viernes, enero 12, 2007

Ikasle etorkinak gero eta gehiago




Ikasle etorkinen hazkundeak ez du etenik Hego Euskal Herrian. Derrigorrezko hezkuntzan ari direnak kontuan hartuta, ikaslegoaren % 4,4 etorkinen seme-alabek osatzen dute. EAEn urtero 2.500 inguru dira eskolara hasten diren ikasle etorkinak. Halere, batez besteko handiena Nafarroan ematen da: han 10 ikasletik bat etorkina da.
Inmigrazioaren fenomenoa indartzen ari den neurrian, gero eta gehiago dira Euskal Herriko eskoletan ikasten hasten diren etorkinen seme-alabak. Beste herrialde batzuekin alderatuta kopurua nabarmena ez den arren, ikasle etorkinen hazkundea etengabekoa da eta bide beretsutik jarraituko duela dirudi.
Jatorri, kultura eta hizkuntza ezberdinetatik datozen haur eta gazte horien integrazioa erronka bilakatu da hezkuntza sistemarentzat, hizkuntz ereduak tarteko.
Etengabeko hazkundea
EAE eta Nafarroako ikastetxeetan 21.000 inguru dira ikasle etorkinak. Horrek esan nahi du ikaslego osoaren % 4,4 dela etorkina. EAEn ikasle etorkinen kopurua 13.900 ingurukoa da, ikaslegoaren % 4,27a beraz. Nafarroan ehunekoa handiagoa da, % 10era iristen da.


Zenbaki eta kopuru hauek inmigrazioak gurean azken urteotan izan duen hazkundearen ia parekoak dira. Horrela ikus dezakegu Mario Zapatak bere Etorkinak eta hizkuntza-ereduak lanean jasotako ondorengo koadro honetan:




Etorkinen hazkundeak oro har, eta ikasle etorkinenak haren eskutik, gora darrai eta horrela jarraitzea aurrikusten da. Dena den, eta EAEko datuak ikusita bereziki, gurean ikasle etorkinen kopurua ez da hain nabarmena, Espainiako estatuko beste toki batzutako datuekin alderatuz gero behintzat. Madril eta Bartzelona bezalako hirietan, esate baterako, ikasle etorkinen kopurua % 13 eta % 14 artean kokatzen da.
Egokitu beharra
Ikasle etorkinak hemengo hezkuntza sistemara egokitu behar diren bezala, sistema berak ere ezinbestekoa du ikasle berri horietara egokitzea, bata eta bestearen integrazioa egokia izateko.
Orain dela urte gutxi arte ikasle berrien kopurua txikiagoa zen urtetik urtera, jaiotza-tasa urriaren eraginez. Azken bost urteotan, ordea, beheranzko joera hori irauli egin da; jaiotza-tasak zertxo bat gora egin duelako ere bai, baina batik bat eta oso nabarmen, ikasle etorkinen etorreragatik. Azken lau urteetan, esate baterako, EAEn urtero ia 2.500 ikasle etorkin berri eskolaratu izan dira. 2002tik hona, bikoiztu egin da ikasle etorkinen kopurua gure ikastetxeetan.
Ikasle etorkinen etengabeko hazkundeak baliabide eta jarrera berriak eskatzen ditu. Hezkuntza sistema osatzen duten arlo ezberdinak horretaz jabetuta azaltzen dira, eta pausoak ere eman dira baliabide eta jarrera berri horiek bideratze aldera. Esate baterako, Eusko Jaurlaritzak orain dela bi urte jarri zuen martxan Ikasle Etorkinak Artatzeko Programa, atzerritik datozen ikasleei hemengo ikastetxeetara moldatzeko erraztasunak eman nahian. Errefortzu eskolak izan ohi dira horretarako bide nagusia. Hasi berria den 2006-2007 ikasturterako 186 irakasle ariko dira EAEko ikastetxe publikoetan lan horretan, aurreko ikasturtean baino 38 gehiago, beraz. Itunpeko ikastetxeentzat, berriz, 1.700.000 euro bideratuko ditu Jaurlaritzak, irakasleak kontratatzeko. Nafarroan ere ikasle etorkinen murgiltze prozesua kontuan hartzen dute eta hainbat programa dituzte horretarako, Eskolatze Batzorde Lokalak, esaterako. Baina oraindik badago zereginik.

Sareak eta hizkuntza-ereduak
Ikasle etorkinetaz ari garela, ez gara inolaz ere talde homogeneo batetaz ari. Gure eskoletara datozen etorkinen seme-alabek jatorri, hizkuntza, kultura eta ohitura ezberdinak dituzte. Hurrengo irudian ikus dezakegu Hego Euskal Herriko etorkinen datua, beren jatorriari dagokionez:





Mario Zapataren lanetik ateratako datuek argi erakusten dute gurera etortzen direnen artean gehienak, erdia gertu, latinoamerikarrak direla. Eta horrek badu eragina ikasle etorkinen hizkuntza-ereduaren aukeraketarekin. Ikasle etorkinen artean A eredua da aukera nagusia: erdiak ia osorik gaztelaniaz ematen den eredu horretan ari dira ikasten. Euskara nagusi duen D ereduan, aldiz, 5etik 1 besterik ez dago matrikulatuta.
Ereduaren aukeran eragin dezaketen beste faktore batzuk ere badira eta horien artean egon daiteke hezkuntza sistemaren barruan etorkinen sare araberako banaketa. Desoreka nabarmena da gaur egun sare publikoa eta pribatu edota itunpeko ikastetxeen artean: etorkinen % 70 sare publikoan ari da ikasten. Ikasle etorkin gehienak, beraz, eskola publikoetan eta A ereduan kokatzen dira, eta nolabaiteko kontzentrazio hori desegitea da hezkuntza arloan ardurak dituztenen erronka nagusienetako bat. Alde batetik, sare publikoari gehiegizko zama arintzeko; bestetik, ikasle etorkinen elebitasuna bermatu nahi bada; eta azkenik, ghettoen sorrera saihesteko.
Sare eta ereduen arteko desoreka nabarmenena Araban ematen den bezala, oreka gehien erakusten duen lurraldea Gipuzkoa da. Gipuzkoan etorkinen % 55ek ikasten dute sare publikoan eta % 45ek itunpekoan. Gipuzkoan, gainera, A eredurik ez da eskaintzen sare publikoan, eta eredu euskaldunen nagusitasuna handiagoa da beste lurraldeekin alderatuta.
Sare eta eredu arteko banaketa irudikatzen dute ondorengo koadroek. Mario Zapataren lanetik hartutakoak, 2004-2005 ikasturteari dagozkio.









http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1158230128