sábado, enero 13, 2007

Euskara eta etorkinen hizkuntza integrazioa



Nire asmoa testu honetan hauxe da: gogoeta batzuk agertzea eztabaida sortzeko etorkinen eta autoktonoen arteko elkarbizitzaren alderdi batzuen inguruan, eta hizkuntza-elkarbizitzaren inguruan hain zuzen. Gogoeta horiek autoktono baten ikuspuntutik eginak dira. Ezin du bestela izan, baina era berean propio hartutako enfokea da.


Jakina denez, Hego Euskal Herriko gizartera milaka lagun heldu dira azken urteotan, Espainiaz kanpotik etorritakoak alegia. Orri hauetara prentsatik hartutako zenbait datu esanguratsu ekarriko ditut. Hainbat iturritatik datoz eta ezin dut esan bene-benetakoak diren, baina uste dut erreferentzia moduan erabil daitezkeela. (Testu honetan Hegoaldeaz hitz egingo dugu ia une oro. Iparraldeko datuak ez ditut argitaratuta aurkitu; hala ere, etorkinen kopurua nabarmen txikiagoa da):

Datu batzuk
Nafarroako datuak

2003an 35.000 etorkin bizi ziren Nafarroan, biztanleen % 7 (1996an biztanleen % 0,6 ziren etorkinak).
Horietatik 15.000 lagunek ez zeukaten lan edo bizitzeko baimenik (10etik 4k).
Urtero 7.000tik 10.000 bitarteko etorkin kopurua sartzen da Nafarroan.
2004-2005 ikasturtean ia etorkinen 7.000 seme-alaba daude eskolatuta (6.989 lagun), eskolatuta dauden guztien % 8,2.
Etorkin hauetan gehienak Hego Amerikakoak dira (guztien % 69,1), Afrika Iparraldekoak % 10,7 dira eta Europa Ekialdekoak % 10,2. Ondoren, Saharaz hegoaldeko Afrikako herritarrak daude, % 13 dira; Europako Elkartekoak % 5,9 dira eta Asiakoak %1,2.
Eskolari dagokionez, 2004-2005 ikasturtearen hasieran Nafarroako prentsak esan du D eredua pixkanaka haziz joan dela (eskolara lehen aldiz doazen ikasleen % 28k aukeratzen du). Kopuru orokorrak ondorengoak dira: umeen % 55 G ereduan dago, % 23 D ereduan, % 21 A ereduan eta % 0,16 B ereduan. 2003-2004 ikasturtean ordea, ikasle etorkinen % 99,8k G ereduan ikasi zuen (eredu hori erdaraz bakarrik da, ez dauka “euskara” ikasgaia): etorkinen 6.745 seme-alabetatik 20 egon ziren A eta D ereduetan. Ikasturte honetako daturik ez dago oraindik.
Euskadiko Autonomia Erkidegoko datuak

SOS Arrazakeriaren arabera, 2004ko ekainean 31.500 etorkin zeuden EAEn lan egiteko eta bizitzeko baimenaz. Erroldatuta, berriz, 49.000 zeuden; populazioaren 2,2 gutxi gora-behera. Haien jatorria Nafarroan dauden etorkinenaren antzekoa da.
EAEn, 10.041 ikasle etorkin egon ziren 2003-2004 ikasturtean, ikasleen % 3 gutxi gora-behera.
Eskolatutakoen % 69 Hego Amerikakoak ziren (Kolonbia, Ekuador eta Argentinakoak batik bat), % 15 Afrikakoak (Marokokoak batik bat), % 10 Europako herrialdeetakoak (Portugal eta Errumaniakoak batik bat) eta % 6 Asia eta Ozeaniakoak.
Ikasle hauetan gehienak A ereduan jardun zuen (%50ak), B ereduan % 29 egon ziren eta D ereduan % 21. Erkidegoko ikasle guztietan, berriz, A ereduan % 26,5 matrikulatu ziren, B ereduan % 23,1 eta D ereduan % 50 (3 urtetik 5 urtera bitartekoan % 91,5 B eta D ereduan matrikulatzen dira. Adin tarte horretako etorkinen daturik ez daukagu).
Beste zenbait datu

Espainian 2.672.596 etorkin zeuden 2003ko urtarrilean. Horietatik 1.647.011 baimenarekin zeuden.
Espainiako biztanleen % 6,3 etorkinak dira; Frantzian % 7 eta Alemanian % 8.
2003-2004 ikasturtean, eskolatuta zeuden etorkinen seme-alabak % 10,2 ziren, Balear Uharteetan % 10,1 eta Katalunian, Valentzian eta Murtzian % 7tik gora. Espainiako Estatuan 500.000 haur ziren, eskolatutakoen % 5,9. (1)
Eta datuekin zer?
Ez ditut datu hauek ekarri baloratzeko gutxi diren, asko diren, gehiegi diren... Sami Naïr-ek, duela urte batzuk argitaratutako artikulu batean, gogoratzen zigun ez dagoela zientziarik migrazioen presioa neurtzen duenik; ez dago horrelako balorazioak egiteko erreferentziazko zenbakirik (2). Gainera, kopuruekin iritzia ematen dutenak (asko direla, gehiegi direla, gizarteak jasan dezakeen baino kopuru handiagoa dela esaten dutenak) askotan beldurra dutenak izan ohi dira, edo beldurra sortu nahi eta zenbait neurri politiko justifikatu nahi dituztenak: adibidez, etorkinen eskubideak gutxitzen dituzten legeak edo inmigrazioaren kontrako kontrola gogortzen duten legeak. Baina honetaz gain, zer irizpide jar daiteke jakiteko eta zehazteko asko, gutxi, egokiak... diren?

Dena dela, nik esango nuke kopuruak esanguratsuak direla eta, noski, kontuan hartu behar direla. Zer edo zer aldatu da, eta badakigu hemendik aurrera hori horrela izango dela: ez dago atzera bueltatzerik eta etorkin gehiago etorriko dira datozen urteetan (nahiz eta ezin jakin zenbat izango diren, ez nolakoak izango diren ez nongoak...). Hala iragartzen dute proiekzio guztiek: Migel Laparra-k, UPNAren Alter ikerketa taldekoak, Nafarroako kasuaz ari dela, esaten du inmigrazioaren hasieran gaudela; Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailburuak, Anjeles Iztuetak, ikasturte bakoitzean haur etorkinak % 40 igoko direla aurreikusi du, eta 2010. urtean 72.000 izan litezke (10.041 haur dira 2004-2005 ikasturtean). Bestalde, INE-k uste du 2010. urtean 4tik 6,5 milioi etorkin bitartean egongo direla Espainian; Funcas-ek, berriz, adierazi du 2014. urtean Espainian 11 milioi etorkin egongo direla, biztanleen laurdena. (3)

Datu hauek zera adierazten dute: errealitate hau ezin daitekeela utzi alde batera; gai honen inguruan hausnartu eta erabakiak hartu behar ditugu. Izan ere, gai hau kontuan ez hartzeak ondorioak dakartza. Alde batetik, justizia kontua da kanpotik datozenentzat. Baina ez hori bakarrik: badago autoktonoon interesa ere, lehendik hemen geundenona; gure patua etorkinei erabat lotua baitago. Etorri berriek gizarte honetan egingo dutenak edo egingo ez dutenak hemen geundenon bizimoduan eragingo du zuzen-zuzenean.

Eta, hain zuzen, hizkuntzaren eta kulturaren arloan ondorioak izango ditu. Etorkinek hizkuntza arloan hartuko dituzten erabakiak, bai beraientzat eta baita beren seme-alabentzat ere, funtsezkoak izango dira eta autoktonoei eragingo diete.

Integrazioa?
Asko dira dauzkagun galderak. Zer da hizkuntza-integrazioa? Posible da integratzea harrera gizartearen hizkuntza batere ondo jakin gabe? Gure artean, hizkuntza bat (gaztelera Hegoaldean) jakitea nahikoa da “integrazioa” lortzeko? Zer eskatu ahal diegu etorkinei euskarari dagokionean? Gaiak gogoeta lasaia merezi du, zalantzarik gabe.

Pertsona bat edo talde bat gizarte bat utzi eta beste gizarte batera heltzen denean, aldaketak gertatzen dira bi aldeetan. Pertsona horrek edo talde horrek, bere aldetik, jarreratan, baloreetan, identitatean...aldaketak izango ditu. Horri “akulturazioa” deitzen zaio.

Klasikoa da John Berry-ren taula, bi parametro ditu konbinatzen dituena:

Gutxiengoak (etorkinak) bere identitate kulturala eta bere baloreak mantentzen ditu / edo ez.
Gutxiengoak (etorkinak) erlazio positiboak ditu gehiengoarekin (edo harrera gizartearekin) / edo ez. (4)

Konbinazioak eginez gero, lau posibilitate agertzen dira. Har dezagun adibide euskal gizarteko ijito gutxiengoa, gutxiengo horretan lau aukeretan sailka daitezkeen gizabanakoak eta taldeak baitaude:

Integratu direnak eta beren kultura ukatu gabe gehiengoaren kulturarekin jarrera positiboa dutenak;
Asimilatu egin direnak, alegia, beren kultura ahaztu eta gehiengoarena hartu dutenak;
Bere jatorriari lotuta jarraitzen dutenak, gehiengoaren kulturarekin harremanik izan gabe (separazioa);
Beren identitatea galdu dutenak, baina gehiengoaren baloreak ere hartu ez dituztenak (marjinazioa).
Jakina denez, errealitatean sailkapen hori ez da hain era garbian gertatzen; horregatik da egokiagoa tendentziez hitz egitea. Dena dela, taulak balio du lehendik dakiguna ordenatzeko, gure inguruan ikusten duguna ordenatzeko. Eta taularen leihatilak erabiliko ditugu erreferentziatzat zenbait momentutan.

Aukerak ikusita, desiragarriena integrazioa dela ematen du. Baina integratzea harrera herriko legea betetzea baino zerbait gehiago da; oharkabe pasatzea, garraio publikoa erabiltzea, bertako ordutegietara egokitzea, bertako jatorduetara egokitzea... baino zerbait gehiago da. Litekeena al da integrazioa harrera gizartearen hizkuntza jakiten ez denean edo modu eskasean erabiltzen denean? Erantzunak erraza dirudi: ez.

Eta bestela turkiar emakumeekin akordatzea besterik ez dugu, Alemanian urteak eman ondoren alemaneraz hitz soil batzuk bakarrik hitz egiten dituztenekin. Edo gure artean urteak egon eta gaztelaniaz hitz batzuk besterik esaten ez dituzten emakume marokoarrekin. Edo Suitzan egondako hainbat espainiarrekin. Hizkuntzaren ezagutza izateak ez du integrazioa bermatzen, baina argi dago hizkuntza ez ezagutzeak integrazioa erabat baztertzen duela. Ez dago integraziorik ailegatutako gizartearen hizkuntza jakin ezean.

Bi hizkuntza
Baina zer gertatzen da hizkuntzak bi direnean eta ez bat? Halakoxea da Euskal Herriko egoera. Esan dezagun ebidentea:

Harrera gizartearen egoera

Euskal Herriak bi hizkuntza ditu (euskara/gaztelania; euskara/frantsesa), eta hizkuntza hauek, status politiko ezberdina dute, lurralde administratiboaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoan koofiziala da, Nafarroan iparrean bakarrik da koofiziala eta Iparraldean ez dauka status hori). Euskara gutxitutako hizkuntza da, ez dago euskaldun elebakarrik (bere hiztun guztiek badakite beste hizkuntzaren bat: gaztelania/frantsesa) eta erabilera ezberdina da lekuaren arabera: batzuetan hizkuntza nagusia da eta besteetan ez da ia-ia erabiltzen (noski, bi egoera hauen artean dauden tarteko maila guztiekin). Hizkuntza normalizazio prozesuan dago, eta normalizazio prozesu horrek egundoko ahalegin politikoa eta soziala eskatzen du hizkuntzak aurrera jarraitzeko eta bere biziraupena bermatzeko.
Ailegatzen direnen egoera

Datu garrantzitsua da etorkinen jatorria. Izan ere, EAEra eta Nafarroara iritsi diren etorkinen % 65 baino gehiago Hego Amerikakoak dira, eta Hegoaldeko bi hizkuntzetako bat dakite, gaztelania hain zuzen ere. Besteek, printzipioz, bietako bat ere ez dakite.
Bi egoera hauen aurrean, zer da etorkinen hizkuntza integrazioa? Bi hizkuntza erabili eta bakoitzari lotuta doan kultura eskura dugunok hauxe esango genuke: etorkinen erabateko integrazioa izateko, Euskal Herriko bi hizkuntzak jakin eta erabili behar dira. Geure ustez, bietako bat ez dakienak (eta argi dago euskara izango dela gehienetan jakingo ez dena), herri honetako aberastasun kulturalaren zati funtsezko batean ez du sarbiderik izango.

Baina hori oso baieztapen abstraktua da; mundu errealera pasatzerakoan zenbait faktore daude, etorkinen eta euskararen arteko harremana kontuan hartzen denean ahaztu behar ez direnak.

Zenbait faktore
Euskara normalizatu gabe dagoen hizkuntza da

Euskara normalizatu gabe dagoen hizkuntza izateak egoera kontrajarrian jartzen gaitu. Leku askotan etorkinak jabetuko dira kalean ez dela erabiltzen. Autoktonoek ez badute erabiltzen, zaila da etorkinak ikasteko beharra ikustea. Izan ere, gaztelaniaz dakiten etorkinek Hegoalde guztian hitz egiten den hizkuntza badakite eta euskal herritar gehienek beste dakite (berezitasun dialektalez aparte), euskaraz ez dakiten guztiek beste.

Gaztelaniaz ez dakitenek (marokoarrek eta beste afrikarrek, asiarrek, europarrek…) gaztelania ikasteko beharra sumatuko dute lekurik gehienetan. Leku batzuetan bakarrik (agian Ondarroako arrantzale bat-edo) sumatuko dute lehenengo euskara ikasteko premia, eta oso arraroa izango da euskara bakarrik ikasteko beharra sentitzea. Gaztelaniaz ez dakiten horientzat, gaztelania da aukerarik ebidenteena. Izan ere, bi hizkuntza ikastea esfortzu izugarria da; baita bakarra ikastea ere etorkin heldu askorentzat (edozein autoktonorentzat bezala).

Izan ere, eremu oso euskaldunetako zenbait euskal hiztunek haserrea adierazten dute langile etorkinek gaztelaniaz hitz egiten dietenean dendetan, tabernetan, jatetxeetan... Kasu horietan agian komeni da gogoeta egitea: zenbateraino eska diezaiekegu etorkinei zerbait, hori bera ikastea autoktono askok beharrezkotzat jotzen ez dutenean: euskara ikastea eta erabiltzea, alegia. Gizarteko beste alor askotan bezala, horretan ere, inmigrazioak oztopo gehiago sortu beharrean, lehendik zeudenak jartzen ditu agerian, lehendik arazo zena erakusten du.

Eta hala ere ezin dugu ahaztu euskal gizartearen zati handi batek (bai kantitatez bai indarrez) erabat sinesten duela hizkuntzaren iraupena ardatz duen proiektu batean. Hizkuntza, Ignasi Vilak duela urte batzuk esaten zuen moduan, euskal herritar askorentzat (ez guztientzat, baina bai askorentzat), ezinbesteko baldintza da; horientzat agian ezinbestekoa den baldintza bakarra.

Edozein modutan ere, desiragarria litzateke, etorkinak euskararekiko “sinpatikoak” izatea behintzat –Atxagaren hitzetan esateko–. Alegia, ikasten badute, ezin hobeto; baina hala ez bada, gutxienez jarrera positiboak izan ditzatela. Itxaropena, batez ere, etorkinen seme-alabengan izan beharko genuke, haiek eskolari esker euskara ikasten duten heinean. Horixe bera da autoktono elebakarrekin daukagun esperantza, sinple esanda: jarrera positiboak izan ditzaten eta seme-alabak euskara ikastera eraman ditzaten (bi gertaerak lotuta daude maiz; lehenengoa bigarrenerako baldintza izan ohi da). Etorkinen umeak euskaldun moduan irabazteko, eskolak egundoko garrantzia dauka, noski, eta aurrerago hitz egingo dugu horretaz.

Helburu bikoitz hori errealitate bihurtzea ez da soilik etorkinen zeregina, autoktonook badaukagu beharrik. Oraindik ez dugu autoktono elebakar guzti-guztiengandik jarrera baikor hori lortu. Etorri direnak “erakarri”, “interesatu”, “liluratu” beharko ditugu. Eta ahal den neurrian ikaskuntza erraztu beharko dugu, baliabide guztiak jarriz.

Etorri berriei, gure arazo soziolinguistikoak arrotz zaizkie

Etorri berriei, gure arazo soziolinguistikoak arrotz zaizkie, hasiera batean behintzat. Batzuek, heltzen direnean, ez dakite hemen gaztelania ez beste hizkuntzarik hitz egiten dela. Baina gainera, etorkinaren bizimodua gogorra da hasieran, aurreneko urteetan (eta batzuentzat denbora guztian da gogorra). Badago termino bat, “akulturazio estresa”, eta erabiltzen da beste herri batera doan pertsonaren sufrimendua adierazteko. Alegia, etorkinak oinarrizko arazoak dituzte eta oinarrizko arazo horiekin daude arduratuta: lana aurkitzearekin arduratuta daude, etxebizitza aurkitzearekin, etxebizitza hori eroso egitearekin, paperak lortzearekin, familiaren egoera konpontzearekin, seme-alaben eskola topatzearekin... Ezagutzen zuten mundua utzi dute: familia, lagunak, bizimodua, hizkuntza... eta ezagutzen ez duten mundu baten murgildu dira. Ez dituzte mundu horretako klabeak ezagutzen eta ez dakite iraun ahal izango duten. Horrek ondoez emozional handia sortzen du. Ulergarria da heltzen diren herrialdeko egoera soziolinguistikoa beren lehentasunen artean ez izatea.

Eta noski, hori paperak dituztenei dagokienez. Zer esan paperik ez duenari buruz (10tik 4 Nafarroan, 4tik ia 2 EAEn), kalean ibiltzeko beldurrez bizi denari buruz. Zein autoktono ausartuko da horri eskatzen Euskal Herriko egoera soziolinguistikoarekin konpromisorik? Hemendik hasi beharko dela ematen du: lehenengo eta behin egokitzeak dakarren ondoeza ahal den txikiena izatea eta jende guztiak bizimodu duina egitea lortu beharko da. Eta horrek neurri politikoak hartzea eskatzen du.

Etorkinak ez dira gu bezalakoak

Lehen esan dugu batzuetan kexak entzuten direla, etorkinek euskararekin konpromisorik hartzen ez dutelako (ez dutela ikasten, taberna batean edo supermerkatu batean lan egin eta ez dutela hitz egiten, ez dituztela seme-alabak bidaltzen euskara ikas dezaten...). Ematen du ahaztu egiten dugula etorkinak ez direla gu bezalakoak: gutako askok ez ditugu horrela ikusten behintzat. Gu gu gara eta beraiek beraiek dira. Noski, zergatik arduratu behar du “beraietako” batek euskararen egoeraz, “gure” arazo bat bada? Inork ez du hizkuntza bat ikasten besteri gustua emateko. “Beraiek” izatetik “gu” izatera pasatzen ez diren bitartean ez zaizkie gure gauzak interesatuko guri interesatzen zaizkigun moduan (ahokorapiloak balio beza). Bada guk gure aldetik dugun jarreraren kontua ere.

Eta izan gaitezen zintzoak, autoktono batzuek ezin dute onartu pertsona beltz bat, begi itxiagoak dituen bat, hemen erabiltzen ez ziren arropak janzten dituen bat, hemen jaten ez ziren gauzak jaten dituen bat... “gu” horren barruan dagoenik. Ezin dute onartu hori ere hemengoa denik. Baina kontua da bera eta bere seme-alabak ez badira hemengoak, ziur aski ez direla euskaldun ere izango.

(Ikusten denez, “autoktono” hitza askotan erabiltzen dut; “euskaldun” hitza baino erosoagoa zait neutroagoa delako. Izan ere, euskalduna zentzu hertsian erabiltzen badugu, etorkinak erabat kanpoan geratzen dira. “Bertako” terminoarekin antzeko gertatzen da: etorkinak ere bertakotu ahal dute. Halaber, nahiago dut “etorkinen seme-alabez” hitz egitea, “ume etorkinez” edo “ikasle etorkinez” baino. Dolores Julianok azaltzen duenez, ez dira umeak jatorrizko lekua utzi eta beste leku batera joatea erabaki dutenak, beren gurasoak baizik; bestalde, txikitan izan dira ekarriak eta ez dira jatorrizko kulturaren eramaleak –edo ez eramale osoak baizik eta neurri batekoak, gehitu nahi nuke nik (5)).

Euskara ikasteko arrazoiak behar dituzte

Hainbat autoktono elebakarrek izan dute euskara ikasteko beharra arrazoi praktiko batengatik: zenbait lan lortzeko aukerak izateko, batik bat administrazio publikoarekin lotutako lanpostuak lortzeko (EAEn Nafarroan baino gehiago). Etorkinen kasuan, beraiek izaten dituzten lanpostuetan (etxeak garbitzea, umeak eta zaharrak zaintzea, eraikuntza, kalean gauzak saltzea...) ez dute, oro har, euskaraz jakin beharrik, ez delako euskaraz jakitea eskatzen. Beren lan aukerak eta aspirazioak txikiagoak dira. Beraz, euskara ikasteko arrazoi bat gutxiago daukate.

Ondo esplikatzen ote diegu hemengo egoera soziolinguistikoa?

Bestalde, ondo aztertu beharko da etorkinei ondo esplikatzen ote diegun hemengo egoera soziolinguistikoa zein den eta euskara berreskuratzeko egiten ari den ahalegina. Kontuan izan behar dugu hegoamerikarrengandik ere (etorkinen % 65 baino gehiago dira) entzun daitezkeela autoktono elebakarrek izaten dituzten antzeko iritziak: “nik badut irakasle titulua, badakit gaztelaniaz eta hemen ez da nahikoa lan egiteko, injustizia bat da” (horrelako zer edo zer entzun zen Joxemi Zumalabe fundazioak Gasteizen antolatutako jardunaldietan, horrelako adierazpenak entzuteko ingurunerik aproposena izan ez arren). Azalpenak ondo emateko bideak topatu behar ditugu, eta oraingo egoera zein den eta nora iritsi nahi dugun ondo ulertarazi, lehen aitatutako jarrerei erantzun ahal izateko.

Noski, hortaz gain era guztietako laguntzak eman beharko dira, nahi duten etorkinek doan eta azkar herri honetako hizkuntzak ikas ditzaten: era guztietako ikastaroak eskaini beharko lirateke, batik bat intentsiboak eta musu truk. (Eta baten batek esango du: eta autoktonoentzako ez? Bai noski, baita autoktonoentzat ere).

Ikusi behar dute beren seme-alabek euskara ikastea garrantzitsua dela

Ikusi beharko da etorkinei helarazten ote diegun autoktono elebakar askori heldu zaien mezua: oso garrantzitsua da seme-alabek euskara ikastea. Gizarteak eskaintzen duen aukera da, eta galera handia litzateke aukera hori ez profitatzea. Gainera, lan munduan ordaina izango du. Baina mezu horren arrakasta lotuta dago etorkinen seme-alabek honako baldintzetan bizitzeari:

Inguru egokian haztea eta ez inguru ezegonkor eta prekarioan.
Eskolan arrakasta izatea eta eskola porrotean ez erortzea.
Autoktonoen seme-alabek dituzten aukera berak izatea lan munduan.
Izan ere, etorkinen seme-alabek ez badute autoktonoekin elkarbizitza erosoa izaten, porrotaren bezero badira beraiengana egokitzen ez den eskola batean, gizarteak jarrera arrazistak baditu eta lan egin behar badute beren gurasoen lan bertsuetan (eta euskarak ez ditu “puntuak balioko” irakasle izateko, edo atezain, edo mediku...), galdu egingo dira euskara ikastera eta erabiltzera bultzatzen duten faktoreak. Gutxiengoek zera sentitu behar dute, euskara ikastea ez dela azaleko luxu bat, autoktonoek dituzten aukera berak izango dituztela ikasten badute. Horrela, hauxe pentsa dezakete: “nire seme-alabak hemengoak bezalakoak izatea nahi dut; oraindik areago, hemengoak izatea nahi dut”.

Beste era batera esanda: euskara erabateko integrazioari lotuta dago; integrazioa ez bada erabatekoa, hemen bizitzeko ez da gaztelaniaz jakin beharrik ere izango. Nahikoa izango da gaztelaniazko hitz batzuk jakitea bakarrik. Izan ere, mezu hau zabal dezakegu: gauden gizartean erabateko integraziorako euskara jakin eta erabiltzea ezinbestekoa da. Baina, jakina, horrek egia izan behar du: alegia, integrazioa erabatekoa izatea, eta ez azaleko integrazioa.

Burura datorkigu euskal ijitoekin gertatzen dena: talde batzuk marjinazio egoeran daude edo arrisku larrian, eskola porrota jasan ohi dute eta beren lan espektatibak, ez denenak baina bai askorenak (txatarra biltzea, herriz herriko salmenta...), euskara erabiltzetik urrun daude: “Zertarako nahi du nire semeak euskara, hamalau urterekin eskolatik atera eta nirekin saltzera etorriko bada”. Dakigunez, ijitoak eskolan euskalduntzea, erronka hori, ez dugu oraindik lortu.

Eta hemen akulturazioaren kontura itzultzen gara. Familia berean modelo asko egon daitezke batera: gerta daiteke gurasoak “separazioa” atalean egotea (beren baloreak mantentzen dituzte eta ez dute bertako kulturarekin harremanik, zahar sentitzen direlako eta ikasteko eta egokitzeko gaitasunik gabe, kasu) eta, aldi berean, seme-alabentzat “integrazioa” nahi izatea (eta batzuetan are “asimilazioa” ere) eta ahal duten guztia egitea bizi diren gizartean aukera onenak izan ditzaten.

Hizkuntza kalean ikasten da

Hizkuntza kalean ikasten da: dendatan, auzokoekin, lantokian. Baina, Maruny eta Molina-k Kataluniako etorkinei buruz gogorarazi ziguten moduan:

Lan tokietan komunikazio elkartrukeak oso mugatuak dira, batez ere lan gogor eta zaratatsuetan (garbitegietan, zerratokietan...) edo lan bakartietan (baserrietan, garbiketan...). Gerta daiteke etorkinekin hitz egitea soilik ezinbestekoa baldin bada... Edo gerta daiteke langile gehienak edo talde handi bat etorkinak izatea eta gaztelera edo katalana [edo euskara] behar ez izatea haien ugazabekin ez bada... Eta supermerkatura joateko ez dira diskurtso luzeak behar. Eta agian haien auzoetan ia jende guztia etorkinak dira. [... ] Ondorioz, etorkin gehienen hizkuntza esposizioa oso-oso mugatua da. Eta lagun gutxi egiten dituzte. [... ]. Lagun autoktonoak izateak erabat aldatzen du haien konpetentzia gaztelanian edo katalanean [edo euskaran]. (6)

Kontua, orduan, hauxe da: ba al dago autoktonoen eta etorkinen arteko komunikazio kanalik bertako hizkuntzak ikasten motibatzeko eta, batez ere, ikaskuntza horri zentzua emateko? Zeren, zeinek ikasi nahi du hizkuntza bat gero ezingo badu erabili?

Mesfidantza kulturala

Badago sentimendu bat euskaldun batzuek adierazten dutena eta azterketa merezi duena: mesfidantza –“kulturala” esan dezagun– etorri berriekiko. “Hori bakarrik falta zitzaigun” moduko bat. Desagertzeko arriskuan dagoen hizkuntza eta kultura gutxitu bateko kideez ari naiz, egoera horren kontzientzia argia duten euskaldunez; askotan beren eskubideak ez dira errespetatzen eta behin eta berriz eskubide horien defentsan jarduten dute: seme-alabak eskolara euskaraz bidaltzeko, euskarazko prentsa irakurtzeko, medikuarekin eta udaletxean euskaraz hitz egin ahal izateko...

Egoera horretan, pertsona ugari heltzen ari dira: gaztelania baino ez dakitenak (etorkinen erdia baino gehiago Hego Amerikatik iritsi baita), edo gaztelera besterik ikasi ez dutenak edo ikasten ari ez direnak (beste etorkinak: Afrika, Asia eta Europatik iritsiak). Oro har jende multzo horrek ez du parte hartzen euskal hizkuntzaren eta kulturaren errebindikazioan (eta seme-alabak erdal ereduetara bidaltzen dituzte kasu gehienetan). Eta gainera, etorkin horiek errespetua eskatzen dute beren berezitasun kultural eta linguistikoekiko; ez dira jada ikusezinak eta borrokatzen dute meskita bat irekitzeko, arabiera ikastetxean irakasteko, haien festak modu publikoan ospatzeko, diru-laguntzak lortzeko...

Horren guztiaren aurrean, zenbait euskaldunen erreakzioa mesfidantza da; etorri berriak hautematen dira a) euskararen biziraupenerako oztopo edo mehatxu moduan, eta b) “lehiakide kultural” gisa: baliabide urriak lortzeko gurekin lehiatzen diren gutxiengo kultural gisa alegia.

Ez dut esango horren atzean jarrera arrazistarik ez dagoenik; denongan pizten dira noizik behin (eta batzuengan askotan). Baina mesfidantza hori ulertzeko, lagungarria da ziur aski Walter Actis-ek azaltzen duen “ilararen sindromea” delakotik abiatzea (bere azalpena haratago eramango badut ere). Demagun gizartearen zati handi bat “ilaran” dagoela: ebakuntza bat egin diezaioten, traumatologoak txanda eman diezaion, babes ofizialeko pisu bat lortzeko, seme-alabak auzoko eskolan sartzeko, beka bat jasotzeko, gizarte-laguntza jasotzeko... Hiritarra, zenbat eta pobreago, orduan eta zerrenda gehiagotan dago zain. Eta bat-batean egoera eskasean dauden beste batzuk heldu dira eta ilaran jarri dira eta batzuetan gainera aurreko postuetan: etorkinak. Ilaran zeudenek “konkurrentzia egiten” dietela sentitzen dute: orain jende gehiagorekin banatu behar dute dagoen apurra. Horregatik kexatzen dira guraso batzuk, haien umeak haurtzaindegian edo auzoko eskola publikoan onartu ez dituztenean, ikastetxea “etorkinez bete” dela esanez (soldata txikiagoa dutenez, puntu gehiago dituzte); horregatik entzuten dira txistuak eta irainak babes ofizialeko etxebizitzetako zozketa-saioetan, haietako bat izen-abizen atzerritarrak dauzkan bati egokitzen bazaio... Aberatsenak ilara batzuetatik atera daitezke; besteak ez. Pobreenen arrazakeriaz hitz egin dezakegu, AEB-n “zuri pobreen” arrazismoa izenarekin ezagutzen dena. Baina kontua da erreakzio primario horiek gero eta gehiago gertatzen ari direla gure gizartean, baita progresistak diren (eta hain pobreak ez diren) hiritarren artean ere. Izan ere, diskurtso hori izugarri hedatzen ari da. Eta arriskutsua da.

Pentsatu beharko dugu ez ote den erreakzio eskasa, estrategikoki motela (eta arras bidegabea). Zeren, ilaran gure ondoan dauden horiek ba al dira gure benetako lehiakideak? Ez al gara erratzen ari eta benetako helburutik aldentzen ari? Askoz ere zentzuzkoagoa litzateke zain gauden guztiok ilara antolatu duenari begirada zuzentzea eta honako galdera hauentzat erantzuna bilatzea: nork antolatu du ilara, nork ezarri ditu ilararen arauak, nor eta zergatik ari da hain gutxi banatzen hainbeste jenderen artean. Beraz, ondokoekin borroka egin beharrean zeinek zer harrapatuko, askoz eraginkorragoa litzateke ondokoekin elkartu eta zerrendaren arduradunari kontu hartzea.

Arduradun horientzat askoz erosoagoa da, jakina, gure artean liskarrak sortzen badira; ondorioz, ez ditugu gure indarrak batuko. Geure artean zenbat eta gehiago eztabaidatu, arazo gutxiago dituzte beraiek. Tranpa horretan ez erortzeko zorrotzago pentsatu eta jokatu beharko genuke. Gogora ditzagun Esperanza Aguirre-ren hitzak duela hilabete batzuk: osasun arloan gero eta denbora gehiago egon behar da zain etorkin asko etorri direlako eta gaixo gehiago dagoelako. Hori entzutean hainbat autoktonoren erreakzioa primarioa izango da: etorkinen errua dela pentsatuko dute. Baina ikuspuntu azkarrago batera pasatzea komeni zaigu: administrazioari erantzukizuna eskatu behar diogu. Estatuan jende gehiago eta langile gehiago badago, osasun arloan erabiltzaile gehiago badago, zeren zain gaude zerbitzuak hobetzeko?

Euskaldun batzuen artean ere sentimendu hori sumatzen da: identitate eta kultura eskubideen arloan ilarako azkenak direla hain zuzen ere. “Orain etorkinak datoz eta euskaraz ez dakiten gaztelaniadunen kopurua igo egin da, gainera etorri berriek ez daukate euskal kulturarekin engaiamendurik eta, gutxi ez-eta, haien kultura babesteko baliabideak eskatzen dizkiote administrazioari. Eta guk, zer? Zer gertatzen da gurekin, baliabideak hain apurka-apurka jasotzen ditugunokin? Zer gertatuko da gure kulturarekin?”.

Esanguratsuak dira Ana Urkizak inmigrazioari buruz idatzitako artikuluak, batik bat “Etorkinen urtea ote?” (Deia, 04-02-16) izenekoa. Artikulua idazteko aitzakia zera da, Lea-Artibaiko Mankomunitateak 2004n atera duen egutegia. Egutegian argazki handiak ageri dira, eta argazkietan hainbat etorkin, euskal jantziak dituztenak. Hona hemen zenbait paragrafo:

[... ] Protagonista egin ditugu. Euskara ikastaroak duban jarri dizkiegu, etxea aurkitzeko erraztasunak eman, adierazpen kultural bateratuak antolatu, bileretarako lokalak eskaini... Abegikorrak garela diote... Ez da harritzekoa.

[...Egutegiari dagokionez] Ideia txalogarria. Baina ni alboratuta sentitu naiz, herri honetakooi askotan gertatzen zaigunez. Kanpokoei zuzendutako oparia dela iruditu zait. Integraziorako gonbita ezezik, baita banketea ere. Domeketako mantel, jantzi eta guzti.

[... ] Ba omen zegoen ama bat, bi alaba zituena eta beti gaztea goratzen ibiltzen zena. Eta behin, “baina zuk bazenuen beste alaba bat ere, ezta?” galdetu ziotenean, zera erantzun omen zuen: “Bai, baina hura bera da nahikoa bere burua saltzeko”.

Ama hark bezala egitea ote da, bada, etorkinak gure artean nola integratu diren goraipatzea? Guk gurea saldu beharrik ez bagenu bezala? Horrela dela sinistu nahi nuke, zinez, baina gaztigatuegia sentitzen naiz goitik (barrutik), behekoei (kanpokoei) ere nire barruan hain gupidagabeki sartzen uzteko.

Ana Urkizaren hitzak ekarri ditut hona ezin hobeto islatzen dutelako goian deskribatutako sinismena: etorkinak gurekin lehian ari dira eta arrisku bihurtu dira gure eskubideak babesteko. Galdera da ea jarrera hori komeni zaigun, ez bakarrik etorkinei, baizik eta autoktonooi ere. Ba al dira etorkinak gure egoeraren errudunak? Etorkinak al dira gure esparruak hartzen ari direnak? Haiek al dira aurrez aurre eduki behar ditugunak? Ez ote gara benetako arduradunez ahazten ari? Nire ustez, etorkinekiko harremanetan, badugu beste aukera bat, askoz ere interesgarriagoa: etorkinekin elkartu gu guztion eskubideak babesteko –baita kultura eskubideak ere–: bai autoktonoenak, bai etorkinenak.

Izan ere, fenomeno bat hautematen dugun modua askotan ez da naturala, zerbait transmititua da eta benetan uste dut alda dezakegula (berdiseinatu dezakegula). Gure jarrera zein den erabaki dezakegu:

Mesfidantza izan, beldurra sentitu, defentsiban egon (edo erasoan)
Konfiantza agertu eta aliantzak bilatu
Baina uste dut bakarrik jarrera baikor, estrategiko eta solidario horretatik lortuko dugula euskararekiko “sinpatia”. Eta sinpatia hori behar beharrezkoa dugu euskarak aurrera egitea nahi badugu; iraun behar badu, euskarak ez du soilik hemen jaiotakoona izan behar: kanpotik etorritakoena ere izan beharko du.

(Deskribatutako mesfidantza sentitzen duten pertsonen gogoan baliteke oroitzapen bat egotea, alegia, iraganean Espainiako hainbat tokitatik Euskal Herrira etorritako inmigrazioa eta bere eragina euskararen atzerapenean. Konparaketa luzea izango litzateke, baina zerikusi gutxi dauka orduko inmigrazioak gaur egunekoarekin; oraingoaren ezaugarriak dira, besteak beste, aniztasun kultural eta linguistiko oso handia eta lege eta gizarte babes askoz txikiagoa etorkinekiko).

Eskola
Ikusi ditugu gorago matrikulazio datuak: etorkinen seme-alabak zein eredutan matrikulatzen diren eta zein diren kopuru guztiak. Atentzioa ematen du ezberdintasunak. EAEn alde handia dago autoktonoak matrikulatzen diren ereduen eta etorkinak matrikulatzen diren ereduen artean: autoktonoen % 26,5 A ereduan (eta 3-5 urtekoen %9) eta etorkinen % 50 A ereduan. Garbi dago hemengo gurasoen aukera eta etorkinen gurasoen aukera ez dela bera. Hala ere, B eta D ereduetan matrikulatzen diren etorkinen umeen kopurua hazten da urtez urte eta ikasturte honetako kopuruak aurrekoetakoak baino handiagoak dira.

Nafarroako kasua beldurtzekoa da. Etorkinen seme-alaben ia % 100 G ereduan eskolatzen dira. Euskararen arabera hiru esparru egiteak eta etorkin asko Nafarroa hegoaldean (eremu “ez euskaldunean”) bizi izaten egoteak ez ditu kopuru hain larriak justifikatzen. Hor dago Baztango zenbait herritan gertatzen dena, adibidez: nahiz eta herrian eskola izan, etorkinen umeak Elizondora edo Doneztebera eramaten dira autobusez egunero, gaztelaniako ereduan ikas dezaten. Deigarria da ume hauek jasotzen duten tratua. Edozein kasutan, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak lagundutako egoera da, ikasle etorkinen hezkuntza beharrak laguntzeko planetan euskara ikastea ez baitu kontenplatzen. Nafarroakoarekin konparatuta, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren jarrera oso bestelakoa da, eta sailak sortzen dituen dokumentuetan islatzen da.

Kontuan hartu behar diren faktoreak
Autoktonoek aukeratzen dutenaren eta etorkinek aukeratzen dutenaren artean dagoen ezberdintasunak ezbaian jartzen gaitu irakaskuntzako profesionalak. Ikasle berri bat, etorkinen ume bat, gure eskolara heltzen denean, hauek dira hartu behar ditugun erabakiak: Nola eskolatu behar da etorri berria? Hizkuntza batean? Zeinetan? Bietan? Batera? Edo lehenengo bata eta gero bestea? Hala bada, zein lehenengo? Noiz hasiko da bigarrenarekin? Ze faktore hartu behar dira kontuan erabaki horiek hartzeko?

Hauek dira faktore horietako batzuk:

Umearen adina. Ez da gauza bera hiru urteko ume bat eskolatzea, bederatziko bat edo hamalauko bat. Hizkuntza ikasteko modua ezberdina da. Eta eskolan egoteko eta ikasteko geratzen zaizkion urteak gehiago edo gutxiago dira.
Umeak izan ditzakeen ezaugarriak: adimen urritasuna, adimen handia, gortasuna, itsutasuna, autismoa...
Umearen behar komunikatiboak. Zein da inguruko hizkuntza? Eta umeak gurasoei laguntzeko interprete lana egin behar badu, bertako hizkuntza ez dakitelako (administrazioaren aurrean, medikuarekin...)? Eta hamabi urtetik gorako ikasleen kasuan, lehenbailehen lanean hasi nahi edo behar dutenean?
Familiaren inmigrazio proiektua: zenbat denborarako etorri diren (gero beren herrira itzuliko diren edo Estatuko beste lekuren batera joango diren...). Askotan, hala ere, familiaren hasierako asmoak ez dira betetzen, edo aldatu egiten dira eta uste baino denbora gehiago geratzen dira eta are betiko. Bestalde, aldi bateko langileen kasua dago, nekazaritza beharren arabera batetik bestera ibiltzen direnena.
Umea gaztelaniaz lehendik badakien (hegoamerikarra delako gehienetan).
Umeak hizkuntza erromanikorik dakien (errumaniera, portugesa, frantsesa...). Horrek gaztelania ikastea erraztuko dio. Etorri orduko gaztelania apur bat ulertu ahal izango du eta irakasleak ere, zati batean behintzat, ulertu egingo du bere hizkuntzan hitz egiten duenean.
Bere herrian eskolatua zegoen edo ez eta nolako ikastetxean.
Irakurtzen eta idazten badakien. Nolako idazketa sistema erabiltzen duen (alfabetikoa den edo ez..., alfabetoa euskarak eta gaztelaniak erabiltzen duten bera den edo ez...).
...
Eta faktore hauekin denekin, zer egin? Nola izan kontuan?

Ez dago errezetarik. Egoera bakoitza aztertu behar dela ematen du: hau da, faktore guztiak kontuan hartu eta horren arabera egokiena den irtenbidea aukeratu. Hala ere, ez dago modu bakarra zirkunstantzia multzorik ondorioak ateratzeko: egoera beraren aurrean profesional batek euskaraz eskolatu behar dela iritziko du eta beste batek, berriz, gaztelaniaz. Dudarik gabe, bakoitzak duen pentsakerak eragin handia dauka eta goian aitatutako faktoreak irakurtzeko modua ez da guztientzat bera izango. Adibidez, inguruko hizkuntzaren kontua. Irakasle batzuen arabera, inguruko hizkuntza gaztelania bada (Gasteizen, adibidez), askoz hobe da umea euskaraz eskolatzea, ia-ia ziurtatuta baitauka kaleko hizkuntza ikastea, gaztelania, alegia. Beste batzuen iritziz, berriz, inguruko hizkuntzan eskolatu behar da hizkuntza (euskaraz euskara bada eta gaztelaniaz gaztelania bada), ingurura lehenbailehen egokitu dadin.

Hortaz gain, badira hizkuntza bakar batean eskolatzearen alde daudenak (gaztelaniaz egitearen alde daudenak eta euskaraz egitearen alde daudenak) egoera edozein izanda ere.

Baina ez dugu helmuga ahaztu behar; gehienek uste dute eskolak bermatu egin behar duela ikasle guztiek euskaraz eta gaztelaniaz jakitea, eta, beraz, baita etorkinen seme-alabek ere. Eskola Publikoaren Legeak (1993) honako hau zuen bere helburuen artean:

“g) Ikasle guztiek, baldintza beretan, derrigorrezko irakaskuntza-aldia bukatzean bi hizkuntza ofizialen ezagupen praktikoa izango dutela bermatzea, euskararen erabilera bultzatuz eta normalkuntzari lagunduz”.

Helburua argi ikusteak ez du esan nahi zailtasunik ez dagoenik, baina erabilgarria da.

Eta hala ere...
Badakigu, hala ere, umea eskolatzeko orduan batzuetan ez direla goian aitatutako faktoreak kontuan hartzen. Zein dira, bada, erabakiak hartzeko beste arrazoiak?

Eskola batzuetan hausnarketa prozesua falta da eta ez dago esku hartze egokirako nahiko baliabiderik. Gaur egunean, oraindik ere besterik gabe erabakitzen da etorkina erdaraz eskolatzea, eskolan bertan beste aukera batzuk egon arren. Ematen du hori errazena dela. Hala ere, beharrezkoa da “ume etorkina = gaztelania” eragiketa automatikoa puskatzea.
Badaude, bestalde, gure gizartean ideia hedatu batzuk, berpentsatzea merezi dutenak; honako adierazpen hau, adibidez: “etorkin gizajoak, nahiko daukate haien egoerarekin orain beste hizkuntza bat ikasteko...” Kontua da Hegoaldean etorkinen seme-alaben %69 Hegoamerikatik datoz eta badira, printzipioz, gaztelaniadunak; hizkuntzaren aldetik autoktono elebakarren seme-alabak bezala, hain zuzen. Azken hauek euskara ikastean, baina, ez dugu arazorik ikusten.

B eta D eredua duten zenbait eskolarentzat, etorkinak A eredura joateak (G eredura Nafarroan) zera dakar: “zaila” omen den ikasle mota batekin lanik egin behar ez izatea. Gaur egun zenbait lekutan dauden eskolatze komisioek lagundu dute ikasle berriak era guztietako eskoletan matrikulatzen.
EAEko zenbait eskola publikotan A ereduak jarraitzen du eta eskola horietan geratu dira euskarazko hizkuntza eskakizuna lortu ez dutenak. Etorkinen seme-alabak dira oraingo beren jarduera eta haur hauentzat A eredua mantentzearen aldekoak dira.
Guraso etorkinen erabakia aztertu egin behar da. Hein batean, jatorri bereko umeak dauden eskolak aukeratzen dituzte, eta hori gurpil zoroa da. Gainera, askorentzat garrantzitsua umea eskolara eramatea da eta ez dago ardurarik eskola zein den edo zein eredu dauden aztertzeko. Dena dela, geure buruari galdetu behar diogu nondik datorkien eskola sistemari buruzko informazioa, nork ematen dien aholku (zein eragile autoktonok eta zein eragile propiok) eta zergatik ematen diren aholku horiek. Ondoren, aztertu beharko dugu eragile horiekin nola esku hartu.
Izan ere, guraso batzuk kexatzen dira hasieran informazio eraginkorrik jasotzen ez dutelako: heldu berriak dira, berehala eskolatu behar dituzte umeak eta ez dakite euskara kontu horrek zertarako balio duen. Denbora pasa ondoren, gizartea apur bat hobeto ezagutzen dutenean, uste dute berandu dela; guraso gutxi dira egindako “aukeraketa” aldatzen dutenak.

Familia etorkin bati hezkuntza sistemari buruz informazioa ematean, ez dirudi nahikoa ereduak lehorrean azaltzeak. Informazioak konplexuagoa beharko luke eta elementu soziolinguistiko batzuk eskaini beharko lituzke: zer esan nahi duen gizarte honetan euskara ez ikasteak, zer aukeratzen duten autoktonoek eta zergatik, zer dela-eta ez diren joaten ume autoktonoak eskola jakin batera eta zeintzuk diren aukerak...

Euskara ez ikastea
Kontua da hainbat etorkinen seme-alabak ez direla euskara ikasten ari. Horrek ondorio batzuk dauzka epe erdira:

Gizarte honetan, ume batek eskola uzten badu bi hizkuntzak (euskara eta gaztelania) jakin gabe, ume horrek ez ditu besteek dituzten aukera izango, ez lan munduan aritzeko ez, oro har, gizartean integratzeko. Eta esan beharrik ez dago Euskal Herriko kultura aberastasunaren zati handi bat galduko duela.
Ikasle horrek euskara geroago ikasi nahi badu, ordaindu egin beharko du zerbitzu hori. Gaur egun, eskolaz kanpoko euskalduntzea (euskaltegien edo dena delakoaren bidez-eta) ez baita dohainik. Zenbait etorkin horretaz kexatzen dira: izan ere, helduentzako heziketan gaztelania ikas daiteke, baina euskara ez. Eta bi hizkuntzak ofizialak diren lekuetan galdetu egiten dute zergatik bat ikasteko ordaindu egin behar duten eta bestea ikasteko, berriz, ez. Herri batzuetan neurriak hartu dituzte eta doaneko ikastaroak eskaintzen dituzte (Sakana aldean, adibidez), baina ez da nahikoa.
EAEn, etorkinen seme-alabak A ereduan matrikulatzeak duen ondorio bat hauxe da: etorkinak eskola jakin batzuetan –publikoetan- pilatzea. Eta pilatze horrek ez du hemen jaiotako eta kanpoko umeen arteko elkarbizitza eta elkar ezagutza ahalbidetzen. Eskola hauetako asko ghetizazio eta desprestigio prozesu batean sartu dira; autoktonoek abandonatu egin dituzte eta eskola hauetara ia-ia etorkinen seme-alabak bakarrik joaten dira. Ondorioz, gerta daiteke, are, Nafarroan zenbait familia seme-alabak D ereduan matrikulatzea gaztelaniadun eredutik urruntzeko, “etorkinez bete direlako”. Horrela, euskarazko irakaskuntza “oker handiago” batetik ihes egiteko bidea bihurtu da, hau da, etorkinekin klasean egon behar izatetik ihes egiteko.
Ez ote genuke etorkinen umeentzat defendatu behar ume autoktonoentzat defendatzen duguna? Hau da, eskolak bi hizkuntzen ezagutza bermatzea (eta jakinekoa da oraingo A eta B ereduek –eta Nafarroako G ereduak- ez dutela bermatzen)?

Euskara ikastea
Inmigrazio garaikidearen zenbait ezaugarriren aurrean, euskal ereduek zailtasun batzuk dituzte.

Hasteko, B eta D ereduko baliabide pedagogiko guztiak gaztelania edo frantses-hiztunentzat daude diseinatuta (antzekotasun asko dauzkaten hizkuntza erromanikoak dira). Baina gaur Hegoaldera etorritako umeen %30 baino gehiagok ez daki gaztelania.
Hemen, beraz, bi hizkuntz ikasi beharko lituzkete. Batzuk ez daude, baina, hizkuntzak ikasteko egoerarik onenean (eskolan egoteko urte gutxi geratzen zaizkienean heltzen dira, marjinazio egoeran daude eta emaitza akademikoetan eragina du horrek...).
Ume horiek ez daukate irakaslearekin hitz egiteko komunikazio hizkuntzarik. Izan ere, irakasleak ez baitie ulertzen beren hizkuntzan hitz egiten dutenean. Horrek hizkuntza murgiltze ereduari zailtasunak jartzen dizkio eta “azpiratze eredua” bihurtzeko faktore bat da. Izan ere, adituak aspalditik esaten ari dira etorkinak gehienetan azpiratze ereduan eskolatzen direla eta, horren ondorioz, bazterketa soziala eta eskola porrota gerta daitezke.
Bestalde, irakasleak, ikaslearen hizkuntza ez badaki, ezin ditu jakin zeintzuk zailtasun dituen umeak hizkuntza berria ikasteko (hitz egiten duen hizkuntza eta ikasi behar duenaren estrukturak ezberdinak direlako, haien arteko alde fonetikoarengatik...).
Ahaztu gabe eskolak, euskaraz gain, gaztelania ere irakatsi behar duela: umeek eskolara iristerako gaztelania jakiteak ez du esan nahi erregistro guztiak ezagutzen dituztenik. Erregistro informaletako gaztelania hitz egiten badute ere, hizkera formala ere ikasi beharko dute, hori ere zenbait gizarte esparrutan beharrezkoa da-eta (euskararekin gertatzen den bezala).
Hori guztia ez dugu ahaztu behar esku hartzea hobetze aldera.

Etorkinen seme-alaben ikaskuntzari (eta hizkuntzen ikaskuntzari) buruzko gogoetak aurrera jarraitzen du. Horrela, gero eta gehiago dira irtenbidea “aparteko gelak” (“harrera gelak” ere deitzen dira) ez direla esaten dutenak. Umeak autoktonoengandik isolatuta denbora luzean ikasi beharrean, zera hobesten dute: ikasle etorri berriek ahalik eta denbora gehiena gelan eta ikaskideekin pasatzea; hau da, pedagogia integratzailearen aldekoak dira. Horrela, ikaskideekin eskolako hizkuntzan komunikatuko dira eta hori da, hain zuzen ere, ikaskuntza motibatuko duen faktoreetako bat. Umeak hizkuntza hori erabiltzearen beharra sumatu behar du, hizkuntza hori hitz egiten duten adiskideak dituelako. Hortaz gain, hizkuntza edukien bidez ikasteko beharra ikusten da, eta ez hizkuntza eskolatan bakarrik. Baina ezin dugu orain kontu horietan luzatu.

Etorkinen hizkuntzak
Dena den, beste faktore batzuk ere kontuan hartu behar dira: etorkinek eta beren seme-alabek hitz egiten dituzten hizkuntzak. Gogora dezagun integrazioak jatorrizko baloreak ez galtzea esan nahi duela. Eta hizkuntza elementu garrantzitsua da. Hitz egin dugu etorkinek hemengo hizkuntzak hitz egiteko beharraz; baina zein da etorkinen hizkuntzei aitortuko diegun begirunea?

Anekdota moduan, gogoratuko dut duela hilabete batzuk politikari batek esandakoa: komeni zela etorkinak B eta D ereduetan eskolatzea; horrela euskara eta gaztelania ikasiko lituzkete eta elebidunak izango lirateke. Lapsus bat izan zen, noski; etortzen direnean, hizkuntza bat behintzat hitz egiten dute eta ez dituzte bi hizkuntza ikasi behar elebidun izateko. Izan ere, batzuk elebidunak edo hirueledunak dira hona heltzen direnean (eta gaztelania eta kitxua dakizkite, edo bereberra eta arabera, edo arabera eta frantsesa...).

Nahi al dugu etorkinek haien hizkuntzak ahaztea gureak erabil ditzaten? Lehen esan bezala, norberaren lehen hizkuntza autoestimuaren eta identitatearen parte oso garrantzitsua da. Ez dago zertan kultura propioa galdu gizarte berrian egokitzeko, sustraiak beste nonbait garatzeko. Hizkuntzari uko egitekotan, zaila izango da “integrazioaz” hitz egitea.

Eskolak bilatu egin beharko du ikasleen hizkuntzak baloratzeko moduak. Eta haiekiko sentsibilitate handia garatu, era askotara adieraziko dena. Irakasleek ikasleen izenak ondo ahoskatu beharko dituzte (haien familiek egiten dutenaren ahalik eta antzekoen); ikastetxearen dekorazioan ere arreta jarri beharko da (adibidez, ongietorri hitzak hainbat hizkuntza eta alfabeto dituzten muralen bidez); eskolako festetan (Gabonak, inauteriak...) hemengo kantez gain etorkinen herrietako kantak entzun behar dira (ikasle guztiek ikasita eta abestuta), etab. Eta hori guztia ez bakarrik ikasi ahal izateko hain garrantzitsua den ikasleen autoestimua bultzatzeko, baizik eta baita ere eskolako ume guztiek bestela ikasiko ez lituzketen gauzak ikas ditzaten; horrela hainbat jatorritako jendearekin bizitzeak balio erantsia izango du, zerbait ekarriko du. Baina, jakina, horretarako irakasleok sinetsi behar dugu ikasle etorkinek badutela zer ekarri gelara.

Badago eskola bat jatorri portugeseko ikasle asko dituena, non portugesa hizkuntza ikasgai eskaintzen den ume guztientzat. Eta halako zerbait egin daiteke arabiar hizkuntzarekin ume marokoar ugari dagoen ikastetxeetan, eskola orduz kanpo edo eskola orduetan. Bi kasuetan abantaila bat dago: hizkuntza horiek hitz egiten ez dituztenek ere bizi diren auzoan jardun dezakete hizkuntza horietan. Jakina, ez dira kudeatzeko errazak diren proposamenak: zeinek emango dituen eskolak; arabiera formala, Afrika iparraldeko dialektoa edo besteren bat irakatsi behar den; zer egin behar den mailaketarekin (ezagueraren arabera ume arabieradunak eta autoktonoak ez lirateke batera egongo)... Edozein modutan ere, eta nahiz eta zailtasunak egon, uste dut ahaleginak merezi duela.

Inperatibo pedagogiko ezaguna da, bestalde, umeak bere lehen hizkuntza garatzen jarraitu behar duela, edozein dela. Beraz, kontua ez da familiak umearekin bere hizkuntza hitz egiteari utzi eta eskolako hizkuntza bat –euskara edo gaztelania- erabiltzea; eta are gutxiago ezagutza eskasa baldin bara. Ikerketek frogatu dute lehen hizkuntzaren garapena ezinbesteko baldintza dela beste hizkuntzak ondo ikasteko. Familiari eskatu behar zaio, beraz, haien hizkuntza ez baztertzeko eta umeak ahalik eta erregistro gehienetan erabiltzen jarraitzeko, egoera informaletan eta formaletan (eta komeni da irakurtzea, eta telebista ikustea, eta kantak ikastea...).

Guk baditugu arrazoiak hizkuntza gutxituenganako sentsibilitate berezia adierazteko, eta hemen etorkinen hizkuntza guztiak hala dira nolabait, beren herrian hala izan (kitxuara adibidez) ala ez (arabieraren kasua). Zorroztasun berezi horrek batzuetan oso argi ez dauden egoerak ikustaraziko dizkigu; horrela konturatuko gara Hegoamerikatik datozenen artean kitxuak daudela, eta maputxeak, aimarak... Afrika Hegoaldetik datozenekin gertatzen den moduan; batzuetan ahaztu egiten dugu guztiak ez direla arabiarrak; asko eta asko beste etnia batekoak dira: bereberrak. Izan ere, etorri berriak askotan sailkatzen ditugu jatorrizko estatuaren kultura eta hizkuntza nagusien arabera, batzuetan haiekin zapaltzaileak izan arren. Gerta daiteke, gainera, beren hizkuntza eta kultura ezkutatzea, prestigio gutxi daukatelako.

Duela urte eta erdi Kataluniako eskola batzuetan egindako ikerketa baten berri eman zuten komunikabideek (7): ikertzaile taldeak zenbat ume bereber zeuden jakin nahi zuen, irakasleek eta administrazioaren arduradunek arabeak balira bezala hartzen baitzituzten. Ez zen batere erraza izan hori jakitea. Lehenengo eta behin, inkesta bat pasatu zieten nongoak ziren eta jatorrizko hizkuntza zein zen galdetuz. Guztiek erantzun zuten marokoarrak edo arabiarrak zirela, eta beren lehen hizkuntza arabiera zela; batek ere ez zuen esan bereberra zenik. Datuek, hala ere, esaten zuten bereberrek egon behar zutela, baina lotsatu egiten ziren beren benetako kultur identitatea azaltzeko orduan eta ezkutatu egiten zuten. Horregatik gero beste inkesta bat egin zuten, disimulatuagoa: hiru hitz zerrenda ziren, katalanez, arabieraz eta bereberrez, eta etxean gehien zein hitz erabiltzen zituzten galdetu zieten. Emaitza harrigarria izan zen: umeen % 60k hitz bereberrak aukeratu zituzten; bereberrak ziren. Emaitza hauetatik abiatuta, bereberrari prestigioa emateko kanpaina proposatu zuten ikertzaileek, pentsatu baitzuten norberaren jatorria eta kultura ukatzeak ez zuela lagunduko inguru berriarekiko harreman positiboa ezartzen.

Horrelako erreakzioak ez dira arrotzak guretzat. Ez dago urrun garaia bat non zenbait euskaldun lotsatu egiten ziren euskaraz hitz egiteaz eta gaztelaniaz trakets adierazteaz.

Baina kontua da neuk ere ez dudala topatu nork dakien geure auzoan zenbat marokoar diren bereberrez hitz egiten dutenak, eta ezta geure eskolara joaten diren zenbat ume diren ere. Irakasleek ere ez dakite. Eta nola izango dute kontuan umearen hizkuntza, ez badakite zein den ere, eta pentsatzen badute guztiek etxean arabieraz hitz egiten dutela?

Esan dugu lehenengo hizkuntza mantentzea identitatearekin lotuta dagoela. Eta ez dagoela hizkuntzari uko egin beharrik kultura berrira egokitzeko, beste leku batean erroak egiteko. Maalouf-ek bere Identidades asesinas (8) liburuan identitate bakarra arbuiatzen du (nazio-estatuari lotutakoa, “frantsesa naiz”, “ingelesa naiz” bakarrik esaten duena) eta identitate anitza defenditzen du: pertsona bat euskalduna (edo galegoa, edo espainola) izan daiteke, eta aldi berean musulmana eta marokoarra eta feminista eta saskibaloi jokalaria... Zeren eta gauza asko izan gaitezke batera, eta horrela gutako bakoitza bakarra da (gure identitate osoa kontuan hartzen badugu) eta era berean gutako bakoitzak badu komunikazio eremu bat identitate alderdi berbera daukaten beste gizabanakoekin.

Eta aldi berean, euskaraz bizi izatea bada era bat sustraiak egiteko, bertakotzeko.

Kontua da baten batek inoiz pentsatu izan badu euskara aurrera egiteko ezinbestekoa zela Euskal Herri homogeneoagoa (ideologikoki, sozialki edo dena delakoa), orain badaki baldintza hori ez dela etorkizunean beteko. Etorriko dena kontrakoa da: gero eta aniztasun handiagoa hainbat alorretan (ezaugarri fisikoak, erlijio jardunak, mundu ikuskerak, sinismenak, ohiturak...). Euskara guztiona izango da edo ez da izango.


(AMELIA BARQUÍN Mondragon Unibertsitateko irakaslea da Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, Eskoriatzan)

“Etorki(zu)nak. Inmigrazioa eta kultur aniztasuna Euskal Herrian” izeneko jardunaldietan emandako hitzaldia da hau. Jardunaldi horiek Altsasun izan ziren, 2004ko urriaren 21etik 23ra eta Sakanako Mankomunitateak antolatu zituen. Hitzaldia gaztelaniaz zegoen eta eskertu behar dut www.erabili.com-eko Eñaut Frantsesenaren ahalegina itzulpen lan honetan. Gaztelerazko bertsioa agertzear dago SOS Arrazakeriak argitaratutako lan koaderno moduan.
Oin-oharrak
(1) Datu hauek ondorengo egunkarietatik hartu ditut: Berria 2004-06-19, Berria 2004-12-9, Gara 2004-10-07, Gara 2004-09-11, Gara 2004-09-29, ABC 2004-03-10, El Mundo, 2004-05-19, El País, 2004-01-29, El Periódico de Álava 2004-04-03.

(2) Sami Naïr, “Cinco ideas falsas sobre la inmigración en España”, El País 2002-05-16.

(3) Datu hauek ondorengo egunkarietatik hartu ditut: Berria 2004-06-2004, El Mundo, 2004-05-19, El País 2004-01-30, El País 2004- 01- 09.

(4) Colette Sabatier eta John Berry-n ikus daiteke, “Inmigración y aculturación” in Richard Y. Bourhis eta Jacques-Philippe Leyens, Estereotipos, discriminación y relaciones entre grupos, Madril, McGraw-Hill, 1996, 217-239 orr.

(5) Dolores Julianok honako hitzaldi honetan azalduta: Viure i conviure, la realitat de la immigració, Igualada, 2003-10-1.

(6) Lluís Maruny eta Mónica Molina, “Identidad sociocultural y aprendizaje lingüístico. El caso de la inmigación”, Textos 26, 2001eko urtarrila, 55-64 orr., 62 orr.

(7) Idurre Eskisabel, “Etorkinen ama hizkuntzari buruzko ikerketa Katalunian. Nortasun arazo bikoitza”, Egunkaria 2003-1-26.

(8) Amin Maalouf, Identidades asesinas, Madril, Alianza, 1999.


http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1105344737