Etorkinei euskara hurbiltzeko hitzarmena
Euskara ikasle etorkinei hurbiltzeko helburuarekin eta horretan lan egiteko asmoz, lankidetza hitzarmenaren berri eman dute gaur (2005-03-21) Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eta Kontseiluak.
Anjeles Iztueta Hezkuntza Sailburuak, Abel Ariznabarreta Sailburuordeak, Xabier Mendiguren kontseiluko Idazkari Nagusiak eta Iñaki Lasa Kontseiluko ildo politiko-instituzionalaren arduradunak parte hartu dute Bilbon egindako prentsa agerraldian.
Euskal kultura ardatz duen kultur aniztasuna heziketaren bidez lortzea da Hezkuntza Sailaren helburuetako bat. Erabateko kalitatea erdiesteko nahietazkoa da kultura arteko hezkuntza.
Kontseiluarentzat, berriz, euskararen etorkizuna ziurtatzeko eta normalizazio osoa lortzeko instituzioak eta gizarte eragileak beharrezko pausoak ematera bultzatzea da helburua. Horretan etorkinei behar bezalako harrera egitea garrantzitsua da.
Egitasmoaren helburua da ikasle etorkinak, horien familiak eta gainerako eragileak prestatzea Euskal Herriko hizkuntz eta kultur ezaugarriak lehenengo unetik ezagutu ditzaten. Horretarako Helduen Hezkuntzako irakasleak prestatu egingo dira eta ikasle etorkinek euskara ikasteko dituzten materialak aztertu eta berriak abian jarriko dira.
(NEREA PIKABEA AMUNDARAIN Kontseiluko komunikazioburua da)
Euskarara erakarri nahi dituzte immigrante berrien seme-alabak
EAEko Hezkuntza Sailak hitzarmena sinatu du Kontseiluarekin gazteok murgiltze ereduetara erakartzeko.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Kontseiluak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetan dauden 10.600 immigrante berrien seme-alabak «euskarara hurbiltzeko» akordioa sinatu dute. Horren berri Anjeles Iztueta sailburuak berak eta Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak eman zuten atzo, Bilbon egindako agerraldian.
Hitzarmenaren xedea ume eta gazte horiek guztiak etorkizunean «euskal herritar eleaniztunak» izatea dela nabarmendu zuen Mendigurenek. Hori lortzeko, «ezinbestekoa» da Euskal Herrian eskolatzen diren ume guztiak murgiltze ereduetan eskolatzea. EAEko euskal hezkuntza sisteman B eta D dira murgiltze ereduak eta, Mendigurenen berbetan, «horiek bakarrik segurtatzen dute ikasleek euskara menperatuko dutela».
Kontseiluko kideen aburuz, gizartea euskalduntzeko «ezinbestekoa» da eskolan lan egin eta hor eragitea. Euskal Herrira kanpotik datozen ume eta gazteei, dena den, «harrera egokia» egin behar zaie eta horretarako lan handia egin beharko da, Mendigurenen hitzetan «euskararen aldeko jarrera ez baita berez sortzen, landu egin behar da».
Anjeles Iztueta sailburuak ere asmo horiek azpimarratu nahi izan zituen. Bide horretan, hitzarmenaren xedea «ikasle etorkinei eta euren senideei Euskal Herriko hizkuntza eta ezaugarri kulturalak ezagutaraztea» dela adierazi zuen.
Akordioa urtebetean egongo da indarrean eta eman zituzten azalpenen arabera, jarduteko lerro bi izango ditu: «Helduen Hezkuntzako Ikastetxeetako (HHI) irakasleak euskararen eta euskal kulturako gaietan trebatzea», batetik, beraiek direlako Hezkuntza sarearen barruan neska-mutiko hauen gurasoekin harreman zuzena dutenak.
Horrekin batera, ikasle atzerritarrek euskara ikasteko duten materiala aztertu egingo dute eta, behar izanez gero, euren beharrizan eta premien neurrira moldatutako eskola-liburu berriak sortuko dituztela iragarri zuen Iztuetak.
Euskal herritarrei eskaera zehatza egin nahi izan zien Hezkuntza sailburuak, immigrante berriak «modu positibo eta eraikigarrian» har ditzaten: «Kultur aniztasuna aberasgarri moduan ulertuko duen herri kohesionatua eraiki behar dugu».
Azkenaldian behin baino gehiagotan aipatu izan duen ideia berretsi zuen sailburuak atzo: «16 urtekin euskal gazte guztiek, guzti-guztiek, euskara, gaztelania eta ingelesa ondo menperatzen dituztela amaitu behar dute derrigorrezko bigarren hezkuntza».
Agerraldian Iztuetak eman zituen datuen arabera, 10.600 immigrante berrien seme-alaba horien %53k Bizkaian ikasten dute, %28,5ek Gipuzkoan eta %18'5ek Araban. Gehientsuenak (%69) Hego Amerikako bi edo hiru herrialdetatik etorritakoak dira, %15 Afrikatik (inguru hartatik «gero eta gutxiago datoz», Iztuetaren hitzetan), %6 Asiako herrialdeetatik eta %10 EBko gainerako herrialdeetatik.
A ereduaren bazterketa
Hezkuntza Sailak Kontseiluarekin hitzarmena sinatu du ume etorkinen eskolatzeaz EAEko Auzitegi Nagusiak kaleratu berri duen ebazpena ezagutu eta gutxira. Bere idatzian, epaileek argi esaten zieten EAEko agintariei A eredua baztertzea Espainiako legeak urratzea zela.
Etorkinen seme-alabak euskalduntze bidean jarri nahi izatea ez zen, epaileen aburuz, arrazoi nahikoa hauek murgiltze ereduetara bideratzeko. Auzitegiak Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak berak emandako datuetan oinartu zuen erabakia. Izan ere, datuon arabera, Bizkaian eta Araban immigrante berriek A eredua aukeratu dute nagusiki euren seme-alabak eskolatzeko.
Ebazpenean gogoratzen zenez, 2003-2004 ikasturtean, Bizkaian, ume atzerritarren %53,1 A ereduan matrikulatu zituzten, %21,1 B ereduan eta %25,7 D ereduan. Gipuzkoan, berriz, A ereduan ikasle atzerritarren %13,66 matrikulatu zituzten, B ereduan %48,2 eta D ereduan, azkenik, %38,12. Arabako eskoletan, amaitzeko, A ereduan sartu zituztenak %65,48 izan ziren, B ereduan %28,89 eta D ereduan, berriz, %6,19.
Ikastetxea edozein dela ere, emaitza onak lortzeko aukera dauka ikasleak
Ikaslearen ezaugarriek zentroarenek baino sei aldiz gehiago baldintzatzen dituzte emaitzak.
Eskolan emaitza onak lortzea ikaslearen esku dago, ikastetxeak eta aukeratzen duen ereduak ez baitaukate eragin handirik. Izan ere, ikastetxearen erabakiak hartzeko autonomia eta ikaslearen gurasoen maila sozioekonomiko eta kulturalak dute eraginik handiena ikaslearen emaitzetan. Hala, ikaslearen ezaugarriek ikasketak egiten ari den zentroaren ezaugarriek baino sei aldiz gehiago baldintzatzen dituzte lortzen dituen emaitza akademikoak. Ondorio horretara heldu da Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea (ISEI), Pisa ebaluazio azterketaren emaitzaren bigarren irakurketa egitean.
OCDE Ekonomi Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen barruan dauden herrialdeek parte hartzen dute Pisa ebaluazio azterketan, eta beraren bitartez herrialde bakoitzaren hezkuntza sistemaren egoera neurtzen dute. 15 urteko ikasleek matematikan, hizkuntzan eta zientzietan duten ezagutza neurtzen du Pisak. EAE Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza sistemak 2003. urtean parte hartu zuen lehen aldiz, eta, oro har, OCDEko herrialdeen batez besteko emaitzak lortu zituen.
Hiru urterik behin egiten dute Pisa azterketa, eta bakoitzean arlo bati besteei baino garrantzi handiagoa ematen diote. 2003. urteko ebaluazioan matematika izan zen gai nagusia, eta arlo horretako emaitzak askoz zehatzago neurtu zituzten. Ikasleei 3.900 izan ziren EAEn azterketak egiteaz gainera, inkesta ere egin zieten. Ikastetxeetako zuzendariei ere bai EAEn 142 ikastetxek bete zuten. Berez, matematikarekin zerikusi handiagoa zuten galderek, baina beste arloetarako ere erabilgarriak dira ondorioak, Josu Sierra ISEIko zuzendariak zehaztu duenez.
OCDEren batez besteko emaitzak lortzeaz gainera, parekotasun handia agertu zuen EAEko hezkuntza sistemak. Izan ere, ikasle bikain gutxi daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan, baina txarrak ere oso gutxi dira. EAEko hezkuntza sistemak lehenengo azterketan agertu zuen parekotasun handia berretsi egin da bigarren azterketa egitean. Parekotasuna handia izan arren, oraindik ere itunpeko sareko ikasleek emaitza hobeak lortzen dituzte, baina aldea ez da handia. Hizkuntz ereduei dagokienez, itunpeko A ereduak lortzen du emaitza onena. Sare publikoan, berriz, D ereduak lortzen du onena, eta A ereduak txarrena. «Baina emaitza horiei ikasleen gurasoen maila sozioekonomiko eta kulturala eta ikastetxearen autonomia kentzen badizkiegu, emaitzak parekoak dira», agertu du Sierrak.
Autonomia eskasa
Hori erakusteko, hauxe zehaztu du: ikasleen gurasoen maila sozioekonomiko kultural handiena itunpeko ikastetxeetako ikasleek dute. Gainera, maila sozioekonomiko eta kultural jakin bateko umeek eredu eta sare zehatzetan pilatzeko joera dute. Dena den, EAEn sareka dauden aldeak OCDEko txikienak direla azpimarratu du ISEIko zuzendariak, eta beste guztietan sareka dagoen alde sozioekonomiko kulturala askoz handiagoa dela.
Ikastetxeak zenbat eta autonomia handiagoa izan, orduan eta emaitza hobeak lortzen dituzte ikasleek. Baina EAEko hezkuntza sistemako ikastetxeek ez dute autonomia handirik. Horixe ondorioztatu dute Pisa ebaluazio azterketa egin dutenek. Itunpeko sarekoen autonomia emaitza hobeak sare horretako ikasleek lortzen dituzte handiagoa da, baina ikastetxe publikoek ia ez dute ezer erabakitzeko eskumenik. Horrek ez du esan gura itunpeko sareak autonomia handiegia duenik; OCDEko beste herrialde askotakoa baino apalagoa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetan. Hala, eta ikastetxe publikoak itunpekoak baino askoz gehiago direnez, OCDE barruan dauden herrialdeen artean azken zortzigarrena da EAE autonomia mailan. Hala, ikastetxeei autonomia gehiago emanda emaitzak hobetu daitezkeela uste du Sierrak.
Estreinakoz Berrian argitaratua, 2005-03-22an.
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1111428402
0 Comments:
Publicar un comentario
<< Home