sábado, enero 13, 2007

Eskolak euskaldundu beharko luke, baina...



Euskal Autonomia Erkidegoko ia gazte guztiek uste dute derrigorrezko hezkuntza amaitzean euskaraz jakin beharko luketela. Gazte beraien erdiaren iritziz, ordea, hori ez da horrela gertatzen. Ondorio hori plazaratu du Eusko Jaurlaritzak Euskal Gazteen Behatokiaren eskutik plazaratu berri duen Gazteen Argazkiak 8 inkestaren txostenak.


Inkesta 15 eta 30 urte edo gehiago dituzten 11.984 lagunekin egindako elkarrizketetan oinarritu da. 15 eta 29 urte arteko 3.430 gazteren eta 30 urtetik gorako 8.554 lagunen erantzunak biltzen ditu eta 2004 urteko lau epetan egindakoa da.

Gaztelania aurretik
Inkestan jasotako erantzunen arabera, ia gazte guztiek uste dute derrigorrezko hezkuntzaren zikloa bukatzerakoan, 16 urteren bueltan, EAEko gazteek gaztelaniaz zein euskaraz beren burua txukun defendatzeko gauza izan beharko luketela. Oso bestelakoak dira, ordea, derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan gazteek gaztelaniaz eta, batik bat, euskaraz ba ote dakiten galderaren aurrean ematen dituzten erantzunak.

Gazteen %98 dira eskola amaitzean gaztelaniaz jakin beharko luketela uste dutenak. Euskararen jakin beharra ere %100etik gertu dabil gazteen erantzunetan, baina gaztelaniaren beharretik bost puntu beherago, %93an. Gazteenen artean, 15 eta 17 urte dituztenen artean, gainera, gutxitu egiten da eskola bukatutakoan euskaraz jakin beharko luketenaren ustea. Adin tarte horretan %88an kokatzen dira uste horren aldeko erantzunak.

Erdiak ere ez
Eskolak ez du, ordea, gazteek uste edo nahi luketen neurrian euskalduntzen, ez behintzat esku artean dugun inkestaren emaitzak ikusita. Izan ere, EAEko gazteen erdiak baino gutxiagok, %48ak, uste du derrigorrezko hezkuntzaren ondoren euskaraz badakitela edo jakingo dutela.

Euskara jakitearen beharrari garrantzi txikiena ematen dioten 15 eta 17 urte tartekoak dira, aldiz, eskola amaitzean euskaraz jakingo dutela gehien sinesten dutenak, adin tarte horretan %55era igotzen baita zentzu horretako erantzunen kopurua. 22 eta 25 urte artekoak dira ezkorrenak: %42k bakarrik uste du eskolatik behar bezala euskaldunduta atera dela.

Derrigorrezko hezkuntzak gaztelania jakitea ahalbidetzen duela uste dutenen kopurua, berriz, hiru laurdenen bueltan gelditzen da: %77 dira uste horretakoak.

Beste hizkuntzak
EAEn ofizialak diren euskaraz eta gaztelaniaz gain, gazte gehienek uste dute eskolatik ingelesa ondo ikasita atera beharko luketela (%80). Atzerriko beste hizkuntza baten behar ustea txikiagoa da (%38).

Euskararekin bezalatsu, eskolak atzerriko hizkuntzak erakusten duen eraginkortasuna ere kaxkarra dela iritzi dute inkestan parte hartu duten gazteek. %17k bakarrik pentsatzen du derrigorrezko hezkuntza amaitzerako ingelesa jakitea posible dela.

Gutxiren kezka
Hizkuntzen ikasketa eta eskola lotzen dituzten galdera-erantzunak Gazteak eta hezkuntza atalaren baitan ageri dira Gazteen Argazkiak 8 txostenean. Eta hizkuntzen irakaskuntzari buruzko iritziak oso baikorrak ez diren arren, elkarrizketatutako gazteen gehiengoaren ustez (%65) EAEn derrigorrezko hezkuntzaren maila ona. %4k besterik ez dio maila txarra dela.

Txostenaren lehen atalean ere (Gazteak eta eguneroko bizitza) badago hizkuntzarekin lotutako kezkentzako tartea. Hain zuzen ere, Norberaren arazoak azpi-atalean gazteei eguneroko bizitzan aurkitzen edo dituzten arazo nagusienen inguruan galde egin zaie. Erantzunen artean, hizkuntz egoerarekin lotutako arazoek tarte hartzen dute. Elkarrizketatutakoen artean, %3k bakarrik aipatzen ditu, kezka nagusi den etxebizitzarengandik (%41) oso urrun, eta osasungintza, ingurumena, zerbitzu publikoen eraginkortasuna eta gazteei dagozkien arazoekin parekatuta.

http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1132131895