegoei dagokie irakaskuntzako hizkuntza- sistema ezartzea. Ahalmen horren oinarri juridikoa, hizkuntza- normalkuntzari buruzko eskumenetan aurkitzen da. Eskumen horretaz baliatuz bi sistema desberdin ezarri dira:

Batetik, banaketa-sistema edo hizkuntza-ereduen sistema dago. Sistema hau hizkuntza aukeratzeko eskubidean oinarritzen da. Banaketa-sistema EAEn aplikatzen da, baita ere, modu partzial batean, Nafarroan eta Valentzian. Sistema honek ikasleak ikasgela desberdinetan banatzen ditu, "segregatzen" ditu, bakoitzaren hizkuntza- aukeraketaren arabera.
Bestetik, konjunzio-sistema edo eredu bakarraren sistema dago. Sistema honetan, haur hezkuntzaz gora ikasleak ez dira banatzen, denak ikasgela berdinetan aritzen dira. Kasu honetan hizkuntza biak irakaskuntza-hizkuntza bihurtzen dira. Sistema Katalunian eta Galizian aplikatzen da.
16.- Auzitegi Konstituzionalak baieztatu duenari jarraiki, Konstituzioak ez du eredu elebidun zehatzik inposatzen. Irakaskuntza-hizkuntza- aukeratzeko eskubidea, legez ezar daiteken aukera bat baino ez da. Hizkuntza- askatasunean oinarritzen den sistema, ezar daitezkeen ereduetatik bat da. Hizkuntza-eredu bakarra (Kataluniako konjunzio sistema), beste aukera bat da.

17.- Hizkuntza-arloa askatasun gisa hartzen badugu, banaketa-sistemak, teorian, ez du arazo konstituzionalik sortzen. Konjunzio sistemak, aldiz, hizkuntza-askatasunak mugatzen ditu, ikasleek edo gurasoek ez baitute hizkuntza ofizialen artean aukeratzerik. Hori horrela izanik, Auzitegi Konstituzionalak hizkuntza-askatasunari ezartzen zaion mugapenaren zilegitasuna aztertu zuen, honakoa adieraziz:


"este modelo de conjunción lingüística que inspira la ley de normalización lingüística del Parlamento de Cataluña, es constitucionalmente legítimo en cuanto responde a un propósito de integración y cohesión social en la Comunidad Autónoma" (AKE 337/1994, 10 ZO)

18.- Integrazioaren printzipioak zilegi bihurtzen du legegilearen aukera hori. Azpimarratu behar da hizkuntza-integrazioaren printzipioak babesa ematen diola hizkuntza-askatasunaren mugaketari. Hezkuntzaren helburua belaunaldi berriak gizartean aritzeko prestakuntza eskaintzea da. Gizartearen hizkuntza-ezaugarrietara egokitzeko prestakuntza eskaintzea, alegia. Hizkuntza ez normalizatuen kasuan, hezkuntza-sistemak helburu transformatzailea izan behar du, neurri berean hizkuntza- desberdintasunen orekatzailea bihurtu behar du. Irakaskuntza sistemak ikasleei bere lurraldeko hizkuntza propioan aritzeko prestaketa bermatu behar die. Kontaktuan dauden hizkuntzak ikastea, gizarteratze egokirako baldintza da.

19.- Konjunzio-sistema zilegi izanik, sistema hau eta banaketa-sistema, muga berdinen menpe geratzen dira. Zein da muga hori? hizkuntza ofizial bien ezagutza bermatzea. Baina helburu horrek ez du esan nahi hizkuntza-erabilera orekatua eskatzen denik. Hizkuntza ofizial bien ezagutza, sistemaren emaitza izan behar da, beraz hizkuntzen erabilera kurrikularraren neurria, ezagutza bermatzeko heinekoa izan beharko da. Ezagutzaren bermea, eskola-erabileraren neurria izango da.

20.- Edozelan ikaslearen giza nortasunaren garapenak badu hizkuntza-aurpegirik ere. Horri lotuz, honakoa baieztatu zuen Auzitegi Konstituzionalak:


"al determinar la utilización de la lengua propia como lengua docente, los poderes públicos deben ponderar aquella finalidad (la garantía del conocimiento) atendiendo tanto al proceso de formación de la personalidad de los estudiantes .. como a la progresividad inherente a la aplicación de dicha medida" (AKE 337/1994, 11 ZO)

21.- Hezkuntza- eskubidearen oinarria bere helburuetan datza. Konstituzioaren 27.2 artikuluaren arabera "hezkuntzaren objektua giza nortasunaren garapen osoa" da. Jurisprudentziari jarraiki artikuluak ez dio ikasleari bermatzen bere ama hizkuntzan hezituta izateko eskubiderik. Ikaslearen giza nortasunaren garapenaren bermeak muga materialak dakarzki, baina bereziki muga pedagogikoak. Giza nortasunaren garapenak pedagogia teknika egokiak abian jartzea eskatzen ditu. Hori da, hain zuzen ere, Auzitegi Konstituzionalak konjunzio sistemari ezarri dion muga. Batetik, hizkuntza ofizial bien ezagutza bermatzea eta, bestetik, hezkuntza- eskubidearen hizkuntza-edukia bermatzea. Auzitegiaren aburuz, hezkuntza- eskubidearen hizkuntza-edukia, eduki mugatua da. Bere jurisprudentziaren arabera, hezkuntza- eskubidea ez da kaltetzen irakaskuntza, hizkuntza ulergarri batez jasotzen bada. Beraz, hizkuntza oztopo ez denean eduki dozenteak transmititzeko hezkuntza- eskubidea ez da kaltetzen. Aldiz, hizkuntza arrazoi dela, transmisiorik gertatzen ez bada, hezkuntza- eskubidea kaltetzen da.

22.- Hezkuntzaren helburua ikasleon nortasunaren garapena izanik, euskara hizkuntza propiotzat duen lurraldeko irakaskuntza sistemak, euskararen ezagutzari bide eman behar dio. Hari horri jarraiki, esan daiteke ikasleon nortasunaren garapenak perspektiba kolektibo edo sozializatzailerik baduela. Euskal Herriko gizarte testuinguruan, ikasleei bermatu behar zaie bertako hizkuntza propioaren ezagutza. Ondorioz, hezkuntza- eskubidearen eduki linguistikoa mugatua izan arren, hizkuntza propioaren kontzeptuak hizkuntza-edukiez bete behar du irakaskuntza prozesua.

23.- EAEan irakaskuntzako hizkuntza-sistema hizkuntza-askatasunean oinarritzen da. Eskubide hori "legeak" aitortutako eskubidea da, baina ez da ezar daitekeen sistema bakarra. EAEko sistemak ikasleak banatzen ditu hizkuntza- aukeraketaren arabera. EAEko hezkuntza- sistemari begira jarrita, erreflexiorako gaia bihurtzen da hizkuntza-ereduetan oinarritzen den sistema eta euskararen ofizialtasunaren arteko bateragarritasuna. Ereduen sistema (banaketa-sistema), ez da sistema egokia euskararen ofizialtasunari lotzen zaizkion hezkuntza-eraginak bermatzeko. Gaur egun hainbat txosten tekniko ditugu eskuartean, Hezkuntza Sailak bultzatutakoak, Euskadiko Eskola Kontseiluak landutakoak, doktorego tesiak, bestelako ikerketak... Horiek bi gauza erakusten dizkigute:

Batetik, ereduen sistemak ez duela ikasleon euskalduntzea kasu guztietan bermatzen. Derrigorrezko hezkuntza bukatzen duten hainbat ikaslek ez dute euskara maila egokirik agertzen, bereziki A ereduaz baliatuz hezkuntza jaso dutenek.
Bestetik, ikasleon euskara ezagutza mailak ereduekin lotura estua izanik, beste hainbat faktorek ere eragina dute horretan; adibidez, kontextu soziolinguistikoa, familia eta lagunen hizkuntza- praktikak, hizkuntzekiko jarrerak, e.a.
24.- Sistema bera ez zaio euskararen ofizialtasunari egokitzen, ezta hizkuntza- integrazio printzipioari ere. Gerta ezin daitekeena da, hezkuntza- sistemaren eraginez bi hizkuntza-komunitate identifikatzea, euskalduna eta euskararik ez dakiena, bien artean hizkuntza-hesi bat ezarriz. Hezkuntza- sistemaren izaera integratzailea, nabarmenagoa eta eraginkorragoa bihurtu behar da. Hori banaketa-sistema gainditzearen bidetik lor daiteke.

25.- Banaketa-sistemak lege oinarria du. Euskararen Normalkuntza Legea eta Eskola Publikoari buruzko Legeak, indar desberdinez bada ere, banaketa-sistemaren oinarri juridikoak ezarri dituzte. Hizkuntza-ereduen artikulazio juridikoa Erregelamenduz ezarri den arren, legeak hizkuntza dozentea aukeratzeko eskubidea aitortu du (15.1 ENL eta 12.1 EPL). Eskubidea legez aitortu den neurrian, Administrazioa behartuta dago euskarazko eta gaztelerazko irakaskuntza eskaintzera. Eskola Publikoari buruzko Legeak hizkuntza-eredu klasikoak mantentzen ditu formalki, baina Jaurlaritzaren aldeko bidalketa jaso du, hizkuntza-ereduak birdefinitu ditzan (20.1 art). Legeko 10. Xedapen Gehigarriak, A, B eta D ereduak aipatu ditu.

26.- Indarreko araubideari begira, bi ondorio azpimarra daitezke:

a- Eredu bakarra ezartzeko lege-aldaketa behar da, hizkuntza aukeratzeko eskubidea lege bidez aitortu delako.
b- Eskola Publikoari buruzko Legeak indarrean ditugun ereduak aldatzearen / moldatzearen aldeko norabidea agertzen du. Hori gauzatzeko Jaurlaritzaren aldeko bidalketa bat jaso da (ereduak Dekretuz arau ditzan). Horrek muga juridiko nagusi batekin topo egingo du beti, Legeak aitortutako hizkuntza aukeratzeko eskubidearekin. Hots, Dekretu bidez ez dago erabat hausterik edo desitxuratzerik legez aitortutako eskubidea (irakaskuntza hizkuntza aukeratzeko eskubidea alegia).

(KONTSEILUKO AHOLKU TALDE JURIDIKOA)

http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1164619178

Ikasle guztiak euskaldundu: nola? Azterketa operatiboa



Derrigorrezko Ikasketak bukatzean Euskal Herriko gazteak euskaldun eleaniztunak izatea litzateke eskolari ezarri nahi diogun hizkuntza helburu nagusia.


Hizkuntza helburuak
Derrigorrezko Ikasketak bukatzean Euskal Herriko gazteak euskaldun eleaniztunak izatea litzateke eskolari ezarri nahi diogun hizkuntza helburu nagusia. Hau da, Hegoaldean euskara eta gaztelania eta Iparraldean euskara eta frantsesa hizkuntzak erraztasunez erabiltzeko gai izatea. Gehi ikastetxe bakoitzak bere hezkuntza proiektuan txertatuko dituenak.

Horrela jokatzeko arrazoi nagusia, Eskolaren funtzio eraldatzailea, integratzailea eta berdintasunaren aldekoa bermatu nahian aurkitu behar dugu, baita hizkuntzari dagokionean ere. Euskaldun eleanitzak eta kulturanitzak hezi nahi eta behar ditugu.

Aipatutako helburua betetzeko jarraitu beharreko urratsak eta ildoak honako hauek dira:

Erreformari babesa emango dion legea behar da: lege berri baten beharra agerian gelditu da azterketa juridiko legalean, eskolako hizkuntza aukeratzeko askatasunaren aldarrikapen faltsuaren aurrean gure gazteek euskara ezagutzeko duten eskubidea kokatu behar dugu. Euskara ikastea ahalbidetzen ez duen bidea ez da hautatzeko ustezko eskubide aurkeztu behar. Eskolak euskaldun eleanitzak sortu behar ditu dagoeneko esan dugun bezala, beraz, horixe da hautu bakarra.
Euskal Herri osoan zabaldu behar da euskararen normalizazioak eskatzen duen hizkuntza estatusa, hau da, euskara berezkoa den neurrian ofiziala izango da, ezagutu beharrekoa eta bere egoera diglosikoaren eraginez lehentasunezkoa. Horrek euskararen ezagutza unibertsalera bultzatzen gaitu zuzenean. Ezagutza unibertsal horren definizioa osatu behar dugu: zer da hizkuntza bat jakitea? Erraztasunez jakitea? Hizkuntza bakoitzaren konpetentziak zehaztu behar dira. Guk Derrigorrezko eskolaldirako Euskal Curriculumean konpetentzia honen inguruan esaten dena ekarri nahi dugu gogora:

Gizarteko hainbat alorretako hitzezko eta idatzizko edozein testu behar bezala eta kritikoki ulertzea, eta irakurtzeko eta entzuteko gaitasuna helburu pertsonalei, sozialei edo akademikoei erantzuteko erabiltzea. Euskararen eta harremanetarako hizkuntzaren kasuan, ikasleek bere kasako erabiltzailearen (B2) maila lortu beharko dute; Europako beste hizkuntza baten kasuan, berriz, bere kasako erabiltzaile maila lortu beharko dute (B1); eta, Euskal Herriko harremanetarako beste hizkuntzaren kasuan, berriz, oinarrizko erabiltzaile maila. (DEEC-Hizkuntzak eta literatura.102.or)

Azken helburua bizitzako esparru guztietan hizkuntza bat erabiltzeko konpetentzia (ikasketak jarraitzerakoan, harremanak ezartzerakoan...) lortzea da.

Egoera hori lortze-bidean hurrengo ildo hauek proposatzen dira:

Lehentasunezko izaerari men eginez irakas-hizkuntza euskara izango da Euskal Herriko eskola, ikastola eta ikastetxe guztietan, hau da, euskaraz bizitzeko aukera bermatu behar da ikastetxeetan. Horrek arlo desberdinetan ondorioak izango ditu.
Langileriari dagokionez
Irakasleak, zerbitzuetako langileria (atezainak, jangelako langileak, garbitzaileak...). Denak hartu behar dira kontuan, eskola ematen dutenak eta zerbitzuak eskaintzen dituztenak, hain zuzen ere. Sistemak euskaraz lan egin behar du zeregin guztiak barne. Askotan arreta handia jarri dugu irakasleriaren prestakuntzaren arloan zerbitzuak eskaintzen dituzten bestelako langileak alboratuz eta horrek ezinezko bihurtzen du euskararen normalizazioa ikastetxeetan erdal elebakarrak zuzenean eragiten duelako hizkuntza ohituretan.

Langileria horren prestakuntza oinarrizkoa da. Garbi izan behar dugu bestalde, prestakuntza hori ez dela hizkuntza prestakuntza soilik, bertako kulturan errotutakoa behar du horrek duen funtzio motibatzailearengatik, besteak beste.

Langile berri guztiak euskaldunak eta gutxienez elebidunak izatea da behar dugun sarrera baldintza, merituzkoa behar du izan hala ere, eleaniztasuna. Belaunaldi berriak euskaldunduko dituen profesional taldeak euskara ezagutu behar du, euskal kultura ezagutu behar du eta eleaniztasunaren baloreak zabaldu behar ditu ilusioz eta gogoz.

Arestikoarengatik guztiz ulergarria da Magisteritza Eskoletan irakasle euskaldunak formatzea. Gau egun, oraindik ere, Magisteritza eskoletatik profesional ez euskaldunak formatzea ulertzen ez den zerbait izateaz aparte arrazoirik gabeko diru xahuketa da. Izan ere, behin sisteman sartu ondoren Administrazioek hartu behar badute haien gain profesional horiek euskalduntzeko diru zama baliabide horiek ezin izango dira inbertitu zerbitzuaren kalitatean eragiten duten beste arlo batzuetan, ratioaren jaitsieran esate baterako.

Ratio jaitsiera eman beharreko zerbait da emaitzak hobetu nahi baditugu, bereziki euskararen egoera ahula den inguruetan kokatuta dauden ikastetxeen kasuan.

Euskara ezagutzen ez duten irakasleen kasuan irteera egokia bilatzeko administrazioa eta sindikatuen arteko akordio bidea da jorratu beharrekoa. Izan ere, garbi ikusten dugu langileon eskubideek ez dutela oztopo izan behar gure gazteek euskaldun izatearen helburua lortzeko bidean, baina era berean, lan eskubideak izan badituzte eta ondorioz, sindikatu eta Administrazioei dagokie irtenbidea bilatzea. Eskola ez dago irakasleen zerbitzura eskolaren xedea ikasleak eta euren eskubideak dira.

Langileria egonkorra behar da ikastetxeetan, horretarako behin behinekotasun indizeak murriztu behar dira ahal den guztia. Era berean, bertako hezkuntza proiektuak sortu behar ditu ikastetxeak inguru hurbilari lotua. Berebiziko garrantzia du, esate baterako, lekuan lekuko hizkuntza eredua erabiltzea eta hori bakarrik berma dezakete inguruan ongi errotutako eta finkoak diren irakasleek eta profesional zerbitzu-emaileek. Ikastetxeek nolabaiteko autonomia behar dute langileen perfilak aukeratzeko arestian aipatutakoa errealitate bihurtzeko.

Hizkuntza laguntzaileen figuraren sortzea garrantzitsutzat jotzen dugu. Hauen zeregin nagusia euskaldundu gabeko ikasleei eskola sarreran laguntzea izango da.

Hizkuntza Normalkuntza teknikarien lanaren birdefinizioa eta haien zereginaren indartzea jorratu beharreko beste bide bat da.

Gurasoei dagokienez
Gurasoen zeregina ikas-prozesuan eta eskolaren zereginean, oro har ezin dugu ahaztu. Gurasoek euskararen ezagutza eta erabileraren aurrean duten konpromisoa areagotzeko bideak jarri behar ditu Administrazioak eta eskolak berak. Gurasoak dira gazteentzat eredu nabarmena eta begi bistakoa da haiek hartzen dituzten jarrerak ereduak direla onerako zein txarrerako eta hizkuntza ohituretan eragiten dutela. Beraz, hizkuntza politika egoki batek aukerak eskaini behar dizkie gurasoei euskara ikasteko eta eskolak euskararen erabilera erraztu behar du.

Ikasleei dagokienez
Errespetuz hartuak eta artatuak izango dira, goxotasunez, etxetik dakarten ama hizkuntza edozein delarik ere, hizkuntza horren balioa eta ekarpena adieraziz, hizkuntzak duen atxikimendu afektiboa kontutan hartu beharra dago eta euskaran murgildurik ariko dira hasiera-hasieratik. Taldekatze motak aukeratzerakoan ikastetxe bakoitzak autonomia izan behar du. Honek ez du suposatuko taldekatze horren arabera, eskola desberdinak sortuko direnik, ez dugu nahi berriro ere ikasleak hizkuntza dela eta bereiztea. Hala ere, ama hizkuntza euskara dutenak batera jartzeak dakartzan onurak kontuan hartzea egokia litzateke.

Etorkinen kasuan, aurre egin beharreko erronka soziala dugu hau. Hauek ere, Euskal Herrian bizi direnez, euskal herritar gisa eskubide eta betebehar berberak dituzte. Behingoz, mota honetako erronkari erantzun egokia eman nahian erantzukizun kolektiboa proposatzen da, bai bitartekoen eskaintzan eta baita erantzunaren banaketan ere. Erreformak balio du bai etorkinentzat bai euskara ikasi behar duten bertakoentzat ere. Edozein kasutan etorkin talde nagusiei erantzunez eta denborak eta akulturazioak eragiten duten kalteak murrizteko helburuz, haien ama hizkuntza ere kontuan hartu beharrekoa da.

Ebaluaketa
Ikaskuntza prozesuan zehar, ziklo bakoitzaren bukaeran, hizkuntzaren garapenak ebaluatua izan behar du. Ebaluaketa hau, orain arte norbanakoarena izan bada ere taldearena ere izatea beharrezkoa da. Taldeari ere ezarri beharko zaizkio indartze neurri horiek emaitzek horrela adierazten badute eta ezarritako helburuetatik urruntzen ari bada neurtutako talde hori. Indartze neurriak desberdinak izan daitezke hona adibide batzuk: 6. ordu lektiboaren ezarketa, gelaren bikoizketa, ikasle ratioaren jaitsiera...

Nolanahi ere, sistema maiztasunez ebaluatzeko neurriak eta bitartekoak aurreikusi behar ditugu. Ebaluazio jarraia da, dudarik gabe, egokiena aukerak eskaintzen dituelako neurri pertsonalizatuak lantzeko bai norbanakoaren aurrean bai eta taldearen aurrean ere.

Ikasmaterialak ere ebaluatu behar dira, mota guztietakoak, idatzizkoak, ikus-entzunezkoak eta teknologia berriekin zerikusia duten bestelakoak ere. Materialek hizkuntza-eredu egokiak eskaini behar dituzte eta horiek ebaluatzeko lan taldea sortzea ezinbestekoa izango da.

Ikastetxeak
Eskoletako egoera berri honi aurre egiteko beharrezko izango ditugu baliabide material eta pedagogiko berriak baita moldatzen aldi bat ere. Beharrezko erreformak ezin du sine die luzatu. Gure ustez, 5 urteko epea nahikoa da ikastetxeak erreformaren eskakizunen barruan jokatzen hasteko. Bestalde, hainbat lan tekniko osagarri abiatu behar dira jadanik ziurtasun handiagoz aritzeko. Hona hemen hainbat:

Kultura eta hizkuntza txertatuko dituen curriculuma Euskal Herri osoan aplikatzeko modukoa.
Bide pedagogiko berriak jorratu behar dira bereziki ahozkotasunaren lanketa indartuz eta hizkuntzaren erabilera bultzatuz.
Curriculumean txertatutako kultura eta hizkuntzaren uztarketa erraztuko duen materialgintza berria sortu behar da baliabide ugariak eskainiz zeregin honetara.
Eskolan eman beharreko aldaketen artean bereziki garrantzitsua da ikastetxe bakoitzak bere barnean normalizazio prozesua hastea, edota aurretik ezarria badu, azkartzea, teknikarien betebeharrari zor zaion garrantzia emanez
Eremu guztietan euskaraz bizitzeko aukera bermatuko du ikastetxeak, jolastordu, jangela garaietan eta eskolaz kanpoko ekintzetan ere.
Eskola komunitatearen adostasuna eta lankidetza ezinbestekoa da hezkuntza proiektua diseinatzeko eta garatzeko.
Inguruko gizartearekin eta gizarte eragileekin harremanetan jarriko da ikastetxea plan estrategiko baten gidaritzapean. Gizartean ikasleari euskaraz bizitzea posibilitatzeko lehen unetik lan egin behar da gizarte eragileekin: aisialdi taldeak, kultur ekintzak... Eskola gizarteko partaide izango da modu sistematikoan ingurune hurbilaren bizimodu sozial eta kulturalean.
Administrazioa
Era guztietako bitartekoak jartzea eta martxan jarritako normalizazioa etengabe ebaluatzea hezkuntzako etapa guztietan izango dira Administrazioaren zeregin nagusiak. Horiekin batera, corpus juridikoaren egokitzapena ere aipatu behar dugu tresna eraginkorra baita euskararen normalizazioaren zerbitzuan jarriz gero. Administrazioa eta herri eragileen artean elkarlan sendoa eta oparoa behar da emaitzak eskuratzeko, beraz, eskola osatzen duten mota guztietako mugimenduekin etengabeko harremana gauzatzeko bideak sortu behar ditu Administrazioak.

Berebiziko garrantzia hartzen du arlo honetan 0-3 zikloak eta horren euskarazko eskaintzak Euskal Herrian, izan ere, hizkuntzen ikaskuntzaz ari gara eta hasiera hasieratik murgiltzeak berebiziko garrantzia du derrigorrezko ikastaldia hasten den unean ikasleak egoki abia daitezen.

Lanbide Heziketa eta Unibertsitatea euskalduntzea ere estrategikoa bilakatzen da lan mundua euskalduntzerakoan. Beraz, epe labur laburrean egin behar den zerbait da eskaintzaren erabateko euskalduntzea.

Hizkuntza politika
Eskolaren ahalegina alferrik ez galtzeko ezinbestekoa da hizkuntza politika berri eta sendo batek neurri eraginkorrak hartzea. Gure ustez, horixe da gako nagusia ez bakarrik eskolak bere helburua erraztasun handiagoz lortzeko baizik eta, euskararen normalizazioa bera egoki garatzeko ere. Hizkuntza-politika horrek honako ezaugarri hauek izan behar ditu:

Toki Administraziotik Administrazio Nagusirainokoa.
Sektore eta Sail-artekoa.
Helburu eta epe zehatzak dituena.
Baliabidez ongi hornitua.
Norbanakoak eta espazioak euskalduntzeari begirakoa.
Hizkuntza eskubideen bermea eskainiko duena.
Euskal Herri osoan aplikatzeko modukoa.
Ikuspegi osoa duena.
Instituzioekin eta gizarte eragileekin (Euskalgintzarekin bereziki) egoki koordinatua.
Erabilera sozial normalizatua helburu duena.
Laburpen gisa
Bizikidetzan aurrera egiteko, herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko, hizkuntzen arteko desoreka nabarmena orekatzen joateko eta Euskal Herriko gizartea kohesionatzeko, esandako neurriak hartzea litzateke, gure ustez, egokiena:

Euskararen normalizazioak legearen babesa izan behar du. Derrigorrezko Hezkuntzak euskara erraztasunez erabiltzea bermatu behar du.
Euskararen egoera diglosikoaren eraginez lehentasunezko estatusa behar duenez irakas-hizkuntza EUSKARA izan behar du.
Hezkuntza Sistemara sartu behar duten langile guztiek euskara ezagutu behar dute.
Ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza normalizazio-plana garatu behar du. Ziklo amaiera bakoitzean egindako ebaluazioek bidea eman behar dute hizkuntzen trataeraren jarraipena egiteko eta helburua lortzeko hartu beharreko neurriak bideratzeko.
Egoera soziolinguistikoa eta psikolinguistikoa kontuan hartuz, ikastetxe bakoitzeko hezkuntza proiektuan euskarazko murgiltze osoa zehaztuko da.
Haur eskolek euskararen normalizazioan joka dezaketen paper garrantzitsua kontuan hartuz, ezinbestean indartu beharreko ildoa da.
Haur hezkuntzatik hasi, eta urtez urte, modu planifikatuan, euskara ezagutzen duten hezitzaileak ziurtatzen joan behar da.
Unibertsitatean eta Lanbide Heziketan eskaintza osorik euskaldundu behar da. Lantegietara hizkuntza aldetik ere ongi prestatuak joan daitezen.
Hezitzaileen prestakuntzan hizkuntzak eta kulturak batera joan behar dute, hizkuntza ez baita hitz huts batzuen transmisioa. Kolektibitateak, balioek, sentimenduek, identitateak eta abarrek garrantzia handia dute.
Materialgintza euskal curriculumaren normalizaziora egokitzen joan beharra dago. Horretarako bitarteko egokiak zehazten joan behar da.
Hezkuntza proiektua inguru hurbilarekin harreman zuzenean egin behar da. Udalekin eta herriko elkartekin elkarlanean aritzeko euren hezkuntza eta hizkuntza proiektuak egokituz.
Behar bereziei erantzuteak hezkuntza zentro guztien arteko elkarlana eskatzen du. Ildo horretan, administrazioei hezkuntza komunitatearekin elkarlanean hezkuntza eskubideak errespetatuko dituen antolaketa bideratzea dagokie.
Erreformak behar duen inbertsioa aldez aurretik zehaztu behar da.
_____________________________

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak 2006ko azaroaren 23 eta 24an Donostian burutu dituen Ikasle guztiak euskaldundu: nola? jardunaldietan aurkezturiko txostena duzu honako hau.

http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1164624878

Euskara eta etorkinen hizkuntza integrazioa



Nire asmoa testu honetan hauxe da: gogoeta batzuk agertzea eztabaida sortzeko etorkinen eta autoktonoen arteko elkarbizitzaren alderdi batzuen inguruan, eta hizkuntza-elkarbizitzaren inguruan hain zuzen. Gogoeta horiek autoktono baten ikuspuntutik eginak dira. Ezin du bestela izan, baina era berean propio hartutako enfokea da.


Jakina denez, Hego Euskal Herriko gizartera milaka lagun heldu dira azken urteotan, Espainiaz kanpotik etorritakoak alegia. Orri hauetara prentsatik hartutako zenbait datu esanguratsu ekarriko ditut. Hainbat iturritatik datoz eta ezin dut esan bene-benetakoak diren, baina uste dut erreferentzia moduan erabil daitezkeela. (Testu honetan Hegoaldeaz hitz egingo dugu ia une oro. Iparraldeko datuak ez ditut argitaratuta aurkitu; hala ere, etorkinen kopurua nabarmen txikiagoa da):

Datu batzuk
Nafarroako datuak

2003an 35.000 etorkin bizi ziren Nafarroan, biztanleen % 7 (1996an biztanleen % 0,6 ziren etorkinak).
Horietatik 15.000 lagunek ez zeukaten lan edo bizitzeko baimenik (10etik 4k).
Urtero 7.000tik 10.000 bitarteko etorkin kopurua sartzen da Nafarroan.
2004-2005 ikasturtean ia etorkinen 7.000 seme-alaba daude eskolatuta (6.989 lagun), eskolatuta dauden guztien % 8,2.
Etorkin hauetan gehienak Hego Amerikakoak dira (guztien % 69,1), Afrika Iparraldekoak % 10,7 dira eta Europa Ekialdekoak % 10,2. Ondoren, Saharaz hegoaldeko Afrikako herritarrak daude, % 13 dira; Europako Elkartekoak % 5,9 dira eta Asiakoak %1,2.
Eskolari dagokionez, 2004-2005 ikasturtearen hasieran Nafarroako prentsak esan du D eredua pixkanaka haziz joan dela (eskolara lehen aldiz doazen ikasleen % 28k aukeratzen du). Kopuru orokorrak ondorengoak dira: umeen % 55 G ereduan dago, % 23 D ereduan, % 21 A ereduan eta % 0,16 B ereduan. 2003-2004 ikasturtean ordea, ikasle etorkinen % 99,8k G ereduan ikasi zuen (eredu hori erdaraz bakarrik da, ez dauka “euskara” ikasgaia): etorkinen 6.745 seme-alabetatik 20 egon ziren A eta D ereduetan. Ikasturte honetako daturik ez dago oraindik.
Euskadiko Autonomia Erkidegoko datuak

SOS Arrazakeriaren arabera, 2004ko ekainean 31.500 etorkin zeuden EAEn lan egiteko eta bizitzeko baimenaz. Erroldatuta, berriz, 49.000 zeuden; populazioaren 2,2 gutxi gora-behera. Haien jatorria Nafarroan dauden etorkinenaren antzekoa da.
EAEn, 10.041 ikasle etorkin egon ziren 2003-2004 ikasturtean, ikasleen % 3 gutxi gora-behera.
Eskolatutakoen % 69 Hego Amerikakoak ziren (Kolonbia, Ekuador eta Argentinakoak batik bat), % 15 Afrikakoak (Marokokoak batik bat), % 10 Europako herrialdeetakoak (Portugal eta Errumaniakoak batik bat) eta % 6 Asia eta Ozeaniakoak.
Ikasle hauetan gehienak A ereduan jardun zuen (%50ak), B ereduan % 29 egon ziren eta D ereduan % 21. Erkidegoko ikasle guztietan, berriz, A ereduan % 26,5 matrikulatu ziren, B ereduan % 23,1 eta D ereduan % 50 (3 urtetik 5 urtera bitartekoan % 91,5 B eta D ereduan matrikulatzen dira. Adin tarte horretako etorkinen daturik ez daukagu).
Beste zenbait datu

Espainian 2.672.596 etorkin zeuden 2003ko urtarrilean. Horietatik 1.647.011 baimenarekin zeuden.
Espainiako biztanleen % 6,3 etorkinak dira; Frantzian % 7 eta Alemanian % 8.
2003-2004 ikasturtean, eskolatuta zeuden etorkinen seme-alabak % 10,2 ziren, Balear Uharteetan % 10,1 eta Katalunian, Valentzian eta Murtzian % 7tik gora. Espainiako Estatuan 500.000 haur ziren, eskolatutakoen % 5,9. (1)
Eta datuekin zer?
Ez ditut datu hauek ekarri baloratzeko gutxi diren, asko diren, gehiegi diren... Sami Naïr-ek, duela urte batzuk argitaratutako artikulu batean, gogoratzen zigun ez dagoela zientziarik migrazioen presioa neurtzen duenik; ez dago horrelako balorazioak egiteko erreferentziazko zenbakirik (2). Gainera, kopuruekin iritzia ematen dutenak (asko direla, gehiegi direla, gizarteak jasan dezakeen baino kopuru handiagoa dela esaten dutenak) askotan beldurra dutenak izan ohi dira, edo beldurra sortu nahi eta zenbait neurri politiko justifikatu nahi dituztenak: adibidez, etorkinen eskubideak gutxitzen dituzten legeak edo inmigrazioaren kontrako kontrola gogortzen duten legeak. Baina honetaz gain, zer irizpide jar daiteke jakiteko eta zehazteko asko, gutxi, egokiak... diren?

Dena dela, nik esango nuke kopuruak esanguratsuak direla eta, noski, kontuan hartu behar direla. Zer edo zer aldatu da, eta badakigu hemendik aurrera hori horrela izango dela: ez dago atzera bueltatzerik eta etorkin gehiago etorriko dira datozen urteetan (nahiz eta ezin jakin zenbat izango diren, ez nolakoak izango diren ez nongoak...). Hala iragartzen dute proiekzio guztiek: Migel Laparra-k, UPNAren Alter ikerketa taldekoak, Nafarroako kasuaz ari dela, esaten du inmigrazioaren hasieran gaudela; Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailburuak, Anjeles Iztuetak, ikasturte bakoitzean haur etorkinak % 40 igoko direla aurreikusi du, eta 2010. urtean 72.000 izan litezke (10.041 haur dira 2004-2005 ikasturtean). Bestalde, INE-k uste du 2010. urtean 4tik 6,5 milioi etorkin bitartean egongo direla Espainian; Funcas-ek, berriz, adierazi du 2014. urtean Espainian 11 milioi etorkin egongo direla, biztanleen laurdena. (3)

Datu hauek zera adierazten dute: errealitate hau ezin daitekeela utzi alde batera; gai honen inguruan hausnartu eta erabakiak hartu behar ditugu. Izan ere, gai hau kontuan ez hartzeak ondorioak dakartza. Alde batetik, justizia kontua da kanpotik datozenentzat. Baina ez hori bakarrik: badago autoktonoon interesa ere, lehendik hemen geundenona; gure patua etorkinei erabat lotua baitago. Etorri berriek gizarte honetan egingo dutenak edo egingo ez dutenak hemen geundenon bizimoduan eragingo du zuzen-zuzenean.

Eta, hain zuzen, hizkuntzaren eta kulturaren arloan ondorioak izango ditu. Etorkinek hizkuntza arloan hartuko dituzten erabakiak, bai beraientzat eta baita beren seme-alabentzat ere, funtsezkoak izango dira eta autoktonoei eragingo diete.

Integrazioa?
Asko dira dauzkagun galderak. Zer da hizkuntza-integrazioa? Posible da integratzea harrera gizartearen hizkuntza batere ondo jakin gabe? Gure artean, hizkuntza bat (gaztelera Hegoaldean) jakitea nahikoa da “integrazioa” lortzeko? Zer eskatu ahal diegu etorkinei euskarari dagokionean? Gaiak gogoeta lasaia merezi du, zalantzarik gabe.

Pertsona bat edo talde bat gizarte bat utzi eta beste gizarte batera heltzen denean, aldaketak gertatzen dira bi aldeetan. Pertsona horrek edo talde horrek, bere aldetik, jarreratan, baloreetan, identitatean...aldaketak izango ditu. Horri “akulturazioa” deitzen zaio.

Klasikoa da John Berry-ren taula, bi parametro ditu konbinatzen dituena:

Gutxiengoak (etorkinak) bere identitate kulturala eta bere baloreak mantentzen ditu / edo ez.
Gutxiengoak (etorkinak) erlazio positiboak ditu gehiengoarekin (edo harrera gizartearekin) / edo ez. (4)

Konbinazioak eginez gero, lau posibilitate agertzen dira. Har dezagun adibide euskal gizarteko ijito gutxiengoa, gutxiengo horretan lau aukeretan sailka daitezkeen gizabanakoak eta taldeak baitaude:

Integratu direnak eta beren kultura ukatu gabe gehiengoaren kulturarekin jarrera positiboa dutenak;
Asimilatu egin direnak, alegia, beren kultura ahaztu eta gehiengoarena hartu dutenak;
Bere jatorriari lotuta jarraitzen dutenak, gehiengoaren kulturarekin harremanik izan gabe (separazioa);
Beren identitatea galdu dutenak, baina gehiengoaren baloreak ere hartu ez dituztenak (marjinazioa).
Jakina denez, errealitatean sailkapen hori ez da hain era garbian gertatzen; horregatik da egokiagoa tendentziez hitz egitea. Dena dela, taulak balio du lehendik dakiguna ordenatzeko, gure inguruan ikusten duguna ordenatzeko. Eta taularen leihatilak erabiliko ditugu erreferentziatzat zenbait momentutan.

Aukerak ikusita, desiragarriena integrazioa dela ematen du. Baina integratzea harrera herriko legea betetzea baino zerbait gehiago da; oharkabe pasatzea, garraio publikoa erabiltzea, bertako ordutegietara egokitzea, bertako jatorduetara egokitzea... baino zerbait gehiago da. Litekeena al da integrazioa harrera gizartearen hizkuntza jakiten ez denean edo modu eskasean erabiltzen denean? Erantzunak erraza dirudi: ez.

Eta bestela turkiar emakumeekin akordatzea besterik ez dugu, Alemanian urteak eman ondoren alemaneraz hitz soil batzuk bakarrik hitz egiten dituztenekin. Edo gure artean urteak egon eta gaztelaniaz hitz batzuk besterik esaten ez dituzten emakume marokoarrekin. Edo Suitzan egondako hainbat espainiarrekin. Hizkuntzaren ezagutza izateak ez du integrazioa bermatzen, baina argi dago hizkuntza ez ezagutzeak integrazioa erabat baztertzen duela. Ez dago integraziorik ailegatutako gizartearen hizkuntza jakin ezean.

Bi hizkuntza
Baina zer gertatzen da hizkuntzak bi direnean eta ez bat? Halakoxea da Euskal Herriko egoera. Esan dezagun ebidentea:

Harrera gizartearen egoera

Euskal Herriak bi hizkuntza ditu (euskara/gaztelania; euskara/frantsesa), eta hizkuntza hauek, status politiko ezberdina dute, lurralde administratiboaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoan koofiziala da, Nafarroan iparrean bakarrik da koofiziala eta Iparraldean ez dauka status hori). Euskara gutxitutako hizkuntza da, ez dago euskaldun elebakarrik (bere hiztun guztiek badakite beste hizkuntzaren bat: gaztelania/frantsesa) eta erabilera ezberdina da lekuaren arabera: batzuetan hizkuntza nagusia da eta besteetan ez da ia-ia erabiltzen (noski, bi egoera hauen artean dauden tarteko maila guztiekin). Hizkuntza normalizazio prozesuan dago, eta normalizazio prozesu horrek egundoko ahalegin politikoa eta soziala eskatzen du hizkuntzak aurrera jarraitzeko eta bere biziraupena bermatzeko.
Ailegatzen direnen egoera

Datu garrantzitsua da etorkinen jatorria. Izan ere, EAEra eta Nafarroara iritsi diren etorkinen % 65 baino gehiago Hego Amerikakoak dira, eta Hegoaldeko bi hizkuntzetako bat dakite, gaztelania hain zuzen ere. Besteek, printzipioz, bietako bat ere ez dakite.
Bi egoera hauen aurrean, zer da etorkinen hizkuntza integrazioa? Bi hizkuntza erabili eta bakoitzari lotuta doan kultura eskura dugunok hauxe esango genuke: etorkinen erabateko integrazioa izateko, Euskal Herriko bi hizkuntzak jakin eta erabili behar dira. Geure ustez, bietako bat ez dakienak (eta argi dago euskara izango dela gehienetan jakingo ez dena), herri honetako aberastasun kulturalaren zati funtsezko batean ez du sarbiderik izango.

Baina hori oso baieztapen abstraktua da; mundu errealera pasatzerakoan zenbait faktore daude, etorkinen eta euskararen arteko harremana kontuan hartzen denean ahaztu behar ez direnak.

Zenbait faktore
Euskara normalizatu gabe dagoen hizkuntza da

Euskara normalizatu gabe dagoen hizkuntza izateak egoera kontrajarrian jartzen gaitu. Leku askotan etorkinak jabetuko dira kalean ez dela erabiltzen. Autoktonoek ez badute erabiltzen, zaila da etorkinak ikasteko beharra ikustea. Izan ere, gaztelaniaz dakiten etorkinek Hegoalde guztian hitz egiten den hizkuntza badakite eta euskal herritar gehienek beste dakite (berezitasun dialektalez aparte), euskaraz ez dakiten guztiek beste.

Gaztelaniaz ez dakitenek (marokoarrek eta beste afrikarrek, asiarrek, europarrek…) gaztelania ikasteko beharra sumatuko dute lekurik gehienetan. Leku batzuetan bakarrik (agian Ondarroako arrantzale bat-edo) sumatuko dute lehenengo euskara ikasteko premia, eta oso arraroa izango da euskara bakarrik ikasteko beharra sentitzea. Gaztelaniaz ez dakiten horientzat, gaztelania da aukerarik ebidenteena. Izan ere, bi hizkuntza ikastea esfortzu izugarria da; baita bakarra ikastea ere etorkin heldu askorentzat (edozein autoktonorentzat bezala).

Izan ere, eremu oso euskaldunetako zenbait euskal hiztunek haserrea adierazten dute langile etorkinek gaztelaniaz hitz egiten dietenean dendetan, tabernetan, jatetxeetan... Kasu horietan agian komeni da gogoeta egitea: zenbateraino eska diezaiekegu etorkinei zerbait, hori bera ikastea autoktono askok beharrezkotzat jotzen ez dutenean: euskara ikastea eta erabiltzea, alegia. Gizarteko beste alor askotan bezala, horretan ere, inmigrazioak oztopo gehiago sortu beharrean, lehendik zeudenak jartzen ditu agerian, lehendik arazo zena erakusten du.

Eta hala ere ezin dugu ahaztu euskal gizartearen zati handi batek (bai kantitatez bai indarrez) erabat sinesten duela hizkuntzaren iraupena ardatz duen proiektu batean. Hizkuntza, Ignasi Vilak duela urte batzuk esaten zuen moduan, euskal herritar askorentzat (ez guztientzat, baina bai askorentzat), ezinbesteko baldintza da; horientzat agian ezinbestekoa den baldintza bakarra.

Edozein modutan ere, desiragarria litzateke, etorkinak euskararekiko “sinpatikoak” izatea behintzat –Atxagaren hitzetan esateko–. Alegia, ikasten badute, ezin hobeto; baina hala ez bada, gutxienez jarrera positiboak izan ditzatela. Itxaropena, batez ere, etorkinen seme-alabengan izan beharko genuke, haiek eskolari esker euskara ikasten duten heinean. Horixe bera da autoktono elebakarrekin daukagun esperantza, sinple esanda: jarrera positiboak izan ditzaten eta seme-alabak euskara ikastera eraman ditzaten (bi gertaerak lotuta daude maiz; lehenengoa bigarrenerako baldintza izan ohi da). Etorkinen umeak euskaldun moduan irabazteko, eskolak egundoko garrantzia dauka, noski, eta aurrerago hitz egingo dugu horretaz.

Helburu bikoitz hori errealitate bihurtzea ez da soilik etorkinen zeregina, autoktonook badaukagu beharrik. Oraindik ez dugu autoktono elebakar guzti-guztiengandik jarrera baikor hori lortu. Etorri direnak “erakarri”, “interesatu”, “liluratu” beharko ditugu. Eta ahal den neurrian ikaskuntza erraztu beharko dugu, baliabide guztiak jarriz.

Etorri berriei, gure arazo soziolinguistikoak arrotz zaizkie

Etorri berriei, gure arazo soziolinguistikoak arrotz zaizkie, hasiera batean behintzat. Batzuek, heltzen direnean, ez dakite hemen gaztelania ez beste hizkuntzarik hitz egiten dela. Baina gainera, etorkinaren bizimodua gogorra da hasieran, aurreneko urteetan (eta batzuentzat denbora guztian da gogorra). Badago termino bat, “akulturazio estresa”, eta erabiltzen da beste herri batera doan pertsonaren sufrimendua adierazteko. Alegia, etorkinak oinarrizko arazoak dituzte eta oinarrizko arazo horiekin daude arduratuta: lana aurkitzearekin arduratuta daude, etxebizitza aurkitzearekin, etxebizitza hori eroso egitearekin, paperak lortzearekin, familiaren egoera konpontzearekin, seme-alaben eskola topatzearekin... Ezagutzen zuten mundua utzi dute: familia, lagunak, bizimodua, hizkuntza... eta ezagutzen ez duten mundu baten murgildu dira. Ez dituzte mundu horretako klabeak ezagutzen eta ez dakite iraun ahal izango duten. Horrek ondoez emozional handia sortzen du. Ulergarria da heltzen diren herrialdeko egoera soziolinguistikoa beren lehentasunen artean ez izatea.

Eta noski, hori paperak dituztenei dagokienez. Zer esan paperik ez duenari buruz (10tik 4 Nafarroan, 4tik ia 2 EAEn), kalean ibiltzeko beldurrez bizi denari buruz. Zein autoktono ausartuko da horri eskatzen Euskal Herriko egoera soziolinguistikoarekin konpromisorik? Hemendik hasi beharko dela ematen du: lehenengo eta behin egokitzeak dakarren ondoeza ahal den txikiena izatea eta jende guztiak bizimodu duina egitea lortu beharko da. Eta horrek neurri politikoak hartzea eskatzen du.

Etorkinak ez dira gu bezalakoak

Lehen esan dugu batzuetan kexak entzuten direla, etorkinek euskararekin konpromisorik hartzen ez dutelako (ez dutela ikasten, taberna batean edo supermerkatu batean lan egin eta ez dutela hitz egiten, ez dituztela seme-alabak bidaltzen euskara ikas dezaten...). Ematen du ahaztu egiten dugula etorkinak ez direla gu bezalakoak: gutako askok ez ditugu horrela ikusten behintzat. Gu gu gara eta beraiek beraiek dira. Noski, zergatik arduratu behar du “beraietako” batek euskararen egoeraz, “gure” arazo bat bada? Inork ez du hizkuntza bat ikasten besteri gustua emateko. “Beraiek” izatetik “gu” izatera pasatzen ez diren bitartean ez zaizkie gure gauzak interesatuko guri interesatzen zaizkigun moduan (ahokorapiloak balio beza). Bada guk gure aldetik dugun jarreraren kontua ere.

Eta izan gaitezen zintzoak, autoktono batzuek ezin dute onartu pertsona beltz bat, begi itxiagoak dituen bat, hemen erabiltzen ez ziren arropak janzten dituen bat, hemen jaten ez ziren gauzak jaten dituen bat... “gu” horren barruan dagoenik. Ezin dute onartu hori ere hemengoa denik. Baina kontua da bera eta bere seme-alabak ez badira hemengoak, ziur aski ez direla euskaldun ere izango.

(Ikusten denez, “autoktono” hitza askotan erabiltzen dut; “euskaldun” hitza baino erosoagoa zait neutroagoa delako. Izan ere, euskalduna zentzu hertsian erabiltzen badugu, etorkinak erabat kanpoan geratzen dira. “Bertako” terminoarekin antzeko gertatzen da: etorkinak ere bertakotu ahal dute. Halaber, nahiago dut “etorkinen seme-alabez” hitz egitea, “ume etorkinez” edo “ikasle etorkinez” baino. Dolores Julianok azaltzen duenez, ez dira umeak jatorrizko lekua utzi eta beste leku batera joatea erabaki dutenak, beren gurasoak baizik; bestalde, txikitan izan dira ekarriak eta ez dira jatorrizko kulturaren eramaleak –edo ez eramale osoak baizik eta neurri batekoak, gehitu nahi nuke nik (5)).

Euskara ikasteko arrazoiak behar dituzte

Hainbat autoktono elebakarrek izan dute euskara ikasteko beharra arrazoi praktiko batengatik: zenbait lan lortzeko aukerak izateko, batik bat administrazio publikoarekin lotutako lanpostuak lortzeko (EAEn Nafarroan baino gehiago). Etorkinen kasuan, beraiek izaten dituzten lanpostuetan (etxeak garbitzea, umeak eta zaharrak zaintzea, eraikuntza, kalean gauzak saltzea...) ez dute, oro har, euskaraz jakin beharrik, ez delako euskaraz jakitea eskatzen. Beren lan aukerak eta aspirazioak txikiagoak dira. Beraz, euskara ikasteko arrazoi bat gutxiago daukate.

Ondo esplikatzen ote diegu hemengo egoera soziolinguistikoa?

Bestalde, ondo aztertu beharko da etorkinei ondo esplikatzen ote diegun hemengo egoera soziolinguistikoa zein den eta euskara berreskuratzeko egiten ari den ahalegina. Kontuan izan behar dugu hegoamerikarrengandik ere (etorkinen % 65 baino gehiago dira) entzun daitezkeela autoktono elebakarrek izaten dituzten antzeko iritziak: “nik badut irakasle titulua, badakit gaztelaniaz eta hemen ez da nahikoa lan egiteko, injustizia bat da” (horrelako zer edo zer entzun zen Joxemi Zumalabe fundazioak Gasteizen antolatutako jardunaldietan, horrelako adierazpenak entzuteko ingurunerik aproposena izan ez arren). Azalpenak ondo emateko bideak topatu behar ditugu, eta oraingo egoera zein den eta nora iritsi nahi dugun ondo ulertarazi, lehen aitatutako jarrerei erantzun ahal izateko.

Noski, hortaz gain era guztietako laguntzak eman beharko dira, nahi duten etorkinek doan eta azkar herri honetako hizkuntzak ikas ditzaten: era guztietako ikastaroak eskaini beharko lirateke, batik bat intentsiboak eta musu truk. (Eta baten batek esango du: eta autoktonoentzako ez? Bai noski, baita autoktonoentzat ere).

Ikusi behar dute beren seme-alabek euskara ikastea garrantzitsua dela

Ikusi beharko da etorkinei helarazten ote diegun autoktono elebakar askori heldu zaien mezua: oso garrantzitsua da seme-alabek euskara ikastea. Gizarteak eskaintzen duen aukera da, eta galera handia litzateke aukera hori ez profitatzea. Gainera, lan munduan ordaina izango du. Baina mezu horren arrakasta lotuta dago etorkinen seme-alabek honako baldintzetan bizitzeari:

Inguru egokian haztea eta ez inguru ezegonkor eta prekarioan.
Eskolan arrakasta izatea eta eskola porrotean ez erortzea.
Autoktonoen seme-alabek dituzten aukera berak izatea lan munduan.
Izan ere, etorkinen seme-alabek ez badute autoktonoekin elkarbizitza erosoa izaten, porrotaren bezero badira beraiengana egokitzen ez den eskola batean, gizarteak jarrera arrazistak baditu eta lan egin behar badute beren gurasoen lan bertsuetan (eta euskarak ez ditu “puntuak balioko” irakasle izateko, edo atezain, edo mediku...), galdu egingo dira euskara ikastera eta erabiltzera bultzatzen duten faktoreak. Gutxiengoek zera sentitu behar dute, euskara ikastea ez dela azaleko luxu bat, autoktonoek dituzten aukera berak izango dituztela ikasten badute. Horrela, hauxe pentsa dezakete: “nire seme-alabak hemengoak bezalakoak izatea nahi dut; oraindik areago, hemengoak izatea nahi dut”.

Beste era batera esanda: euskara erabateko integrazioari lotuta dago; integrazioa ez bada erabatekoa, hemen bizitzeko ez da gaztelaniaz jakin beharrik ere izango. Nahikoa izango da gaztelaniazko hitz batzuk jakitea bakarrik. Izan ere, mezu hau zabal dezakegu: gauden gizartean erabateko integraziorako euskara jakin eta erabiltzea ezinbestekoa da. Baina, jakina, horrek egia izan behar du: alegia, integrazioa erabatekoa izatea, eta ez azaleko integrazioa.

Burura datorkigu euskal ijitoekin gertatzen dena: talde batzuk marjinazio egoeran daude edo arrisku larrian, eskola porrota jasan ohi dute eta beren lan espektatibak, ez denenak baina bai askorenak (txatarra biltzea, herriz herriko salmenta...), euskara erabiltzetik urrun daude: “Zertarako nahi du nire semeak euskara, hamalau urterekin eskolatik atera eta nirekin saltzera etorriko bada”. Dakigunez, ijitoak eskolan euskalduntzea, erronka hori, ez dugu oraindik lortu.

Eta hemen akulturazioaren kontura itzultzen gara. Familia berean modelo asko egon daitezke batera: gerta daiteke gurasoak “separazioa” atalean egotea (beren baloreak mantentzen dituzte eta ez dute bertako kulturarekin harremanik, zahar sentitzen direlako eta ikasteko eta egokitzeko gaitasunik gabe, kasu) eta, aldi berean, seme-alabentzat “integrazioa” nahi izatea (eta batzuetan are “asimilazioa” ere) eta ahal duten guztia egitea bizi diren gizartean aukera onenak izan ditzaten.

Hizkuntza kalean ikasten da

Hizkuntza kalean ikasten da: dendatan, auzokoekin, lantokian. Baina, Maruny eta Molina-k Kataluniako etorkinei buruz gogorarazi ziguten moduan:

Lan tokietan komunikazio elkartrukeak oso mugatuak dira, batez ere lan gogor eta zaratatsuetan (garbitegietan, zerratokietan...) edo lan bakartietan (baserrietan, garbiketan...). Gerta daiteke etorkinekin hitz egitea soilik ezinbestekoa baldin bada... Edo gerta daiteke langile gehienak edo talde handi bat etorkinak izatea eta gaztelera edo katalana [edo euskara] behar ez izatea haien ugazabekin ez bada... Eta supermerkatura joateko ez dira diskurtso luzeak behar. Eta agian haien auzoetan ia jende guztia etorkinak dira. [... ] Ondorioz, etorkin gehienen hizkuntza esposizioa oso-oso mugatua da. Eta lagun gutxi egiten dituzte. [... ]. Lagun autoktonoak izateak erabat aldatzen du haien konpetentzia gaztelanian edo katalanean [edo euskaran]. (6)

Kontua, orduan, hauxe da: ba al dago autoktonoen eta etorkinen arteko komunikazio kanalik bertako hizkuntzak ikasten motibatzeko eta, batez ere, ikaskuntza horri zentzua emateko? Zeren, zeinek ikasi nahi du hizkuntza bat gero ezingo badu erabili?

Mesfidantza kulturala

Badago sentimendu bat euskaldun batzuek adierazten dutena eta azterketa merezi duena: mesfidantza –“kulturala” esan dezagun– etorri berriekiko. “Hori bakarrik falta zitzaigun” moduko bat. Desagertzeko arriskuan dagoen hizkuntza eta kultura gutxitu bateko kideez ari naiz, egoera horren kontzientzia argia duten euskaldunez; askotan beren eskubideak ez dira errespetatzen eta behin eta berriz eskubide horien defentsan jarduten dute: seme-alabak eskolara euskaraz bidaltzeko, euskarazko prentsa irakurtzeko, medikuarekin eta udaletxean euskaraz hitz egin ahal izateko...

Egoera horretan, pertsona ugari heltzen ari dira: gaztelania baino ez dakitenak (etorkinen erdia baino gehiago Hego Amerikatik iritsi baita), edo gaztelera besterik ikasi ez dutenak edo ikasten ari ez direnak (beste etorkinak: Afrika, Asia eta Europatik iritsiak). Oro har jende multzo horrek ez du parte hartzen euskal hizkuntzaren eta kulturaren errebindikazioan (eta seme-alabak erdal ereduetara bidaltzen dituzte kasu gehienetan). Eta gainera, etorkin horiek errespetua eskatzen dute beren berezitasun kultural eta linguistikoekiko; ez dira jada ikusezinak eta borrokatzen dute meskita bat irekitzeko, arabiera ikastetxean irakasteko, haien festak modu publikoan ospatzeko, diru-laguntzak lortzeko...

Horren guztiaren aurrean, zenbait euskaldunen erreakzioa mesfidantza da; etorri berriak hautematen dira a) euskararen biziraupenerako oztopo edo mehatxu moduan, eta b) “lehiakide kultural” gisa: baliabide urriak lortzeko gurekin lehiatzen diren gutxiengo kultural gisa alegia.

Ez dut esango horren atzean jarrera arrazistarik ez dagoenik; denongan pizten dira noizik behin (eta batzuengan askotan). Baina mesfidantza hori ulertzeko, lagungarria da ziur aski Walter Actis-ek azaltzen duen “ilararen sindromea” delakotik abiatzea (bere azalpena haratago eramango badut ere). Demagun gizartearen zati handi bat “ilaran” dagoela: ebakuntza bat egin diezaioten, traumatologoak txanda eman diezaion, babes ofizialeko pisu bat lortzeko, seme-alabak auzoko eskolan sartzeko, beka bat jasotzeko, gizarte-laguntza jasotzeko... Hiritarra, zenbat eta pobreago, orduan eta zerrenda gehiagotan dago zain. Eta bat-batean egoera eskasean dauden beste batzuk heldu dira eta ilaran jarri dira eta batzuetan gainera aurreko postuetan: etorkinak. Ilaran zeudenek “konkurrentzia egiten” dietela sentitzen dute: orain jende gehiagorekin banatu behar dute dagoen apurra. Horregatik kexatzen dira guraso batzuk, haien umeak haurtzaindegian edo auzoko eskola publikoan onartu ez dituztenean, ikastetxea “etorkinez bete” dela esanez (soldata txikiagoa dutenez, puntu gehiago dituzte); horregatik entzuten dira txistuak eta irainak babes ofizialeko etxebizitzetako zozketa-saioetan, haietako bat izen-abizen atzerritarrak dauzkan bati egokitzen bazaio... Aberatsenak ilara batzuetatik atera daitezke; besteak ez. Pobreenen arrazakeriaz hitz egin dezakegu, AEB-n “zuri pobreen” arrazismoa izenarekin ezagutzen dena. Baina kontua da erreakzio primario horiek gero eta gehiago gertatzen ari direla gure gizartean, baita progresistak diren (eta hain pobreak ez diren) hiritarren artean ere. Izan ere, diskurtso hori izugarri hedatzen ari da. Eta arriskutsua da.

Pentsatu beharko dugu ez ote den erreakzio eskasa, estrategikoki motela (eta arras bidegabea). Zeren, ilaran gure ondoan dauden horiek ba al dira gure benetako lehiakideak? Ez al gara erratzen ari eta benetako helburutik aldentzen ari? Askoz ere zentzuzkoagoa litzateke zain gauden guztiok ilara antolatu duenari begirada zuzentzea eta honako galdera hauentzat erantzuna bilatzea: nork antolatu du ilara, nork ezarri ditu ilararen arauak, nor eta zergatik ari da hain gutxi banatzen hainbeste jenderen artean. Beraz, ondokoekin borroka egin beharrean zeinek zer harrapatuko, askoz eraginkorragoa litzateke ondokoekin elkartu eta zerrendaren arduradunari kontu hartzea.

Arduradun horientzat askoz erosoagoa da, jakina, gure artean liskarrak sortzen badira; ondorioz, ez ditugu gure indarrak batuko. Geure artean zenbat eta gehiago eztabaidatu, arazo gutxiago dituzte beraiek. Tranpa horretan ez erortzeko zorrotzago pentsatu eta jokatu beharko genuke. Gogora ditzagun Esperanza Aguirre-ren hitzak duela hilabete batzuk: osasun arloan gero eta denbora gehiago egon behar da zain etorkin asko etorri direlako eta gaixo gehiago dagoelako. Hori entzutean hainbat autoktonoren erreakzioa primarioa izango da: etorkinen errua dela pentsatuko dute. Baina ikuspuntu azkarrago batera pasatzea komeni zaigu: administrazioari erantzukizuna eskatu behar diogu. Estatuan jende gehiago eta langile gehiago badago, osasun arloan erabiltzaile gehiago badago, zeren zain gaude zerbitzuak hobetzeko?

Euskaldun batzuen artean ere sentimendu hori sumatzen da: identitate eta kultura eskubideen arloan ilarako azkenak direla hain zuzen ere. “Orain etorkinak datoz eta euskaraz ez dakiten gaztelaniadunen kopurua igo egin da, gainera etorri berriek ez daukate euskal kulturarekin engaiamendurik eta, gutxi ez-eta, haien kultura babesteko baliabideak eskatzen dizkiote administrazioari. Eta guk, zer? Zer gertatzen da gurekin, baliabideak hain apurka-apurka jasotzen ditugunokin? Zer gertatuko da gure kulturarekin?”.

Esanguratsuak dira Ana Urkizak inmigrazioari buruz idatzitako artikuluak, batik bat “Etorkinen urtea ote?” (Deia, 04-02-16) izenekoa. Artikulua idazteko aitzakia zera da, Lea-Artibaiko Mankomunitateak 2004n atera duen egutegia. Egutegian argazki handiak ageri dira, eta argazkietan hainbat etorkin, euskal jantziak dituztenak. Hona hemen zenbait paragrafo:

[... ] Protagonista egin ditugu. Euskara ikastaroak duban jarri dizkiegu, etxea aurkitzeko erraztasunak eman, adierazpen kultural bateratuak antolatu, bileretarako lokalak eskaini... Abegikorrak garela diote... Ez da harritzekoa.

[...Egutegiari dagokionez] Ideia txalogarria. Baina ni alboratuta sentitu naiz, herri honetakooi askotan gertatzen zaigunez. Kanpokoei zuzendutako oparia dela iruditu zait. Integraziorako gonbita ezezik, baita banketea ere. Domeketako mantel, jantzi eta guzti.

[... ] Ba omen zegoen ama bat, bi alaba zituena eta beti gaztea goratzen ibiltzen zena. Eta behin, “baina zuk bazenuen beste alaba bat ere, ezta?” galdetu ziotenean, zera erantzun omen zuen: “Bai, baina hura bera da nahikoa bere burua saltzeko”.

Ama hark bezala egitea ote da, bada, etorkinak gure artean nola integratu diren goraipatzea? Guk gurea saldu beharrik ez bagenu bezala? Horrela dela sinistu nahi nuke, zinez, baina gaztigatuegia sentitzen naiz goitik (barrutik), behekoei (kanpokoei) ere nire barruan hain gupidagabeki sartzen uzteko.

Ana Urkizaren hitzak ekarri ditut hona ezin hobeto islatzen dutelako goian deskribatutako sinismena: etorkinak gurekin lehian ari dira eta arrisku bihurtu dira gure eskubideak babesteko. Galdera da ea jarrera hori komeni zaigun, ez bakarrik etorkinei, baizik eta autoktonooi ere. Ba al dira etorkinak gure egoeraren errudunak? Etorkinak al dira gure esparruak hartzen ari direnak? Haiek al dira aurrez aurre eduki behar ditugunak? Ez ote gara benetako arduradunez ahazten ari? Nire ustez, etorkinekiko harremanetan, badugu beste aukera bat, askoz ere interesgarriagoa: etorkinekin elkartu gu guztion eskubideak babesteko –baita kultura eskubideak ere–: bai autoktonoenak, bai etorkinenak.

Izan ere, fenomeno bat hautematen dugun modua askotan ez da naturala, zerbait transmititua da eta benetan uste dut alda dezakegula (berdiseinatu dezakegula). Gure jarrera zein den erabaki dezakegu:

Mesfidantza izan, beldurra sentitu, defentsiban egon (edo erasoan)
Konfiantza agertu eta aliantzak bilatu
Baina uste dut bakarrik jarrera baikor, estrategiko eta solidario horretatik lortuko dugula euskararekiko “sinpatia”. Eta sinpatia hori behar beharrezkoa dugu euskarak aurrera egitea nahi badugu; iraun behar badu, euskarak ez du soilik hemen jaiotakoona izan behar: kanpotik etorritakoena ere izan beharko du.

(Deskribatutako mesfidantza sentitzen duten pertsonen gogoan baliteke oroitzapen bat egotea, alegia, iraganean Espainiako hainbat tokitatik Euskal Herrira etorritako inmigrazioa eta bere eragina euskararen atzerapenean. Konparaketa luzea izango litzateke, baina zerikusi gutxi dauka orduko inmigrazioak gaur egunekoarekin; oraingoaren ezaugarriak dira, besteak beste, aniztasun kultural eta linguistiko oso handia eta lege eta gizarte babes askoz txikiagoa etorkinekiko).

Eskola
Ikusi ditugu gorago matrikulazio datuak: etorkinen seme-alabak zein eredutan matrikulatzen diren eta zein diren kopuru guztiak. Atentzioa ematen du ezberdintasunak. EAEn alde handia dago autoktonoak matrikulatzen diren ereduen eta etorkinak matrikulatzen diren ereduen artean: autoktonoen % 26,5 A ereduan (eta 3-5 urtekoen %9) eta etorkinen % 50 A ereduan. Garbi dago hemengo gurasoen aukera eta etorkinen gurasoen aukera ez dela bera. Hala ere, B eta D ereduetan matrikulatzen diren etorkinen umeen kopurua hazten da urtez urte eta ikasturte honetako kopuruak aurrekoetakoak baino handiagoak dira.

Nafarroako kasua beldurtzekoa da. Etorkinen seme-alaben ia % 100 G ereduan eskolatzen dira. Euskararen arabera hiru esparru egiteak eta etorkin asko Nafarroa hegoaldean (eremu “ez euskaldunean”) bizi izaten egoteak ez ditu kopuru hain larriak justifikatzen. Hor dago Baztango zenbait herritan gertatzen dena, adibidez: nahiz eta herrian eskola izan, etorkinen umeak Elizondora edo Doneztebera eramaten dira autobusez egunero, gaztelaniako ereduan ikas dezaten. Deigarria da ume hauek jasotzen duten tratua. Edozein kasutan, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak lagundutako egoera da, ikasle etorkinen hezkuntza beharrak laguntzeko planetan euskara ikastea ez baitu kontenplatzen. Nafarroakoarekin konparatuta, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren jarrera oso bestelakoa da, eta sailak sortzen dituen dokumentuetan islatzen da.

Kontuan hartu behar diren faktoreak
Autoktonoek aukeratzen dutenaren eta etorkinek aukeratzen dutenaren artean dagoen ezberdintasunak ezbaian jartzen gaitu irakaskuntzako profesionalak. Ikasle berri bat, etorkinen ume bat, gure eskolara heltzen denean, hauek dira hartu behar ditugun erabakiak: Nola eskolatu behar da etorri berria? Hizkuntza batean? Zeinetan? Bietan? Batera? Edo lehenengo bata eta gero bestea? Hala bada, zein lehenengo? Noiz hasiko da bigarrenarekin? Ze faktore hartu behar dira kontuan erabaki horiek hartzeko?

Hauek dira faktore horietako batzuk:

Umearen adina. Ez da gauza bera hiru urteko ume bat eskolatzea, bederatziko bat edo hamalauko bat. Hizkuntza ikasteko modua ezberdina da. Eta eskolan egoteko eta ikasteko geratzen zaizkion urteak gehiago edo gutxiago dira.
Umeak izan ditzakeen ezaugarriak: adimen urritasuna, adimen handia, gortasuna, itsutasuna, autismoa...
Umearen behar komunikatiboak. Zein da inguruko hizkuntza? Eta umeak gurasoei laguntzeko interprete lana egin behar badu, bertako hizkuntza ez dakitelako (administrazioaren aurrean, medikuarekin...)? Eta hamabi urtetik gorako ikasleen kasuan, lehenbailehen lanean hasi nahi edo behar dutenean?
Familiaren inmigrazio proiektua: zenbat denborarako etorri diren (gero beren herrira itzuliko diren edo Estatuko beste lekuren batera joango diren...). Askotan, hala ere, familiaren hasierako asmoak ez dira betetzen, edo aldatu egiten dira eta uste baino denbora gehiago geratzen dira eta are betiko. Bestalde, aldi bateko langileen kasua dago, nekazaritza beharren arabera batetik bestera ibiltzen direnena.
Umea gaztelaniaz lehendik badakien (hegoamerikarra delako gehienetan).
Umeak hizkuntza erromanikorik dakien (errumaniera, portugesa, frantsesa...). Horrek gaztelania ikastea erraztuko dio. Etorri orduko gaztelania apur bat ulertu ahal izango du eta irakasleak ere, zati batean behintzat, ulertu egingo du bere hizkuntzan hitz egiten duenean.
Bere herrian eskolatua zegoen edo ez eta nolako ikastetxean.
Irakurtzen eta idazten badakien. Nolako idazketa sistema erabiltzen duen (alfabetikoa den edo ez..., alfabetoa euskarak eta gaztelaniak erabiltzen duten bera den edo ez...).
...
Eta faktore hauekin denekin, zer egin? Nola izan kontuan?

Ez dago errezetarik. Egoera bakoitza aztertu behar dela ematen du: hau da, faktore guztiak kontuan hartu eta horren arabera egokiena den irtenbidea aukeratu. Hala ere, ez dago modu bakarra zirkunstantzia multzorik ondorioak ateratzeko: egoera beraren aurrean profesional batek euskaraz eskolatu behar dela iritziko du eta beste batek, berriz, gaztelaniaz. Dudarik gabe, bakoitzak duen pentsakerak eragin handia dauka eta goian aitatutako faktoreak irakurtzeko modua ez da guztientzat bera izango. Adibidez, inguruko hizkuntzaren kontua. Irakasle batzuen arabera, inguruko hizkuntza gaztelania bada (Gasteizen, adibidez), askoz hobe da umea euskaraz eskolatzea, ia-ia ziurtatuta baitauka kaleko hizkuntza ikastea, gaztelania, alegia. Beste batzuen iritziz, berriz, inguruko hizkuntzan eskolatu behar da hizkuntza (euskaraz euskara bada eta gaztelaniaz gaztelania bada), ingurura lehenbailehen egokitu dadin.

Hortaz gain, badira hizkuntza bakar batean eskolatzearen alde daudenak (gaztelaniaz egitearen alde daudenak eta euskaraz egitearen alde daudenak) egoera edozein izanda ere.

Baina ez dugu helmuga ahaztu behar; gehienek uste dute eskolak bermatu egin behar duela ikasle guztiek euskaraz eta gaztelaniaz jakitea, eta, beraz, baita etorkinen seme-alabek ere. Eskola Publikoaren Legeak (1993) honako hau zuen bere helburuen artean:

“g) Ikasle guztiek, baldintza beretan, derrigorrezko irakaskuntza-aldia bukatzean bi hizkuntza ofizialen ezagupen praktikoa izango dutela bermatzea, euskararen erabilera bultzatuz eta normalkuntzari lagunduz”.

Helburua argi ikusteak ez du esan nahi zailtasunik ez dagoenik, baina erabilgarria da.

Eta hala ere...
Badakigu, hala ere, umea eskolatzeko orduan batzuetan ez direla goian aitatutako faktoreak kontuan hartzen. Zein dira, bada, erabakiak hartzeko beste arrazoiak?

Eskola batzuetan hausnarketa prozesua falta da eta ez dago esku hartze egokirako nahiko baliabiderik. Gaur egunean, oraindik ere besterik gabe erabakitzen da etorkina erdaraz eskolatzea, eskolan bertan beste aukera batzuk egon arren. Ematen du hori errazena dela. Hala ere, beharrezkoa da “ume etorkina = gaztelania” eragiketa automatikoa puskatzea.
Badaude, bestalde, gure gizartean ideia hedatu batzuk, berpentsatzea merezi dutenak; honako adierazpen hau, adibidez: “etorkin gizajoak, nahiko daukate haien egoerarekin orain beste hizkuntza bat ikasteko...” Kontua da Hegoaldean etorkinen seme-alaben %69 Hegoamerikatik datoz eta badira, printzipioz, gaztelaniadunak; hizkuntzaren aldetik autoktono elebakarren seme-alabak bezala, hain zuzen. Azken hauek euskara ikastean, baina, ez dugu arazorik ikusten.

B eta D eredua duten zenbait eskolarentzat, etorkinak A eredura joateak (G eredura Nafarroan) zera dakar: “zaila” omen den ikasle mota batekin lanik egin behar ez izatea. Gaur egun zenbait lekutan dauden eskolatze komisioek lagundu dute ikasle berriak era guztietako eskoletan matrikulatzen.
EAEko zenbait eskola publikotan A ereduak jarraitzen du eta eskola horietan geratu dira euskarazko hizkuntza eskakizuna lortu ez dutenak. Etorkinen seme-alabak dira oraingo beren jarduera eta haur hauentzat A eredua mantentzearen aldekoak dira.
Guraso etorkinen erabakia aztertu egin behar da. Hein batean, jatorri bereko umeak dauden eskolak aukeratzen dituzte, eta hori gurpil zoroa da. Gainera, askorentzat garrantzitsua umea eskolara eramatea da eta ez dago ardurarik eskola zein den edo zein eredu dauden aztertzeko. Dena dela, geure buruari galdetu behar diogu nondik datorkien eskola sistemari buruzko informazioa, nork ematen dien aholku (zein eragile autoktonok eta zein eragile propiok) eta zergatik ematen diren aholku horiek. Ondoren, aztertu beharko dugu eragile horiekin nola esku hartu.
Izan ere, guraso batzuk kexatzen dira hasieran informazio eraginkorrik jasotzen ez dutelako: heldu berriak dira, berehala eskolatu behar dituzte umeak eta ez dakite euskara kontu horrek zertarako balio duen. Denbora pasa ondoren, gizartea apur bat hobeto ezagutzen dutenean, uste dute berandu dela; guraso gutxi dira egindako “aukeraketa” aldatzen dutenak.

Familia etorkin bati hezkuntza sistemari buruz informazioa ematean, ez dirudi nahikoa ereduak lehorrean azaltzeak. Informazioak konplexuagoa beharko luke eta elementu soziolinguistiko batzuk eskaini beharko lituzke: zer esan nahi duen gizarte honetan euskara ez ikasteak, zer aukeratzen duten autoktonoek eta zergatik, zer dela-eta ez diren joaten ume autoktonoak eskola jakin batera eta zeintzuk diren aukerak...

Euskara ez ikastea
Kontua da hainbat etorkinen seme-alabak ez direla euskara ikasten ari. Horrek ondorio batzuk dauzka epe erdira:

Gizarte honetan, ume batek eskola uzten badu bi hizkuntzak (euskara eta gaztelania) jakin gabe, ume horrek ez ditu besteek dituzten aukera izango, ez lan munduan aritzeko ez, oro har, gizartean integratzeko. Eta esan beharrik ez dago Euskal Herriko kultura aberastasunaren zati handi bat galduko duela.
Ikasle horrek euskara geroago ikasi nahi badu, ordaindu egin beharko du zerbitzu hori. Gaur egun, eskolaz kanpoko euskalduntzea (euskaltegien edo dena delakoaren bidez-eta) ez baita dohainik. Zenbait etorkin horretaz kexatzen dira: izan ere, helduentzako heziketan gaztelania ikas daiteke, baina euskara ez. Eta bi hizkuntzak ofizialak diren lekuetan galdetu egiten dute zergatik bat ikasteko ordaindu egin behar duten eta bestea ikasteko, berriz, ez. Herri batzuetan neurriak hartu dituzte eta doaneko ikastaroak eskaintzen dituzte (Sakana aldean, adibidez), baina ez da nahikoa.
EAEn, etorkinen seme-alabak A ereduan matrikulatzeak duen ondorio bat hauxe da: etorkinak eskola jakin batzuetan –publikoetan- pilatzea. Eta pilatze horrek ez du hemen jaiotako eta kanpoko umeen arteko elkarbizitza eta elkar ezagutza ahalbidetzen. Eskola hauetako asko ghetizazio eta desprestigio prozesu batean sartu dira; autoktonoek abandonatu egin dituzte eta eskola hauetara ia-ia etorkinen seme-alabak bakarrik joaten dira. Ondorioz, gerta daiteke, are, Nafarroan zenbait familia seme-alabak D ereduan matrikulatzea gaztelaniadun eredutik urruntzeko, “etorkinez bete direlako”. Horrela, euskarazko irakaskuntza “oker handiago” batetik ihes egiteko bidea bihurtu da, hau da, etorkinekin klasean egon behar izatetik ihes egiteko.
Ez ote genuke etorkinen umeentzat defendatu behar ume autoktonoentzat defendatzen duguna? Hau da, eskolak bi hizkuntzen ezagutza bermatzea (eta jakinekoa da oraingo A eta B ereduek –eta Nafarroako G ereduak- ez dutela bermatzen)?

Euskara ikastea
Inmigrazio garaikidearen zenbait ezaugarriren aurrean, euskal ereduek zailtasun batzuk dituzte.

Hasteko, B eta D ereduko baliabide pedagogiko guztiak gaztelania edo frantses-hiztunentzat daude diseinatuta (antzekotasun asko dauzkaten hizkuntza erromanikoak dira). Baina gaur Hegoaldera etorritako umeen %30 baino gehiagok ez daki gaztelania.
Hemen, beraz, bi hizkuntz ikasi beharko lituzkete. Batzuk ez daude, baina, hizkuntzak ikasteko egoerarik onenean (eskolan egoteko urte gutxi geratzen zaizkienean heltzen dira, marjinazio egoeran daude eta emaitza akademikoetan eragina du horrek...).
Ume horiek ez daukate irakaslearekin hitz egiteko komunikazio hizkuntzarik. Izan ere, irakasleak ez baitie ulertzen beren hizkuntzan hitz egiten dutenean. Horrek hizkuntza murgiltze ereduari zailtasunak jartzen dizkio eta “azpiratze eredua” bihurtzeko faktore bat da. Izan ere, adituak aspalditik esaten ari dira etorkinak gehienetan azpiratze ereduan eskolatzen direla eta, horren ondorioz, bazterketa soziala eta eskola porrota gerta daitezke.
Bestalde, irakasleak, ikaslearen hizkuntza ez badaki, ezin ditu jakin zeintzuk zailtasun dituen umeak hizkuntza berria ikasteko (hitz egiten duen hizkuntza eta ikasi behar duenaren estrukturak ezberdinak direlako, haien arteko alde fonetikoarengatik...).
Ahaztu gabe eskolak, euskaraz gain, gaztelania ere irakatsi behar duela: umeek eskolara iristerako gaztelania jakiteak ez du esan nahi erregistro guztiak ezagutzen dituztenik. Erregistro informaletako gaztelania hitz egiten badute ere, hizkera formala ere ikasi beharko dute, hori ere zenbait gizarte esparrutan beharrezkoa da-eta (euskararekin gertatzen den bezala).
Hori guztia ez dugu ahaztu behar esku hartzea hobetze aldera.

Etorkinen seme-alaben ikaskuntzari (eta hizkuntzen ikaskuntzari) buruzko gogoetak aurrera jarraitzen du. Horrela, gero eta gehiago dira irtenbidea “aparteko gelak” (“harrera gelak” ere deitzen dira) ez direla esaten dutenak. Umeak autoktonoengandik isolatuta denbora luzean ikasi beharrean, zera hobesten dute: ikasle etorri berriek ahalik eta denbora gehiena gelan eta ikaskideekin pasatzea; hau da, pedagogia integratzailearen aldekoak dira. Horrela, ikaskideekin eskolako hizkuntzan komunikatuko dira eta hori da, hain zuzen ere, ikaskuntza motibatuko duen faktoreetako bat. Umeak hizkuntza hori erabiltzearen beharra sumatu behar du, hizkuntza hori hitz egiten duten adiskideak dituelako. Hortaz gain, hizkuntza edukien bidez ikasteko beharra ikusten da, eta ez hizkuntza eskolatan bakarrik. Baina ezin dugu orain kontu horietan luzatu.

Etorkinen hizkuntzak
Dena den, beste faktore batzuk ere kontuan hartu behar dira: etorkinek eta beren seme-alabek hitz egiten dituzten hizkuntzak. Gogora dezagun integrazioak jatorrizko baloreak ez galtzea esan nahi duela. Eta hizkuntza elementu garrantzitsua da. Hitz egin dugu etorkinek hemengo hizkuntzak hitz egiteko beharraz; baina zein da etorkinen hizkuntzei aitortuko diegun begirunea?

Anekdota moduan, gogoratuko dut duela hilabete batzuk politikari batek esandakoa: komeni zela etorkinak B eta D ereduetan eskolatzea; horrela euskara eta gaztelania ikasiko lituzkete eta elebidunak izango lirateke. Lapsus bat izan zen, noski; etortzen direnean, hizkuntza bat behintzat hitz egiten dute eta ez dituzte bi hizkuntza ikasi behar elebidun izateko. Izan ere, batzuk elebidunak edo hirueledunak dira hona heltzen direnean (eta gaztelania eta kitxua dakizkite, edo bereberra eta arabera, edo arabera eta frantsesa...).

Nahi al dugu etorkinek haien hizkuntzak ahaztea gureak erabil ditzaten? Lehen esan bezala, norberaren lehen hizkuntza autoestimuaren eta identitatearen parte oso garrantzitsua da. Ez dago zertan kultura propioa galdu gizarte berrian egokitzeko, sustraiak beste nonbait garatzeko. Hizkuntzari uko egitekotan, zaila izango da “integrazioaz” hitz egitea.

Eskolak bilatu egin beharko du ikasleen hizkuntzak baloratzeko moduak. Eta haiekiko sentsibilitate handia garatu, era askotara adieraziko dena. Irakasleek ikasleen izenak ondo ahoskatu beharko dituzte (haien familiek egiten dutenaren ahalik eta antzekoen); ikastetxearen dekorazioan ere arreta jarri beharko da (adibidez, ongietorri hitzak hainbat hizkuntza eta alfabeto dituzten muralen bidez); eskolako festetan (Gabonak, inauteriak...) hemengo kantez gain etorkinen herrietako kantak entzun behar dira (ikasle guztiek ikasita eta abestuta), etab. Eta hori guztia ez bakarrik ikasi ahal izateko hain garrantzitsua den ikasleen autoestimua bultzatzeko, baizik eta baita ere eskolako ume guztiek bestela ikasiko ez lituzketen gauzak ikas ditzaten; horrela hainbat jatorritako jendearekin bizitzeak balio erantsia izango du, zerbait ekarriko du. Baina, jakina, horretarako irakasleok sinetsi behar dugu ikasle etorkinek badutela zer ekarri gelara.

Badago eskola bat jatorri portugeseko ikasle asko dituena, non portugesa hizkuntza ikasgai eskaintzen den ume guztientzat. Eta halako zerbait egin daiteke arabiar hizkuntzarekin ume marokoar ugari dagoen ikastetxeetan, eskola orduz kanpo edo eskola orduetan. Bi kasuetan abantaila bat dago: hizkuntza horiek hitz egiten ez dituztenek ere bizi diren auzoan jardun dezakete hizkuntza horietan. Jakina, ez dira kudeatzeko errazak diren proposamenak: zeinek emango dituen eskolak; arabiera formala, Afrika iparraldeko dialektoa edo besteren bat irakatsi behar den; zer egin behar den mailaketarekin (ezagueraren arabera ume arabieradunak eta autoktonoak ez lirateke batera egongo)... Edozein modutan ere, eta nahiz eta zailtasunak egon, uste dut ahaleginak merezi duela.

Inperatibo pedagogiko ezaguna da, bestalde, umeak bere lehen hizkuntza garatzen jarraitu behar duela, edozein dela. Beraz, kontua ez da familiak umearekin bere hizkuntza hitz egiteari utzi eta eskolako hizkuntza bat –euskara edo gaztelania- erabiltzea; eta are gutxiago ezagutza eskasa baldin bara. Ikerketek frogatu dute lehen hizkuntzaren garapena ezinbesteko baldintza dela beste hizkuntzak ondo ikasteko. Familiari eskatu behar zaio, beraz, haien hizkuntza ez baztertzeko eta umeak ahalik eta erregistro gehienetan erabiltzen jarraitzeko, egoera informaletan eta formaletan (eta komeni da irakurtzea, eta telebista ikustea, eta kantak ikastea...).

Guk baditugu arrazoiak hizkuntza gutxituenganako sentsibilitate berezia adierazteko, eta hemen etorkinen hizkuntza guztiak hala dira nolabait, beren herrian hala izan (kitxuara adibidez) ala ez (arabieraren kasua). Zorroztasun berezi horrek batzuetan oso argi ez dauden egoerak ikustaraziko dizkigu; horrela konturatuko gara Hegoamerikatik datozenen artean kitxuak daudela, eta maputxeak, aimarak... Afrika Hegoaldetik datozenekin gertatzen den moduan; batzuetan ahaztu egiten dugu guztiak ez direla arabiarrak; asko eta asko beste etnia batekoak dira: bereberrak. Izan ere, etorri berriak askotan sailkatzen ditugu jatorrizko estatuaren kultura eta hizkuntza nagusien arabera, batzuetan haiekin zapaltzaileak izan arren. Gerta daiteke, gainera, beren hizkuntza eta kultura ezkutatzea, prestigio gutxi daukatelako.

Duela urte eta erdi Kataluniako eskola batzuetan egindako ikerketa baten berri eman zuten komunikabideek (7): ikertzaile taldeak zenbat ume bereber zeuden jakin nahi zuen, irakasleek eta administrazioaren arduradunek arabeak balira bezala hartzen baitzituzten. Ez zen batere erraza izan hori jakitea. Lehenengo eta behin, inkesta bat pasatu zieten nongoak ziren eta jatorrizko hizkuntza zein zen galdetuz. Guztiek erantzun zuten marokoarrak edo arabiarrak zirela, eta beren lehen hizkuntza arabiera zela; batek ere ez zuen esan bereberra zenik. Datuek, hala ere, esaten zuten bereberrek egon behar zutela, baina lotsatu egiten ziren beren benetako kultur identitatea azaltzeko orduan eta ezkutatu egiten zuten. Horregatik gero beste inkesta bat egin zuten, disimulatuagoa: hiru hitz zerrenda ziren, katalanez, arabieraz eta bereberrez, eta etxean gehien zein hitz erabiltzen zituzten galdetu zieten. Emaitza harrigarria izan zen: umeen % 60k hitz bereberrak aukeratu zituzten; bereberrak ziren. Emaitza hauetatik abiatuta, bereberrari prestigioa emateko kanpaina proposatu zuten ikertzaileek, pentsatu baitzuten norberaren jatorria eta kultura ukatzeak ez zuela lagunduko inguru berriarekiko harreman positiboa ezartzen.

Horrelako erreakzioak ez dira arrotzak guretzat. Ez dago urrun garaia bat non zenbait euskaldun lotsatu egiten ziren euskaraz hitz egiteaz eta gaztelaniaz trakets adierazteaz.

Baina kontua da neuk ere ez dudala topatu nork dakien geure auzoan zenbat marokoar diren bereberrez hitz egiten dutenak, eta ezta geure eskolara joaten diren zenbat ume diren ere. Irakasleek ere ez dakite. Eta nola izango dute kontuan umearen hizkuntza, ez badakite zein den ere, eta pentsatzen badute guztiek etxean arabieraz hitz egiten dutela?

Esan dugu lehenengo hizkuntza mantentzea identitatearekin lotuta dagoela. Eta ez dagoela hizkuntzari uko egin beharrik kultura berrira egokitzeko, beste leku batean erroak egiteko. Maalouf-ek bere Identidades asesinas (8) liburuan identitate bakarra arbuiatzen du (nazio-estatuari lotutakoa, “frantsesa naiz”, “ingelesa naiz” bakarrik esaten duena) eta identitate anitza defenditzen du: pertsona bat euskalduna (edo galegoa, edo espainola) izan daiteke, eta aldi berean musulmana eta marokoarra eta feminista eta saskibaloi jokalaria... Zeren eta gauza asko izan gaitezke batera, eta horrela gutako bakoitza bakarra da (gure identitate osoa kontuan hartzen badugu) eta era berean gutako bakoitzak badu komunikazio eremu bat identitate alderdi berbera daukaten beste gizabanakoekin.

Eta aldi berean, euskaraz bizi izatea bada era bat sustraiak egiteko, bertakotzeko.

Kontua da baten batek inoiz pentsatu izan badu euskara aurrera egiteko ezinbestekoa zela Euskal Herri homogeneoagoa (ideologikoki, sozialki edo dena delakoa), orain badaki baldintza hori ez dela etorkizunean beteko. Etorriko dena kontrakoa da: gero eta aniztasun handiagoa hainbat alorretan (ezaugarri fisikoak, erlijio jardunak, mundu ikuskerak, sinismenak, ohiturak...). Euskara guztiona izango da edo ez da izango.


(AMELIA BARQUÍN Mondragon Unibertsitateko irakaslea da Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, Eskoriatzan)

“Etorki(zu)nak. Inmigrazioa eta kultur aniztasuna Euskal Herrian” izeneko jardunaldietan emandako hitzaldia da hau. Jardunaldi horiek Altsasun izan ziren, 2004ko urriaren 21etik 23ra eta Sakanako Mankomunitateak antolatu zituen. Hitzaldia gaztelaniaz zegoen eta eskertu behar dut www.erabili.com-eko Eñaut Frantsesenaren ahalegina itzulpen lan honetan. Gaztelerazko bertsioa agertzear dago SOS Arrazakeriak argitaratutako lan koaderno moduan.
Oin-oharrak
(1) Datu hauek ondorengo egunkarietatik hartu ditut: Berria 2004-06-19, Berria 2004-12-9, Gara 2004-10-07, Gara 2004-09-11, Gara 2004-09-29, ABC 2004-03-10, El Mundo, 2004-05-19, El País, 2004-01-29, El Periódico de Álava 2004-04-03.

(2) Sami Naïr, “Cinco ideas falsas sobre la inmigración en España”, El País 2002-05-16.

(3) Datu hauek ondorengo egunkarietatik hartu ditut: Berria 2004-06-2004, El Mundo, 2004-05-19, El País 2004-01-30, El País 2004- 01- 09.

(4) Colette Sabatier eta John Berry-n ikus daiteke, “Inmigración y aculturación” in Richard Y. Bourhis eta Jacques-Philippe Leyens, Estereotipos, discriminación y relaciones entre grupos, Madril, McGraw-Hill, 1996, 217-239 orr.

(5) Dolores Julianok honako hitzaldi honetan azalduta: Viure i conviure, la realitat de la immigració, Igualada, 2003-10-1.

(6) Lluís Maruny eta Mónica Molina, “Identidad sociocultural y aprendizaje lingüístico. El caso de la inmigación”, Textos 26, 2001eko urtarrila, 55-64 orr., 62 orr.

(7) Idurre Eskisabel, “Etorkinen ama hizkuntzari buruzko ikerketa Katalunian. Nortasun arazo bikoitza”, Egunkaria 2003-1-26.

(8) Amin Maalouf, Identidades asesinas, Madril, Alianza, 1999.


http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1105344737

Etorkinei euskara hurbiltzeko hitzarmena



Euskara ikasle etorkinei hurbiltzeko helburuarekin eta horretan lan egiteko asmoz, lankidetza hitzarmenaren berri eman dute gaur (2005-03-21) Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eta Kontseiluak.


Anjeles Iztueta Hezkuntza Sailburuak, Abel Ariznabarreta Sailburuordeak, Xabier Mendiguren kontseiluko Idazkari Nagusiak eta Iñaki Lasa Kontseiluko ildo politiko-instituzionalaren arduradunak parte hartu dute Bilbon egindako prentsa agerraldian.

Euskal kultura ardatz duen kultur aniztasuna heziketaren bidez lortzea da Hezkuntza Sailaren helburuetako bat. Erabateko kalitatea erdiesteko nahietazkoa da kultura arteko hezkuntza.

Kontseiluarentzat, berriz, euskararen etorkizuna ziurtatzeko eta normalizazio osoa lortzeko instituzioak eta gizarte eragileak beharrezko pausoak ematera bultzatzea da helburua. Horretan etorkinei behar bezalako harrera egitea garrantzitsua da.

Egitasmoaren helburua da ikasle etorkinak, horien familiak eta gainerako eragileak prestatzea Euskal Herriko hizkuntz eta kultur ezaugarriak lehenengo unetik ezagutu ditzaten. Horretarako Helduen Hezkuntzako irakasleak prestatu egingo dira eta ikasle etorkinek euskara ikasteko dituzten materialak aztertu eta berriak abian jarriko dira.


(NEREA PIKABEA AMUNDARAIN Kontseiluko komunikazioburua da)

Euskarara erakarri nahi dituzte immigrante berrien seme-alabak

EAEko Hezkuntza Sailak hitzarmena sinatu du Kontseiluarekin gazteok murgiltze ereduetara erakartzeko.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Kontseiluak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetan dauden 10.600 immigrante berrien seme-alabak «euskarara hurbiltzeko» akordioa sinatu dute. Horren berri Anjeles Iztueta sailburuak berak eta Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak eman zuten atzo, Bilbon egindako agerraldian.

Hitzarmenaren xedea ume eta gazte horiek guztiak etorkizunean «euskal herritar eleaniztunak» izatea dela nabarmendu zuen Mendigurenek. Hori lortzeko, «ezinbestekoa» da Euskal Herrian eskolatzen diren ume guztiak murgiltze ereduetan eskolatzea. EAEko euskal hezkuntza sisteman B eta D dira murgiltze ereduak eta, Mendigurenen berbetan, «horiek bakarrik segurtatzen dute ikasleek euskara menperatuko dutela».

Kontseiluko kideen aburuz, gizartea euskalduntzeko «ezinbestekoa» da eskolan lan egin eta hor eragitea. Euskal Herrira kanpotik datozen ume eta gazteei, dena den, «harrera egokia» egin behar zaie eta horretarako lan handia egin beharko da, Mendigurenen hitzetan «euskararen aldeko jarrera ez baita berez sortzen, landu egin behar da».

Anjeles Iztueta sailburuak ere asmo horiek azpimarratu nahi izan zituen. Bide horretan, hitzarmenaren xedea «ikasle etorkinei eta euren senideei Euskal Herriko hizkuntza eta ezaugarri kulturalak ezagutaraztea» dela adierazi zuen.

Akordioa urtebetean egongo da indarrean eta eman zituzten azalpenen arabera, jarduteko lerro bi izango ditu: «Helduen Hezkuntzako Ikastetxeetako (HHI) irakasleak euskararen eta euskal kulturako gaietan trebatzea», batetik, beraiek direlako Hezkuntza sarearen barruan neska-mutiko hauen gurasoekin harreman zuzena dutenak.

Horrekin batera, ikasle atzerritarrek euskara ikasteko duten materiala aztertu egingo dute eta, behar izanez gero, euren beharrizan eta premien neurrira moldatutako eskola-liburu berriak sortuko dituztela iragarri zuen Iztuetak.

Euskal herritarrei eskaera zehatza egin nahi izan zien Hezkuntza sailburuak, immigrante berriak «modu positibo eta eraikigarrian» har ditzaten: «Kultur aniztasuna aberasgarri moduan ulertuko duen herri kohesionatua eraiki behar dugu».

Azkenaldian behin baino gehiagotan aipatu izan duen ideia berretsi zuen sailburuak atzo: «16 urtekin euskal gazte guztiek, guzti-guztiek, euskara, gaztelania eta ingelesa ondo menperatzen dituztela amaitu behar dute derrigorrezko bigarren hezkuntza».

Agerraldian Iztuetak eman zituen datuen arabera, 10.600 immigrante berrien seme-alaba horien %53k Bizkaian ikasten dute, %28,5ek Gipuzkoan eta %18'5ek Araban. Gehientsuenak (%69) Hego Amerikako bi edo hiru herrialdetatik etorritakoak dira, %15 Afrikatik (inguru hartatik «gero eta gutxiago datoz», Iztuetaren hitzetan), %6 Asiako herrialdeetatik eta %10 EBko gainerako herrialdeetatik.

A ereduaren bazterketa

Hezkuntza Sailak Kontseiluarekin hitzarmena sinatu du ume etorkinen eskolatzeaz EAEko Auzitegi Nagusiak kaleratu berri duen ebazpena ezagutu eta gutxira. Bere idatzian, epaileek argi esaten zieten EAEko agintariei A eredua baztertzea Espainiako legeak urratzea zela.

Etorkinen seme-alabak euskalduntze bidean jarri nahi izatea ez zen, epaileen aburuz, arrazoi nahikoa hauek murgiltze ereduetara bideratzeko. Auzitegiak Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak berak emandako datuetan oinartu zuen erabakia. Izan ere, datuon arabera, Bizkaian eta Araban immigrante berriek A eredua aukeratu dute nagusiki euren seme-alabak eskolatzeko.

Ebazpenean gogoratzen zenez, 2003-2004 ikasturtean, Bizkaian, ume atzerritarren %53,1 A ereduan matrikulatu zituzten, %21,1 B ereduan eta %25,7 D ereduan. Gipuzkoan, berriz, A ereduan ikasle atzerritarren %13,66 matrikulatu zituzten, B ereduan %48,2 eta D ereduan, azkenik, %38,12. Arabako eskoletan, amaitzeko, A ereduan sartu zituztenak %65,48 izan ziren, B ereduan %28,89 eta D ereduan, berriz, %6,19.


Ikastetxea edozein dela ere, emaitza onak lortzeko aukera dauka ikasleak

Ikaslearen ezaugarriek zentroarenek baino sei aldiz gehiago baldintzatzen dituzte emaitzak.

Eskolan emaitza onak lortzea ikaslearen esku dago, ikastetxeak eta aukeratzen duen ereduak ez baitaukate eragin handirik. Izan ere, ikastetxearen erabakiak hartzeko autonomia eta ikaslearen gurasoen maila sozioekonomiko eta kulturalak dute eraginik handiena ikaslearen emaitzetan. Hala, ikaslearen ezaugarriek ikasketak egiten ari den zentroaren ezaugarriek baino sei aldiz gehiago baldintzatzen dituzte lortzen dituen emaitza akademikoak. Ondorio horretara heldu da Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea (ISEI), Pisa ebaluazio azterketaren emaitzaren bigarren irakurketa egitean.

OCDE Ekonomi Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen barruan dauden herrialdeek parte hartzen dute Pisa ebaluazio azterketan, eta beraren bitartez herrialde bakoitzaren hezkuntza sistemaren egoera neurtzen dute. 15 urteko ikasleek matematikan, hizkuntzan eta zientzietan duten ezagutza neurtzen du Pisak. EAE Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza sistemak 2003. urtean parte hartu zuen lehen aldiz, eta, oro har, OCDEko herrialdeen batez besteko emaitzak lortu zituen.

Hiru urterik behin egiten dute Pisa azterketa, eta bakoitzean arlo bati besteei baino garrantzi handiagoa ematen diote. 2003. urteko ebaluazioan matematika izan zen gai nagusia, eta arlo horretako emaitzak askoz zehatzago neurtu zituzten. Ikasleei 3.900 izan ziren EAEn azterketak egiteaz gainera, inkesta ere egin zieten. Ikastetxeetako zuzendariei ere bai EAEn 142 ikastetxek bete zuten. Berez, matematikarekin zerikusi handiagoa zuten galderek, baina beste arloetarako ere erabilgarriak dira ondorioak, Josu Sierra ISEIko zuzendariak zehaztu duenez.

OCDEren batez besteko emaitzak lortzeaz gainera, parekotasun handia agertu zuen EAEko hezkuntza sistemak. Izan ere, ikasle bikain gutxi daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan, baina txarrak ere oso gutxi dira. EAEko hezkuntza sistemak lehenengo azterketan agertu zuen parekotasun handia berretsi egin da bigarren azterketa egitean. Parekotasuna handia izan arren, oraindik ere itunpeko sareko ikasleek emaitza hobeak lortzen dituzte, baina aldea ez da handia. Hizkuntz ereduei dagokienez, itunpeko A ereduak lortzen du emaitza onena. Sare publikoan, berriz, D ereduak lortzen du onena, eta A ereduak txarrena. «Baina emaitza horiei ikasleen gurasoen maila sozioekonomiko eta kulturala eta ikastetxearen autonomia kentzen badizkiegu, emaitzak parekoak dira», agertu du Sierrak.

Autonomia eskasa

Hori erakusteko, hauxe zehaztu du: ikasleen gurasoen maila sozioekonomiko kultural handiena itunpeko ikastetxeetako ikasleek dute. Gainera, maila sozioekonomiko eta kultural jakin bateko umeek eredu eta sare zehatzetan pilatzeko joera dute. Dena den, EAEn sareka dauden aldeak OCDEko txikienak direla azpimarratu du ISEIko zuzendariak, eta beste guztietan sareka dagoen alde sozioekonomiko kulturala askoz handiagoa dela.

Ikastetxeak zenbat eta autonomia handiagoa izan, orduan eta emaitza hobeak lortzen dituzte ikasleek. Baina EAEko hezkuntza sistemako ikastetxeek ez dute autonomia handirik. Horixe ondorioztatu dute Pisa ebaluazio azterketa egin dutenek. Itunpeko sarekoen autonomia emaitza hobeak sare horretako ikasleek lortzen dituzte handiagoa da, baina ikastetxe publikoek ia ez dute ezer erabakitzeko eskumenik. Horrek ez du esan gura itunpeko sareak autonomia handiegia duenik; OCDEko beste herrialde askotakoa baino apalagoa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetan. Hala, eta ikastetxe publikoak itunpekoak baino askoz gehiago direnez, OCDE barruan dauden herrialdeen artean azken zortzigarrena da EAE autonomia mailan. Hala, ikastetxeei autonomia gehiago emanda emaitzak hobetu daitezkeela uste du Sierrak.

Estreinakoz Berrian argitaratua, 2005-03-22an.

http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1111428402

Ikasleen euskara maila neurtu dute



Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) A ereduan ikasten ari den 16 urteko ikasle bakar batek ere (%100ak) ez du euskaraz normaltasunez komunikatzeko ahalmenik. B ereduko ikasleen %67ak ere ez. Ezta D ereduko %32ak ere. Hala egiaztatu du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak 16 urteko ikasleen euskara maila neurtzeko prestatu duen azterketak.


Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) diharduten 16 urteko gazteen euskara maila neurtzeko azterketa paratu du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak. Azterketa horren bidez Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) baino maila apalagoa neurtzen da, ingeleseko First Certificate azterketaren parekoa.

A ereduko bi ikastetxetan jarri dute azterketa: ikasle bakar batek ere ez du gainditu (%100). B ereduko ikasleen %67ak ere ez du azterketa gainditu; D ereduko %32ak ere ez.

Nazioarteko neurgailua
Nazioartean beste hainbat hizkuntzen maila neurtzeko erabili ohi den neurgailu berbera erabili da euskararentzat ere. Hizkuntzen erreferentziako marko komun europearra kontuan hartu du EAEko Hezkuntza Sailak (Europar Kontseilua) eta ALTE-k (Association of Language Testers in Europe) definitutako maila eta zertifikazioetan ardaztu du EAEko ikasleen euskara maila neurtzeko azterketa.

Beraz, apatu oinarri horiekin, ISEI-IVEI-k (unibertsitateaz kanpoko Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak), Pedagogi Berriztapenerako Zuzendaritzarekin batera, B2 mailarekin (ALTE-ren 3. maila) bateragarria den euskara-proba bat eraiki du 16 urteko gazteen euskara maila neurtzeko.

Nazioarteko neurgailua

Nazioartean beste hainbat hizkuntzen maila neurtzeko erabili ohi den neurgailu berbera erabili da euskararentzat ere. Hizkuntzen erreferentziako marko komun europearra kontuan hartu du EAEko Hezkuntza Sailak (Europar Kontseilua) eta ALTE-k (Association of Language Testers in Europe) definitutako maila eta zertifikazioetan ardaztu du EAEko ikasleen euskara maila neurtzeko azterketa.

Beraz, apatu oinarri horiekin, ISEI-IVEI-k (unibertsitateaz kanpoko Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak), Pedagogi Berriztapenerako Zuzendaritzarekin batera, B2 mailarekin (ALTE-ren 3. maila) bateragarria den euskara-proba bat eraiki du 16 urteko gazteen euskara maila neurtzeko.



Azterketa gainditzen duenak egiaztatzen duen gaitasuna
Euskara azterketa hau gainditzen duen ikasleak gaitasun maila hauxe dauka:

Irakurmena
Gaur egungo artikuluei buruzko arazoak zein txostenak ulertzeko.
Autoreen jarrera edo iritzi anitzak ulertzeko.
Literatura garaikideko prosan idatzizko testuak ulertzeko.
Idazmena
Bere interesekin lotutako gai askori buruzko testuak idazteko.
Idazlan edo txostenak idazteko, non informazioa azaltzen den edo ikuspuntu zehatz baten alde edo kontrako argudioak azaltzen diren.
Zenbait eginkizun edo esperientziak nabarmentzen diren gutunak idazteko.
Entzumena
Hitzaldi luzeak ulertzeko edo eztabaiden konplexuen ildoa jarraitzeko, betiere gaia ezaguna izanik.
Komunikabideetako albisteak eta saioak edo euskara batuaz erabiltzen dituzten pelikulak jarraitzeko.
Mintzamena
Bere inguruko gaiei buruzko deskripzio argiak egiteko, zenbait aukera kontuan izanda, eta horien abantailak eta eragozpenak azaltzeko.
Naturaltasun eta jariotasunez elkarrizketetan parte hartzeko; hortaz, arazo gabeko komunikazioa ahal du aurrera eraman bertako hiztunekin.
Testuinguru ezagunetako eztabaidetan ahal du parte hartu bere iritzi edo ikuspuntua emanez.
Hizkuntza ezagutza
Orokor eta inguruko gaiei buruzko hiztegi zabala edukitzeko.
Zalantza lexikoak izan arren hitzak errepikatzea saihesten saiatzeko.
Dituen akats gramatikalek ez diote komunikazioa eragozten, gutxi eta ez-sistematikoak baitira.
Kohesio eta koherentzia egokia du eta idazteko arauak errespetatzeko (gramatikan, ortografian, etab.).

Emaitzak



Jarraibideak

Egoeraren lehendabiziko azterketa honetatik EAEko Hezkuntza Sailak honako jarraibideak proposatu ditu:

Euskararen lorpen-mailak zehaztea etapa guztietan. Ikasleriak lortu behar dituen mailak zehaztea eta ikasi beharrekoaren definizio argi bat egitea. Maila eta etapa bakoitzerako helburu zehatzak ezarriko dira, Haur Hezkuntza eta DBH amaierarako.
Administrazioak etapa bakoitzaren amaieran lortu daitezkeen zertifikazioak ezarriko ditu. Zertifikazio hauek ALTE-ren homologazio bidea jarraituko dute. B2 ziurtagiria proposatzen da derrigorrezko irakaskuntzaren amaierarako.
Irakastereduak erreformatzea 10/1982 Euskararen Erabilpena Arautzeko Oinarrizko Legeak markatzen dituen helburuak lortzeko, beraien emaitzak ebaluatuz.
Irakasleriaren euskararen kalitatea hobetzea hobekuntza ikastaro espezifikoen bitartez.
_____________________________________________

Ikasleen euskara mailaren ebaluazioari buruzko txostena HEMEN daukazu oso-osorik.

http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1114559114

Eskolak euskaldundu beharko luke, baina...



Euskal Autonomia Erkidegoko ia gazte guztiek uste dute derrigorrezko hezkuntza amaitzean euskaraz jakin beharko luketela. Gazte beraien erdiaren iritziz, ordea, hori ez da horrela gertatzen. Ondorio hori plazaratu du Eusko Jaurlaritzak Euskal Gazteen Behatokiaren eskutik plazaratu berri duen Gazteen Argazkiak 8 inkestaren txostenak.


Inkesta 15 eta 30 urte edo gehiago dituzten 11.984 lagunekin egindako elkarrizketetan oinarritu da. 15 eta 29 urte arteko 3.430 gazteren eta 30 urtetik gorako 8.554 lagunen erantzunak biltzen ditu eta 2004 urteko lau epetan egindakoa da.

Gaztelania aurretik
Inkestan jasotako erantzunen arabera, ia gazte guztiek uste dute derrigorrezko hezkuntzaren zikloa bukatzerakoan, 16 urteren bueltan, EAEko gazteek gaztelaniaz zein euskaraz beren burua txukun defendatzeko gauza izan beharko luketela. Oso bestelakoak dira, ordea, derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan gazteek gaztelaniaz eta, batik bat, euskaraz ba ote dakiten galderaren aurrean ematen dituzten erantzunak.

Gazteen %98 dira eskola amaitzean gaztelaniaz jakin beharko luketela uste dutenak. Euskararen jakin beharra ere %100etik gertu dabil gazteen erantzunetan, baina gaztelaniaren beharretik bost puntu beherago, %93an. Gazteenen artean, 15 eta 17 urte dituztenen artean, gainera, gutxitu egiten da eskola bukatutakoan euskaraz jakin beharko luketenaren ustea. Adin tarte horretan %88an kokatzen dira uste horren aldeko erantzunak.

Erdiak ere ez
Eskolak ez du, ordea, gazteek uste edo nahi luketen neurrian euskalduntzen, ez behintzat esku artean dugun inkestaren emaitzak ikusita. Izan ere, EAEko gazteen erdiak baino gutxiagok, %48ak, uste du derrigorrezko hezkuntzaren ondoren euskaraz badakitela edo jakingo dutela.

Euskara jakitearen beharrari garrantzi txikiena ematen dioten 15 eta 17 urte tartekoak dira, aldiz, eskola amaitzean euskaraz jakingo dutela gehien sinesten dutenak, adin tarte horretan %55era igotzen baita zentzu horretako erantzunen kopurua. 22 eta 25 urte artekoak dira ezkorrenak: %42k bakarrik uste du eskolatik behar bezala euskaldunduta atera dela.

Derrigorrezko hezkuntzak gaztelania jakitea ahalbidetzen duela uste dutenen kopurua, berriz, hiru laurdenen bueltan gelditzen da: %77 dira uste horretakoak.

Beste hizkuntzak
EAEn ofizialak diren euskaraz eta gaztelaniaz gain, gazte gehienek uste dute eskolatik ingelesa ondo ikasita atera beharko luketela (%80). Atzerriko beste hizkuntza baten behar ustea txikiagoa da (%38).

Euskararekin bezalatsu, eskolak atzerriko hizkuntzak erakusten duen eraginkortasuna ere kaxkarra dela iritzi dute inkestan parte hartu duten gazteek. %17k bakarrik pentsatzen du derrigorrezko hezkuntza amaitzerako ingelesa jakitea posible dela.

Gutxiren kezka
Hizkuntzen ikasketa eta eskola lotzen dituzten galdera-erantzunak Gazteak eta hezkuntza atalaren baitan ageri dira Gazteen Argazkiak 8 txostenean. Eta hizkuntzen irakaskuntzari buruzko iritziak oso baikorrak ez diren arren, elkarrizketatutako gazteen gehiengoaren ustez (%65) EAEn derrigorrezko hezkuntzaren maila ona. %4k besterik ez dio maila txarra dela.

Txostenaren lehen atalean ere (Gazteak eta eguneroko bizitza) badago hizkuntzarekin lotutako kezkentzako tartea. Hain zuzen ere, Norberaren arazoak azpi-atalean gazteei eguneroko bizitzan aurkitzen edo dituzten arazo nagusienen inguruan galde egin zaie. Erantzunen artean, hizkuntz egoerarekin lotutako arazoek tarte hartzen dute. Elkarrizketatutakoen artean, %3k bakarrik aipatzen ditu, kezka nagusi den etxebizitzarengandik (%41) oso urrun, eta osasungintza, ingurumena, zerbitzu publikoen eraginkortasuna eta gazteei dagozkien arazoekin parekatuta.

http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1132131895

viernes, enero 12, 2007

Ikasle etorkinen % 50 eskolan gaztelania hutsez


Ikasle etorkinen %49,6 gaztelaniazko A ereduan ari da ikasten, euskaratik erabat urrunduta. Gaur egun, 13.600 dira Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikastetxeetan ikasten ari diren etorkinak: 20 ikasletik bat etorkina da.


Gero eta gehiago
EAEko ikastetxeetara iristen diren ikasle etorkinen kopuruak, etengabe, gora egiten jarraitzen du: 2006. urteko lehenengo 6 asteetan (urtarrilaren 1etik otsailaren 15a bitartean) 620 ikasle etorkin etorri dira EAEko ikastetxeetara. Latinoamerikako herrialdeetan ikasturtea abenduan amaitzen da eta eskola-umeak urtarrilean oporretan izaten dira. Hain zuzen ere, urte garai honetan elkartzen omen dira EAEn lanean ari diren gurasoak Amerikatik etorritako seme-alabekin.

Azken bi urteotan izandako hazkundea izugarria izan da: 2004-2005 ikasturteko datuak 2005-2006 ikasturteko otsailaren 15a arteko datuekin alderatuz gero, gaur orain bi ikasturte baino 5.000 etorkin gehiago daude matrikulatuta derrigorrezko hezkuntzari dagozkion mailetan.

Hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoan 13.600 ikasle etorkin zenbatuta daude 2006ko otsailean, 2005ko ikasturte amaieran EAEn ikasten ari ziren etorkinak baino 2.084 gehiago. Gaur egun, 7.489 dira Bizkaian matrikulatutako etorkinak, 3.365 Gipuzkoan eta 2.745 Araban.

2001. urtean EAEko ikasleen artean etorkinak 2.720 ziren (ikasle guztien % 1) eta bost urte beranduago, 2006an, 13.600 dira (ikasle guztien % 5). Ia-ia EAEko ikastetxeetan ikasgela bakoitzeko etorkin bana dago: 20 ikasletik bat etorkina da.

Gaztelaniaren hautua
Sare publikoko ikastetxeetan eta itunpekoetan aukeran diren hiru hizkuntza ereduen arteko banaketari erreparatuta, nabarmena da gaur egun derrigorrezko hezkuntzan matrikulatuta dagoen ikasle etorkinen gehiengo zabala euskalduntzean bermerik txikiena ematen duten ereduetan ikasten ari dela. Erdiak (% 49,6k) A ereduan ikasten du, ia heren batek (% 27,8) B ereduan eta ikasle etorkinen % 22,6 bakarrik dago D ereduan matrikulatuta. Euskaldunena den azken eredu horrek du, hain zuzen ere, ikasle etorkinen kopururik txikiena.

Hiru lurraldeetako datuak bateratuta, 6.700 ikasletik gora dira A ereduan ikasten duten etorkinen seme-alabak, 3.750etik gora B ereduan ikasten dutenak, eta 3.000 pasatxo D ereduan ari direnak. Gaztelaniaren presentzia ira erabatekoa edota oso garrantzitsua den ereduen hautua nabarmena da horrenbestez etorkinen artean, nahiz eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailetik etorkinen artean ere eredu euskaldunen aldeko apustua indartzea helburu izan.

Etorkinen hizkuntza ereduen aukera lurraldeen egoeraren ispilu
Gurera etorritako etorkin askoren ama hizkuntza gaztelania dela ahaztu gabe (latinoamerikarren kasua), ikasle etorkinen hizkuntza ereduen araberako banaketan EAEko lurraldeen egoeraren ispilu ere badela esan daiteke, lurralde bakoitzean euskarak gaur egun duen presentzia eta hedaduraren ispilu, hain zuzen.


Araban % 75 A ereduan

Horrela, A ereduaren aldeko joera Araban da bereziki nabarmena. Lurralde horretan ikasle etorkinen % 75ek ikasten du euskara ikasgai soiltzat duen ereduan, eta % 4,75 besterik ez daude D ereduan matrikulatuta.


Bizkaina % 55 A ereduan

Bizkaian ere A ereduak koska kentzen die gainerako biei (% 54,9), baina lurralde honetan B eta D ereduak askoz parekatuago agertzen dira: ikasle etorkinen % 22,6a da B ereduan ikasten ari dena, eta % 22,5a D ereduan ari dena.


Gipuzkoan B eredua nagusi: % 45

Gipuzkoan euskaldunen batez bestekoa beste bi lurraldeetan baino handiagoa den hein berean, etorkinen ereduen araberako banaketaren datuak ere beste bietan baino hobeak dira, euskararen ikuspuntutik. Beste herrialdeetatik etorritakoen seme-alaben euskalduntzea bermatzetik oso urrun oraindik, baina Gipuzkoa da A eredua etorkinen artean nagusitzen ez den lurralde bakarra (eredu horretako eskaintza beste bietan baino txikiagoa ere bada Gipuzkoan). Gipuzkoan B ereduan kokatzen dira etorkin gehienak (% 45) eta jarraian D eredua dator, etorkinen % 37,3arekin. A ereduan matrikulatutakoak % 17,7 dira.

http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1141658751

Etorkinak eta hizkuntz ereduak

2005. urtean Kontseilua eta Hezkuntza Sailaren artean, etorkinen seme-alabak euskarazko eredutara erakartzeko izeneko egitasmoa hitzartu zuten. Kontseiluaren egitasmo honetan burututako diagnostikoaren aztergaietako bat hau izan zen: etorkinak eta hizkuntz ereduen hautua.
Hemen aurkezten dugun gaia ikuspuntu ezberdinetatik azter daiteke; oraingo honetan, hizkuntz normalizazioa eta immigrazioa hartu ditugu ardatz gisa. Hizkuntz politika zein immigrazioa zehar-lerro moduan lantzen ohi diren bi gai ditugu. Euskararen hizkuntz normalizazioa abiapuntua izanik ere, esandako bi ikuspuntuak uztartzen saiatu gara, kasu honetan Hezkuntzaren eremuan kokaturik.
Immigrazioaren inguruko oinarrizko datu batzuk
XX. mendean Hego Euskal Herrian izandako immigrazio fluxuak Estatu espainiarretik etorri ziren. XXI mendean, berriz, estatu barneko migrazio-mugimenduez gain, estatuaz kanpoko beste herrialdeetatik datozen etorkinak gero eta gehiago dira. Eta, horien artean, bereziki Europar Batasunetik kanpoko herrialde ez-garatuetatik.
Estatuz kanpoko immigrazioari dagokionez, Hego Euskal Herriko egoera aztertzen dugunean kopuru erlatiboei dagokienez alde handia dago EAEko eta Nafarroako datuen artean (% 4 eta % 9 inguru). Bestetik, EAEko herrialdeei dagokienez ere beraien artean ezberdintasunak daude, kopuru absolutu handiena Bizkaian badago ere, kopuru erlatiborik handiena Arabakoa da.
Estatuz kanpoko etorkinak, gehienak latinoamerikarrak dira (Ekuador, Kolonbia, Argentina, Bolivia, Peru...). Ondoren magrebiarrak daude (Marokokoak bereziki). Atzetik Europar Batasuneko etorkinak ditugu (Portugal, Frantzia...). Eta azkenik Europa erdi eta Ekialdekoak (Errumania, Bulgaria...), Saharaz hegoaldeko Afrikakoak, eta Asiakoak (Txinakoak).
Datu orokor horiek, baina, batzuetan ez dute ongi islatzen gure eskualde edo herrietako errealitatea. Leku batzuetan estatuz kanpoko etorkinik ia ez dagoen bitartean, besteetan kopuru absolutua edota erlatiboa nabarmena da (bereziki hirietan eta lan-eremu espezifiko batzuekin loturiko zonaldeetan).
Hezkuntza sistemari dagokionez, azken urteotan Euskal Herrian estatuz kanpoko etorkinen seme-alaben kopurua urtez urte nabarmen igotzen ari da, eta Hego Euskal Herriko 2005-2006 ikasturteko datuak hauek lirateke: EAEn 12.991 (% 4,6) eta Nafarroan 7.775 (% 8,7).
Hizkuntz ereduak
Berezko hizkuntza gutxiagotua dagoen kasuetan, gurean bezala, argi dago eskolak protagonismo handia hartzen duela hizkuntzaren normalizazio eta berreskurapen prozesuan. Erantzukizun osoa eskolaren esku utzi ezin bada ere, horretan duen zeregina funtsezkoa da, hizkuntza ikasteko bidea ematen baitu.
Euskal Herrian D edo B ereduetan matrikulatzeko joerak gora egin badu ere, oso ezberdina da zonalde batzuen eta beste batzuen dinamika. Esaterako, EAEn gehiengoak bi eredu hauetan matrikulatuta egonik ere (2004-05 ikasturtean, derrigorrezko hezkuntzan, % 51 D eta % 22,6 B), herrialdeen arteko kopuruak oso ezberdinak dira (D ereduan Gipuzkoan % 66, Bizkaian % 45 eta Araban % 29). Hala ere, azken urteotan kasu guztietan gorako joera dago, eta Haur Hezkuntzako matrikulazio berrien gorakada bereziki adierazgarria da (2005-06 ikasturtean % 62,7 D, % 29,5 B eta % 7,8 A ereduan).
Nafarroako datu orokorrei dagokienez, D ereduan matrikulatutakoak gutxiengoa izanik ere (2003-04 ikasturtean % 21), zonaldeen arabera datuak oso bestelakoak dira (Sakanan, esaterako, 2004-05 ikasturtean % 75 D ereduan), eta, oro har, gorako joera dago. Iparraldeari dagokionez, berriz, gorako joera hori oso apala da.
Estatuz kanpoko etorkinen seme-alaben matrikulazio datuak, berriz, oso ezberdinak dira. EAEn % 51,8 A ereduan matrikulatzen den bitartean, erdia baino gutxiago B eta D ereduetan matrikulatzen da (% 27,8 eta % 20,4). Nafarroan, berriz, D ereduan matrikulatutako etorkinen seme-alaben kopurua % 2 ingurukoa da. Iparraldeaz, berriz, daturik ez dugu.
Etorkinen hautua
Naturala al da etorkin gehienek beraien seme-alabak A ereduan matrikulatzea? Hasieran aipatu den Kontseiluaren egitasmorako egindako diagnostikoan, besteak beste, guraso etorkinen hautuan eragin dezaketen faktoreak aztertzen saiatu gara. Ezin artikulu honetan azterketa bere osotasunean azaldu; A ereduaren aldeko hautura bideratzen duten hainbat faktore aipatu eta laburbilduko dugu.
Motibo ugari dira hautu horren atzean; fenomeno sozial gehienetan bezala, honetan ere ez dago faktore eragile bakarra. Beharbada faktore nagusi batzuk aurkituko ditugu, baina betiere beste faktoreekin elkarreragin harreman batean.
Egoera soziala eta soziolinguistikoa
Euskararen egoera demolinguistikoa (euskararen ezagutza eta erabilpen maila) eta egoera diglosikoa.
Erdara jakitea eta ikastearen beharra EHn bizitzeko.
Eguneroko bizitzan euskara beharrezkoa egiten ez den heinean, ekonomia linguistikoagatik, ez da lehentasunezko kontutzat hartuko.
Euskararekiko jarrerak eta balorazio soziala. Ingurunean euskararekiko jarrera negatiboak dauden heinean (balorazio eza, politizazio negatiboa...), euskara gatazka elementutzat har daiteke.
Hezkuntza-sistema
Hezkuntza-sistemaren beraren egitura
Hizkuntza-eredu ezberdinen eskaintza bera ere nahasketarako bidea da.
Hezkuntza-sistemaren egitura-hutsuneak: irakasle erdaldun elebakarren existentzia distortsio elementua izan daiteke (interes-taldea A eredua mantentzeko).
Ikastetxeen arteko lehiakortasuna: hezi beharreko ikasleen interesen eta interes orokorraren gainetik ikastetxeen interesak jar daitezkeelako.
Hezkuntza-sistemaren baliabide eza. (D ereduan plaza nahikorik ez, laguntza-irakasle eta material nahikorik ez). Euskarazko ereduetan ikasleak artatzeko baliabiderik ezean errazena A eredura bideratzea da.
Informazioa eta eragile estrategikoen eragina
Informazioaren garrantzia
Abiapuntu gisa, guraso etorkin gehienek aurretik duten informazio eta ezagutza eza hemengo egoera kulturala eta linguistikoaren inguruan.
Guraso askok aurretik ez dute hizkuntz eredu elebidunen sistema ezagutzen, eta batzutan ez dute informazio argirik jasotzen (ereduen arteko ezberdintasunak eta, bereziki, emaitzak edo ondorio lingüistikoak).
Hezkuntzako eragileen artean etorkinen seme-alaben matrikulazioa bideratzeko orientabideen sozializazio eza.
Informazio-komunikazio politika eskasa. Hutsune handia dago hezkuntza eta hizkuntza-ereduen inguruko informazio ofizialean (tresnak, hedapena...).
Eragile estrategikoen eragina
Eragile estrategikoak honako hauek dira: bere kokapen estrategikoagatik gurasoen hautuan eragin zuzena izaten ahal dutenak. Eta ikusiko dugun bezala horrelako ugari ditugu.
Agente horien aldetik, etorkinen seme-alabak A eredura bideratze horren atzean jarrera edo motibazio ezberdinak egon daitezke: ikuspegi paternalistak (etorkin gaixoak...), interes korporatiboak (A eredua mantentzeko interesa), euskararen kontrako jarrera ideologiko /politikoak, erosotasuna, jarrera baztertzaileak, agenteen formazioa edota sentsibilizazio eza.
Ugari dira gurasoen hautuan eragina izaten ahal duten eragile estrategiko horiek:
Ikastetxeen arduradunak: Zuzendaritza
Hezkuntza Saila: Lurralde-Ordezkaritza, Eskolatze Batzordea
Udal-zerbitzuak: Ongizate-zerbitzuak
Etorkinentzako GKE direlakoak
Etorkinen elkarteak
Bestelako erakunde erlijiosoak
Etorkin erreferentzialak
Beste jende erreferentziala: pertsona publikoak, ugazabak...
Harreman-sareak eta bestelako harremanak
Etorkinen berezko harreman-sareak
Harreman-sareen pisua migrazio-prozesuan (laguntza-sarea). Horiek gidatzen dituzte beraien pausuak... beraien aholkulariak eta erreferentzia dira.
Interesa bere komunitate-kideekin egoteko.
Talde arteko harremanak
Helmuga-herrialdearen komunitatearekiko harremanak (harreman ezaren eragina)
Familiaren egoera eta migrazioaren bizipena
Migrazio-prozesuaren dinamika
Egoera administratiboa, sozio-ekonomikoa, laborala. Hori guztiaren beste alderdi batzuk ondorengo hauek izan daitezke. Batetik egoera ekonomikoarekin lotuta, berezko kontzentrazioak auzo edo gune zehatz batzuetan. Bestetik ezegonkortasunaren eragina dugu, hau da, egoera hobetzeko leku batetik bestera mugitu (zertarako hemengo hizkuntza ikasi hemen geldituko garen ez badakigu...). Ahultasun egoerak ere autoritatearen hitzarekiko menpekotasuna sortzen du (zuzendariak A ereduan matrikulatzeko esaten badu...).
Itzultzeko asmoa edo itzuleraren mitoaren eragina. Itzultzeko asmoa duenak seme-alabek euskara ikasteari ez dio garrantzirik ematen. Asmo hori, baina, kasu askotan ez da betetzen, eta haurrek euskara ikasteko aukera galtzen dute.
*Gurasoek kulturazioa / akulturazioarekiko duten jarrera (integrazioa, asimilazioa, segregazioa, dekulturazioa).
Jatorrizko kultura
Erlijioa eskola zehatz batzuetan matrikulatzeko faktore izan daiteke. Hau, bestetik, eskola horietan dagoen hizkuntz eskaintzarekin lotu beharko litzateke.
Jatorrizko hizkuntza(k).
Hemengo hizkuntza ofizialen aurretiko ezagutzari dagokionez, gaztelania ez ezagutzea elementu negatibotzat baloratzen da (gaixoak bi hizkuntza ikasi beharko ditu...).
Eleaniztasun esperientzia. Hainbat etorkin familia berez elebidun edo eleanizduna dugu (horietako asko hizkuntza gutxituen eledunak). Horrek eleaniztasunaren inguruko esperientzia positiboa ematen badie ere, hori positibotzat baloratu beharrean, eragile batzuek irakurketa negatiboa egin eta zamatzat hartzen dute (horrenbeste hizkuntza ikastea...).
Bestelakorik
Seme-alaben beste ezaugarriak. Adinez koxkorturik daudenen kasuan halako etsipena dago (adin horrekin ez dute jada euskara ikasiko...), eta baita edozein premia berezia dutenen kasuan ere (gaixoak nahikoa dauka...).
Jendartearen jarrera
Hezkuntza-komunitatean ere integrazioarekiko sentsibilizazio eza eta jarrera baztertzaileak ikus daitezke. Izan ere, Hezkuntza-komunitatean jendartean agertzen den hainbat portaera baztertzaile ere erreproduzitzen da, etorkinen seme-alaben integrazioa eta kohesio soziala beraren kontra jotzen duena.
Jarrera negatiboak, oro har, etorkinen seme-alaben kontzentrazioaren inguruko pertzepzioan iturria izaten du. Kontzentrazioa, bestetik, hainbat estereotipo negatiborekin lotzen da: kalitatearen galera, gatazkak...
Aurrekoaren ondorioz, eskolan edo gelan etorkinen kopurua handitzat hartzen dutelako, kasu batzuetan guraso autoktonoek bere seme-alabak A eredutik B eredura, edo B eredutik D eredura aldatzen dituzte. Bestetik, ikastetxeetan ere horrelako jarrerak detektatu dira: ikastetxearen irudiaren kalterako izanen delakoan (kalitatea jaitsiko delakoan) ez dute interesik etorkinen seme-alabak eskolan edo eskolako D / B ereduetan matrikulatzeko, eta beste eskola batzuetara bideratzen dituzte (A ereduetako ikastetxeetara, dagoeneko etorkinen seme-alabak dauden beste ikastetxeetara...), edo A eredura.
Hizkuntz integrazioaz
Euskararen normalizazioaren ikuspuntutik, helburua etorkin guztiak prozesu horren subjektuak izatea izan beharko litzateke.
Hasieran aipatu bezala, hizkuntz normalizazioaren eta immigrazioaren ikuspuntuak bidean, hizkuntz ereduen gaia eta euskara ikastea integrazio soziokulturalaren ikuspegitik aztertu nahi dugu, betiere ahalik eta ikuspegirik osatuena izateko.
Hainbat etorkinei euskararen inguruko kezka beharbada urruti samar geldituko bide zaio, askok bestelako lehentasunak izanen baitituzte (lana, etxebizitza...). Alabaina, hizkuntz ereduen hautuak, euskara ikastearekin loturik dagoen heinean, eragin zuzena izan dezake beraien seme-alaben etorkizunean, beraien integrazioan, hain zuzen ere. Izan ere, haur horientzat euskara ikasteak edo ez ikasteak hainbat ondorio izan ditzake haien orainaldiari zein etorkizunari begira.
Euskara ikas dezaten bultzatu
Aipatu integrazio soziokulturalaren ikuspegitik, Euskal Herriko gainontzeko ikasleak bezala, etorkinen seme-alabak ere euskara ikas dezaten bultzatu beharko litzateke. Eta helburu horri begira, euskara ikasiko dutela ziurtatuko duen irakaskuntza eredura bideratzen saiatu. Besteak beste, ondorengo arrazoiengatik:
Eskolak aukera ematen die modu natural batean euskara ikasteko.
Eskolan ikasi ezean, euskara ikasteak gerora esfortzu handiago ekarriko die.
Hezkuntza elebiduna (eleanizduna) oztopo bat izan beharrean, haurren garapen kognitiboan eragin positiboa izan dezake.
Euskara ikasten ez duenak (kasu honetan etorkinen seme-alaba gehienak) ez ditu aukera berdinak izanen: lan-merkatuan lehiatzeko, hemengo kultura bere osotasunean ezagutzeko...
Euskarak integratua sentitzen laguntzen ahal die
Hizkuntza kultura-integrazio elementua da (identitatea eta alde afektiboarekin loturik).
Guraso gehienek seme-alabak euskalduntzeko hautua egiteak hau adierazten du: jendarteak euskara partekatutako eremuan jartzeko borondatea.
Joera orokorrarekin bat ez egitea –etorkinen seme-alabek euskara ez ikastea– kohesio sozialari begira talka elementua bihurtuko da.
Azkenik, eta A ereduaren hautaketarekin ere loturik egon daitekeena, eskola batzuetako A ereduetan gertatzen diren etorkinen seme-alaben metaketa artifizialak, bazterketa eta banaketa soziala bultzatzeaz gain, elkarbizitza, elkar ezagutzea eta kohesio sozialaren kalterako dira.
Integrazioa vs asimilazioa / segregazioa
Hizkuntz integrazioa aipatu dugunean, baina, integrazioa asimilazio zein segregazioarekin kontrajarri nahi dugu. Eta xede horri begira, gure ustez, betiere mahai gainean ondorengo helburuak jarri beharko lirateke.
Etorkinen seme-alabek euskara ikastea
Hori ziurtatuko duen hezkuntza eredu batean matrikulatzea
Ikas-prozesuan beharreko laguntza bermatzea (beste ikasleen hizkuntz gaitasuna lortuko dutela ziurtatzeko)
Eskolan etorkinen jatorrizko kultur eta hizkuntzen errekonozimendua eta babesa
Azken ondorioa
Egun estatuz kanpoko etorkinen seme-alaben matrikulazio datuak eta datu orokorrak alderatzen ditugunean halako disoziazioa ikusten ahal dugu, bereziki hizkuntz ereduen hautuari dagokionez.
Etorkin gehienen hautuak, seme-alabak A ereduan matrikulatzeko, hainbat ondorio ekar ditzake: seme-alaben aukera berdintasun eza, ghettizazioa, kohesio sozialerako distortsioa...
Erantzukizuna, baina, ez da bakarrik etorkinena. Hautu horren atzean faktore eta eragile ugari dago; guztioi dagokigu eta guztiok dugu maila ezberdinetako ardura.
(MARIO ZAPATA SOLANO soziologoa da eta Kontseiluak 2005 urtean burututako Ikasle etorkinak murgiltze ereduetara erakartzeko egitasmoaren koordinatzailea izan zen)

http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1149839897

Ikasle etorkinak gero eta gehiago




Ikasle etorkinen hazkundeak ez du etenik Hego Euskal Herrian. Derrigorrezko hezkuntzan ari direnak kontuan hartuta, ikaslegoaren % 4,4 etorkinen seme-alabek osatzen dute. EAEn urtero 2.500 inguru dira eskolara hasten diren ikasle etorkinak. Halere, batez besteko handiena Nafarroan ematen da: han 10 ikasletik bat etorkina da.
Inmigrazioaren fenomenoa indartzen ari den neurrian, gero eta gehiago dira Euskal Herriko eskoletan ikasten hasten diren etorkinen seme-alabak. Beste herrialde batzuekin alderatuta kopurua nabarmena ez den arren, ikasle etorkinen hazkundea etengabekoa da eta bide beretsutik jarraituko duela dirudi.
Jatorri, kultura eta hizkuntza ezberdinetatik datozen haur eta gazte horien integrazioa erronka bilakatu da hezkuntza sistemarentzat, hizkuntz ereduak tarteko.
Etengabeko hazkundea
EAE eta Nafarroako ikastetxeetan 21.000 inguru dira ikasle etorkinak. Horrek esan nahi du ikaslego osoaren % 4,4 dela etorkina. EAEn ikasle etorkinen kopurua 13.900 ingurukoa da, ikaslegoaren % 4,27a beraz. Nafarroan ehunekoa handiagoa da, % 10era iristen da.


Zenbaki eta kopuru hauek inmigrazioak gurean azken urteotan izan duen hazkundearen ia parekoak dira. Horrela ikus dezakegu Mario Zapatak bere Etorkinak eta hizkuntza-ereduak lanean jasotako ondorengo koadro honetan:




Etorkinen hazkundeak oro har, eta ikasle etorkinenak haren eskutik, gora darrai eta horrela jarraitzea aurrikusten da. Dena den, eta EAEko datuak ikusita bereziki, gurean ikasle etorkinen kopurua ez da hain nabarmena, Espainiako estatuko beste toki batzutako datuekin alderatuz gero behintzat. Madril eta Bartzelona bezalako hirietan, esate baterako, ikasle etorkinen kopurua % 13 eta % 14 artean kokatzen da.
Egokitu beharra
Ikasle etorkinak hemengo hezkuntza sistemara egokitu behar diren bezala, sistema berak ere ezinbestekoa du ikasle berri horietara egokitzea, bata eta bestearen integrazioa egokia izateko.
Orain dela urte gutxi arte ikasle berrien kopurua txikiagoa zen urtetik urtera, jaiotza-tasa urriaren eraginez. Azken bost urteotan, ordea, beheranzko joera hori irauli egin da; jaiotza-tasak zertxo bat gora egin duelako ere bai, baina batik bat eta oso nabarmen, ikasle etorkinen etorreragatik. Azken lau urteetan, esate baterako, EAEn urtero ia 2.500 ikasle etorkin berri eskolaratu izan dira. 2002tik hona, bikoiztu egin da ikasle etorkinen kopurua gure ikastetxeetan.
Ikasle etorkinen etengabeko hazkundeak baliabide eta jarrera berriak eskatzen ditu. Hezkuntza sistema osatzen duten arlo ezberdinak horretaz jabetuta azaltzen dira, eta pausoak ere eman dira baliabide eta jarrera berri horiek bideratze aldera. Esate baterako, Eusko Jaurlaritzak orain dela bi urte jarri zuen martxan Ikasle Etorkinak Artatzeko Programa, atzerritik datozen ikasleei hemengo ikastetxeetara moldatzeko erraztasunak eman nahian. Errefortzu eskolak izan ohi dira horretarako bide nagusia. Hasi berria den 2006-2007 ikasturterako 186 irakasle ariko dira EAEko ikastetxe publikoetan lan horretan, aurreko ikasturtean baino 38 gehiago, beraz. Itunpeko ikastetxeentzat, berriz, 1.700.000 euro bideratuko ditu Jaurlaritzak, irakasleak kontratatzeko. Nafarroan ere ikasle etorkinen murgiltze prozesua kontuan hartzen dute eta hainbat programa dituzte horretarako, Eskolatze Batzorde Lokalak, esaterako. Baina oraindik badago zereginik.

Sareak eta hizkuntza-ereduak
Ikasle etorkinetaz ari garela, ez gara inolaz ere talde homogeneo batetaz ari. Gure eskoletara datozen etorkinen seme-alabek jatorri, hizkuntza, kultura eta ohitura ezberdinak dituzte. Hurrengo irudian ikus dezakegu Hego Euskal Herriko etorkinen datua, beren jatorriari dagokionez:





Mario Zapataren lanetik ateratako datuek argi erakusten dute gurera etortzen direnen artean gehienak, erdia gertu, latinoamerikarrak direla. Eta horrek badu eragina ikasle etorkinen hizkuntza-ereduaren aukeraketarekin. Ikasle etorkinen artean A eredua da aukera nagusia: erdiak ia osorik gaztelaniaz ematen den eredu horretan ari dira ikasten. Euskara nagusi duen D ereduan, aldiz, 5etik 1 besterik ez dago matrikulatuta.
Ereduaren aukeran eragin dezaketen beste faktore batzuk ere badira eta horien artean egon daiteke hezkuntza sistemaren barruan etorkinen sare araberako banaketa. Desoreka nabarmena da gaur egun sare publikoa eta pribatu edota itunpeko ikastetxeen artean: etorkinen % 70 sare publikoan ari da ikasten. Ikasle etorkin gehienak, beraz, eskola publikoetan eta A ereduan kokatzen dira, eta nolabaiteko kontzentrazio hori desegitea da hezkuntza arloan ardurak dituztenen erronka nagusienetako bat. Alde batetik, sare publikoari gehiegizko zama arintzeko; bestetik, ikasle etorkinen elebitasuna bermatu nahi bada; eta azkenik, ghettoen sorrera saihesteko.
Sare eta ereduen arteko desoreka nabarmenena Araban ematen den bezala, oreka gehien erakusten duen lurraldea Gipuzkoa da. Gipuzkoan etorkinen % 55ek ikasten dute sare publikoan eta % 45ek itunpekoan. Gipuzkoan, gainera, A eredurik ez da eskaintzen sare publikoan, eta eredu euskaldunen nagusitasuna handiagoa da beste lurraldeekin alderatuta.
Sare eta eredu arteko banaketa irudikatzen dute ondorengo koadroek. Mario Zapataren lanetik hartutakoak, 2004-2005 ikasturteari dagozkio.









http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1158230128












Etorkinak eta borondate ona



Lehen Hezkuntzan D ereduan sartzen diren etorkinei behar bezala lagunduz gero euskaraz ondo ikasi eta maiz aurrera egiten dute Bigarren Hezkuntzan. Etorkinak berez ez du arazorik euskaraz ikasteko. Gertu izaten da edozer ikasteko, oso jarrera zabala izaten du.
Aldiz, bertoko ikasle-irakasleak maiz apoltronatuegi gaude, esne mamitan bizi izan gara eta ez dugu ikasteko aukera merezi legez baloratzen, ez dugu eguneroko bizitza kordokatua, mehatxatua eta arrakalatua sentitu.
Etorkin askok sorterriko ikastetxea suntsitua du, bere adinkideak iskilua eman eta gerrara behartzen dituzte. Eta garbi dute: aukeran nahiago eskola gerra baino. Euskara ikasi behar izan arren.
Euskaraz ikasteari dagokionez benetako arazoa euskararen aurkako aurreiritzi politikoak dituzten gurasoen seme-alabek sortzen dute eta horrelakoak gehiago dira bertokoak etorkinak baino.
Bestalde, ez du ematen Euskal Herria bereziki xenofoboa denik. Baina bai neurri batean txirofobo. Bill Gates, Armando Ortega edo Ronaldinho ondo hartuko genituzke, baina diru-laguntza behar duena ez zaigu horrenbeste gustatzen.
Gure ikastetxean etorkinen integrazioa nahiko ondo doa. Kopuruak ere zentzuzkoak dira: 350 bertoko, 10 etorkin. Badugu ikasle errumaniar bat, Elena Luminita Tanase, zuzendaritzaren eta ez euskaraz ez espainolez ez dakiten guraso errumaniarren artean itzultzaile lanak egiten dituena. Errumaniera-euskara, euskara-errumaniera.
Dena den, arazoak izan ditugu. Bai baitira nolabait esateko berezko etorkinak. Baina beste batzuk irudi luke CESIDak edo CNIk gure gizartea oraindik gehiago desegituratzeko erabiltzen dituztela.
Bermeon orain ez dugu D eredua baino. Duela bizpahiru urte bazen B eredua, eta Etika euskaraz eman behar zen. Han baziren euskaraz zekitenak, tutik ere ez zekitenak eta ez euskaraz ez gaztelaniaz ez zekien australiar bat. Neska hori Bermeora bidali zuten... espainolez ikastera! Con lo ancha que es Castilla. Eta B ereduan sartu. Ikasturte osoan izan genuen B ereduan espainolez ikasten.
Benetan erabakigarria da gaur egungo jarrerak sendo finkatzea etorkizunari begira. Gero eta etorkin gehiago iritsiko zaizkigu. Karrikan ez dute euskaraz ikasiko. Eskolan badute aukera. Ez dago ordea erantzukizun osoa irakasleen borondate onaren esku uzterik.
Gure ikastetxean lanik astunena irakasle batek egiten du gratis et amore, ordutegitik at, bihotzak eta etikak bultzatuta, Xabier Santamaria-Amurriok. Zenbat buruhauste, zenbat telefono, zenbat bilera! Eta gero gainera funtzionarioen alferkeriaz sarkasmoak jasan behar!
Jaurlaritzak dirudienez espero du irakasleok santutasunaren bideari ekingo diogula, irakasleon borondate onaren bizkar utzi bide du konponbidearen funtsa. Eta egia da makina bat dabilela arabierazko, errumanierazko eta portugesezko Assimil-ak erosten eta ikasten, bere dirutik eta bere aisialdian.
Baina hori oso hauskorra da. Eusko Jaurlaritzak ahalegin berezia egin beharko luke etorkinak ganoraz euskalduntzeko baliabideak zaintzeko orduan. Alegia, dirua behar da. Zeregin handia dago eta aski baliabiderik ez. Hezkuntza Saila galduta bezala dabil, arazoari ez dio benetan duen garrantzia aitortzen, ez du nahiko laguntzarik ematen. Gurean laguntzarako astean 9 ordu baino ez dugu lortu, asko kostarik gainera, gogor negoziatu ostean. Oso gutxi da halere.
Hezkuntza Sailean inprobisazio handia nabari da, ez dago etorkinei behar bezalako harrera egiteko azpiegitura sendorik.
Edonola ere, ez da ahaztu behar eskolak bakarrik ezin duela hizkuntzaren ezagutza sakona bermatu. Berebiziko garrantzia dute orobat etxeak, lagunarteak, inguruak, hedabideek. ISEI-IVEI-k DBHko laugarren mailan, 15-16 urte, proba bat egin du euskararen ezagutza neurtzeko. A ereduak ez duela inor euskalduntzen egiaztatu du. Bagenekien. Baina B eta D ereduek ere ez dute euskararen ezagutza bermatzen: horien artean ehuneko 60, eskolan txikitatik B eta D eredu euskaldunetan ikasi ondoren, ez dira euskaraz moldatzeko gai.
(MARKOS ZAPIAIN AGIRRE irakaslea eta filosofoa da)
Nire maisua izan zen batxilergoako urte bietan, maisu bikaina hau.... horrela jarraitu Marcos!!!

Zuri begira


Nor sartzen den begiratzen dut...sartu zaitez, ikusi nai
zaitut !!!

jueves, enero 11, 2007

Ni neu



Ongi etorri guztioi!!! Espero dot blog hau guztion gustokoa izatea eta berton agertutako informazioa guztiontzako erabilgarria izatea...bueno ez naz gehiago luzatuko ta neure burua aurkeztera noa...

Ainara Arana da nire izena, 20 urte ditut eta Bermeo izeneko herri arrantzalean bizi naz.

Magisteritza ikasten ari naiz, lehen hezkuntzako 3. mailan nago dagoeneko eta espero dot aurten bukatzea.