Ikasle etorkinen % 50 eskolan gaztelania hutsez
Ikasle etorkinen %49,6 gaztelaniazko A ereduan ari da ikasten, euskaratik erabat urrunduta. Gaur egun, 13.600 dira Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikastetxeetan ikasten ari diren etorkinak: 20 ikasletik bat etorkina da.
Gero eta gehiago
EAEko ikastetxeetara iristen diren ikasle etorkinen kopuruak, etengabe, gora egiten jarraitzen du: 2006. urteko lehenengo 6 asteetan (urtarrilaren 1etik otsailaren 15a bitartean) 620 ikasle etorkin etorri dira EAEko ikastetxeetara. Latinoamerikako herrialdeetan ikasturtea abenduan amaitzen da eta eskola-umeak urtarrilean oporretan izaten dira. Hain zuzen ere, urte garai honetan elkartzen omen dira EAEn lanean ari diren gurasoak Amerikatik etorritako seme-alabekin.
Azken bi urteotan izandako hazkundea izugarria izan da: 2004-2005 ikasturteko datuak 2005-2006 ikasturteko otsailaren 15a arteko datuekin alderatuz gero, gaur orain bi ikasturte baino 5.000 etorkin gehiago daude matrikulatuta derrigorrezko hezkuntzari dagozkion mailetan.
Hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoan 13.600 ikasle etorkin zenbatuta daude 2006ko otsailean, 2005ko ikasturte amaieran EAEn ikasten ari ziren etorkinak baino 2.084 gehiago. Gaur egun, 7.489 dira Bizkaian matrikulatutako etorkinak, 3.365 Gipuzkoan eta 2.745 Araban.
2001. urtean EAEko ikasleen artean etorkinak 2.720 ziren (ikasle guztien % 1) eta bost urte beranduago, 2006an, 13.600 dira (ikasle guztien % 5). Ia-ia EAEko ikastetxeetan ikasgela bakoitzeko etorkin bana dago: 20 ikasletik bat etorkina da.
Gaztelaniaren hautua
Sare publikoko ikastetxeetan eta itunpekoetan aukeran diren hiru hizkuntza ereduen arteko banaketari erreparatuta, nabarmena da gaur egun derrigorrezko hezkuntzan matrikulatuta dagoen ikasle etorkinen gehiengo zabala euskalduntzean bermerik txikiena ematen duten ereduetan ikasten ari dela. Erdiak (% 49,6k) A ereduan ikasten du, ia heren batek (% 27,8) B ereduan eta ikasle etorkinen % 22,6 bakarrik dago D ereduan matrikulatuta. Euskaldunena den azken eredu horrek du, hain zuzen ere, ikasle etorkinen kopururik txikiena.
Hiru lurraldeetako datuak bateratuta, 6.700 ikasletik gora dira A ereduan ikasten duten etorkinen seme-alabak, 3.750etik gora B ereduan ikasten dutenak, eta 3.000 pasatxo D ereduan ari direnak. Gaztelaniaren presentzia ira erabatekoa edota oso garrantzitsua den ereduen hautua nabarmena da horrenbestez etorkinen artean, nahiz eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailetik etorkinen artean ere eredu euskaldunen aldeko apustua indartzea helburu izan.
Etorkinen hizkuntza ereduen aukera lurraldeen egoeraren ispilu
Gurera etorritako etorkin askoren ama hizkuntza gaztelania dela ahaztu gabe (latinoamerikarren kasua), ikasle etorkinen hizkuntza ereduen araberako banaketan EAEko lurraldeen egoeraren ispilu ere badela esan daiteke, lurralde bakoitzean euskarak gaur egun duen presentzia eta hedaduraren ispilu, hain zuzen.
Araban % 75 A ereduan
Horrela, A ereduaren aldeko joera Araban da bereziki nabarmena. Lurralde horretan ikasle etorkinen % 75ek ikasten du euskara ikasgai soiltzat duen ereduan, eta % 4,75 besterik ez daude D ereduan matrikulatuta.
Bizkaina % 55 A ereduan
Bizkaian ere A ereduak koska kentzen die gainerako biei (% 54,9), baina lurralde honetan B eta D ereduak askoz parekatuago agertzen dira: ikasle etorkinen % 22,6a da B ereduan ikasten ari dena, eta % 22,5a D ereduan ari dena.
Gipuzkoan B eredua nagusi: % 45
Gipuzkoan euskaldunen batez bestekoa beste bi lurraldeetan baino handiagoa den hein berean, etorkinen ereduen araberako banaketaren datuak ere beste bietan baino hobeak dira, euskararen ikuspuntutik. Beste herrialdeetatik etorritakoen seme-alaben euskalduntzea bermatzetik oso urrun oraindik, baina Gipuzkoa da A eredua etorkinen artean nagusitzen ez den lurralde bakarra (eredu horretako eskaintza beste bietan baino txikiagoa ere bada Gipuzkoan). Gipuzkoan B ereduan kokatzen dira etorkin gehienak (% 45) eta jarraian D eredua dator, etorkinen % 37,3arekin. A ereduan matrikulatutakoak % 17,7 dira.
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1141658751
0 Comments:
Publicar un comentario
<< Home