Etorkinak eta hizkuntz ereduak
2005. urtean Kontseilua eta Hezkuntza Sailaren artean, etorkinen seme-alabak euskarazko eredutara erakartzeko izeneko egitasmoa hitzartu zuten. Kontseiluaren egitasmo honetan burututako diagnostikoaren aztergaietako bat hau izan zen: etorkinak eta hizkuntz ereduen hautua.
Hemen aurkezten dugun gaia ikuspuntu ezberdinetatik azter daiteke; oraingo honetan, hizkuntz normalizazioa eta immigrazioa hartu ditugu ardatz gisa. Hizkuntz politika zein immigrazioa zehar-lerro moduan lantzen ohi diren bi gai ditugu. Euskararen hizkuntz normalizazioa abiapuntua izanik ere, esandako bi ikuspuntuak uztartzen saiatu gara, kasu honetan Hezkuntzaren eremuan kokaturik.
Immigrazioaren inguruko oinarrizko datu batzuk
XX. mendean Hego Euskal Herrian izandako immigrazio fluxuak Estatu espainiarretik etorri ziren. XXI mendean, berriz, estatu barneko migrazio-mugimenduez gain, estatuaz kanpoko beste herrialdeetatik datozen etorkinak gero eta gehiago dira. Eta, horien artean, bereziki Europar Batasunetik kanpoko herrialde ez-garatuetatik.
Estatuz kanpoko immigrazioari dagokionez, Hego Euskal Herriko egoera aztertzen dugunean kopuru erlatiboei dagokienez alde handia dago EAEko eta Nafarroako datuen artean (% 4 eta % 9 inguru). Bestetik, EAEko herrialdeei dagokienez ere beraien artean ezberdintasunak daude, kopuru absolutu handiena Bizkaian badago ere, kopuru erlatiborik handiena Arabakoa da.
Estatuz kanpoko etorkinak, gehienak latinoamerikarrak dira (Ekuador, Kolonbia, Argentina, Bolivia, Peru...). Ondoren magrebiarrak daude (Marokokoak bereziki). Atzetik Europar Batasuneko etorkinak ditugu (Portugal, Frantzia...). Eta azkenik Europa erdi eta Ekialdekoak (Errumania, Bulgaria...), Saharaz hegoaldeko Afrikakoak, eta Asiakoak (Txinakoak).
Datu orokor horiek, baina, batzuetan ez dute ongi islatzen gure eskualde edo herrietako errealitatea. Leku batzuetan estatuz kanpoko etorkinik ia ez dagoen bitartean, besteetan kopuru absolutua edota erlatiboa nabarmena da (bereziki hirietan eta lan-eremu espezifiko batzuekin loturiko zonaldeetan).
Hezkuntza sistemari dagokionez, azken urteotan Euskal Herrian estatuz kanpoko etorkinen seme-alaben kopurua urtez urte nabarmen igotzen ari da, eta Hego Euskal Herriko 2005-2006 ikasturteko datuak hauek lirateke: EAEn 12.991 (% 4,6) eta Nafarroan 7.775 (% 8,7).
Hizkuntz ereduak
Berezko hizkuntza gutxiagotua dagoen kasuetan, gurean bezala, argi dago eskolak protagonismo handia hartzen duela hizkuntzaren normalizazio eta berreskurapen prozesuan. Erantzukizun osoa eskolaren esku utzi ezin bada ere, horretan duen zeregina funtsezkoa da, hizkuntza ikasteko bidea ematen baitu.
Euskal Herrian D edo B ereduetan matrikulatzeko joerak gora egin badu ere, oso ezberdina da zonalde batzuen eta beste batzuen dinamika. Esaterako, EAEn gehiengoak bi eredu hauetan matrikulatuta egonik ere (2004-05 ikasturtean, derrigorrezko hezkuntzan, % 51 D eta % 22,6 B), herrialdeen arteko kopuruak oso ezberdinak dira (D ereduan Gipuzkoan % 66, Bizkaian % 45 eta Araban % 29). Hala ere, azken urteotan kasu guztietan gorako joera dago, eta Haur Hezkuntzako matrikulazio berrien gorakada bereziki adierazgarria da (2005-06 ikasturtean % 62,7 D, % 29,5 B eta % 7,8 A ereduan).
Nafarroako datu orokorrei dagokienez, D ereduan matrikulatutakoak gutxiengoa izanik ere (2003-04 ikasturtean % 21), zonaldeen arabera datuak oso bestelakoak dira (Sakanan, esaterako, 2004-05 ikasturtean % 75 D ereduan), eta, oro har, gorako joera dago. Iparraldeari dagokionez, berriz, gorako joera hori oso apala da.
Estatuz kanpoko etorkinen seme-alaben matrikulazio datuak, berriz, oso ezberdinak dira. EAEn % 51,8 A ereduan matrikulatzen den bitartean, erdia baino gutxiago B eta D ereduetan matrikulatzen da (% 27,8 eta % 20,4). Nafarroan, berriz, D ereduan matrikulatutako etorkinen seme-alaben kopurua % 2 ingurukoa da. Iparraldeaz, berriz, daturik ez dugu.
Etorkinen hautua
Naturala al da etorkin gehienek beraien seme-alabak A ereduan matrikulatzea? Hasieran aipatu den Kontseiluaren egitasmorako egindako diagnostikoan, besteak beste, guraso etorkinen hautuan eragin dezaketen faktoreak aztertzen saiatu gara. Ezin artikulu honetan azterketa bere osotasunean azaldu; A ereduaren aldeko hautura bideratzen duten hainbat faktore aipatu eta laburbilduko dugu.
Motibo ugari dira hautu horren atzean; fenomeno sozial gehienetan bezala, honetan ere ez dago faktore eragile bakarra. Beharbada faktore nagusi batzuk aurkituko ditugu, baina betiere beste faktoreekin elkarreragin harreman batean.
Egoera soziala eta soziolinguistikoa
Euskararen egoera demolinguistikoa (euskararen ezagutza eta erabilpen maila) eta egoera diglosikoa.
Erdara jakitea eta ikastearen beharra EHn bizitzeko.
Eguneroko bizitzan euskara beharrezkoa egiten ez den heinean, ekonomia linguistikoagatik, ez da lehentasunezko kontutzat hartuko.
Euskararekiko jarrerak eta balorazio soziala. Ingurunean euskararekiko jarrera negatiboak dauden heinean (balorazio eza, politizazio negatiboa...), euskara gatazka elementutzat har daiteke.
Hezkuntza-sistema
Hezkuntza-sistemaren beraren egitura
Hizkuntza-eredu ezberdinen eskaintza bera ere nahasketarako bidea da.
Hezkuntza-sistemaren egitura-hutsuneak: irakasle erdaldun elebakarren existentzia distortsio elementua izan daiteke (interes-taldea A eredua mantentzeko).
Ikastetxeen arteko lehiakortasuna: hezi beharreko ikasleen interesen eta interes orokorraren gainetik ikastetxeen interesak jar daitezkeelako.
Hezkuntza-sistemaren baliabide eza. (D ereduan plaza nahikorik ez, laguntza-irakasle eta material nahikorik ez). Euskarazko ereduetan ikasleak artatzeko baliabiderik ezean errazena A eredura bideratzea da.
Informazioa eta eragile estrategikoen eragina
Informazioaren garrantzia
Abiapuntu gisa, guraso etorkin gehienek aurretik duten informazio eta ezagutza eza hemengo egoera kulturala eta linguistikoaren inguruan.
Guraso askok aurretik ez dute hizkuntz eredu elebidunen sistema ezagutzen, eta batzutan ez dute informazio argirik jasotzen (ereduen arteko ezberdintasunak eta, bereziki, emaitzak edo ondorio lingüistikoak).
Hezkuntzako eragileen artean etorkinen seme-alaben matrikulazioa bideratzeko orientabideen sozializazio eza.
Informazio-komunikazio politika eskasa. Hutsune handia dago hezkuntza eta hizkuntza-ereduen inguruko informazio ofizialean (tresnak, hedapena...).
Eragile estrategikoen eragina
Eragile estrategikoak honako hauek dira: bere kokapen estrategikoagatik gurasoen hautuan eragin zuzena izaten ahal dutenak. Eta ikusiko dugun bezala horrelako ugari ditugu.
Agente horien aldetik, etorkinen seme-alabak A eredura bideratze horren atzean jarrera edo motibazio ezberdinak egon daitezke: ikuspegi paternalistak (etorkin gaixoak...), interes korporatiboak (A eredua mantentzeko interesa), euskararen kontrako jarrera ideologiko /politikoak, erosotasuna, jarrera baztertzaileak, agenteen formazioa edota sentsibilizazio eza.
Ugari dira gurasoen hautuan eragina izaten ahal duten eragile estrategiko horiek:
Ikastetxeen arduradunak: Zuzendaritza
Hezkuntza Saila: Lurralde-Ordezkaritza, Eskolatze Batzordea
Udal-zerbitzuak: Ongizate-zerbitzuak
Etorkinentzako GKE direlakoak
Etorkinen elkarteak
Bestelako erakunde erlijiosoak
Etorkin erreferentzialak
Beste jende erreferentziala: pertsona publikoak, ugazabak...
Harreman-sareak eta bestelako harremanak
Etorkinen berezko harreman-sareak
Harreman-sareen pisua migrazio-prozesuan (laguntza-sarea). Horiek gidatzen dituzte beraien pausuak... beraien aholkulariak eta erreferentzia dira.
Interesa bere komunitate-kideekin egoteko.
Talde arteko harremanak
Helmuga-herrialdearen komunitatearekiko harremanak (harreman ezaren eragina)
Familiaren egoera eta migrazioaren bizipena
Migrazio-prozesuaren dinamika
Egoera administratiboa, sozio-ekonomikoa, laborala. Hori guztiaren beste alderdi batzuk ondorengo hauek izan daitezke. Batetik egoera ekonomikoarekin lotuta, berezko kontzentrazioak auzo edo gune zehatz batzuetan. Bestetik ezegonkortasunaren eragina dugu, hau da, egoera hobetzeko leku batetik bestera mugitu (zertarako hemengo hizkuntza ikasi hemen geldituko garen ez badakigu...). Ahultasun egoerak ere autoritatearen hitzarekiko menpekotasuna sortzen du (zuzendariak A ereduan matrikulatzeko esaten badu...).
Itzultzeko asmoa edo itzuleraren mitoaren eragina. Itzultzeko asmoa duenak seme-alabek euskara ikasteari ez dio garrantzirik ematen. Asmo hori, baina, kasu askotan ez da betetzen, eta haurrek euskara ikasteko aukera galtzen dute.
*Gurasoek kulturazioa / akulturazioarekiko duten jarrera (integrazioa, asimilazioa, segregazioa, dekulturazioa).
Jatorrizko kultura
Erlijioa eskola zehatz batzuetan matrikulatzeko faktore izan daiteke. Hau, bestetik, eskola horietan dagoen hizkuntz eskaintzarekin lotu beharko litzateke.
Jatorrizko hizkuntza(k).
Hemengo hizkuntza ofizialen aurretiko ezagutzari dagokionez, gaztelania ez ezagutzea elementu negatibotzat baloratzen da (gaixoak bi hizkuntza ikasi beharko ditu...).
Eleaniztasun esperientzia. Hainbat etorkin familia berez elebidun edo eleanizduna dugu (horietako asko hizkuntza gutxituen eledunak). Horrek eleaniztasunaren inguruko esperientzia positiboa ematen badie ere, hori positibotzat baloratu beharrean, eragile batzuek irakurketa negatiboa egin eta zamatzat hartzen dute (horrenbeste hizkuntza ikastea...).
Bestelakorik
Seme-alaben beste ezaugarriak. Adinez koxkorturik daudenen kasuan halako etsipena dago (adin horrekin ez dute jada euskara ikasiko...), eta baita edozein premia berezia dutenen kasuan ere (gaixoak nahikoa dauka...).
Jendartearen jarrera
Hezkuntza-komunitatean ere integrazioarekiko sentsibilizazio eza eta jarrera baztertzaileak ikus daitezke. Izan ere, Hezkuntza-komunitatean jendartean agertzen den hainbat portaera baztertzaile ere erreproduzitzen da, etorkinen seme-alaben integrazioa eta kohesio soziala beraren kontra jotzen duena.
Jarrera negatiboak, oro har, etorkinen seme-alaben kontzentrazioaren inguruko pertzepzioan iturria izaten du. Kontzentrazioa, bestetik, hainbat estereotipo negatiborekin lotzen da: kalitatearen galera, gatazkak...
Aurrekoaren ondorioz, eskolan edo gelan etorkinen kopurua handitzat hartzen dutelako, kasu batzuetan guraso autoktonoek bere seme-alabak A eredutik B eredura, edo B eredutik D eredura aldatzen dituzte. Bestetik, ikastetxeetan ere horrelako jarrerak detektatu dira: ikastetxearen irudiaren kalterako izanen delakoan (kalitatea jaitsiko delakoan) ez dute interesik etorkinen seme-alabak eskolan edo eskolako D / B ereduetan matrikulatzeko, eta beste eskola batzuetara bideratzen dituzte (A ereduetako ikastetxeetara, dagoeneko etorkinen seme-alabak dauden beste ikastetxeetara...), edo A eredura.
Hizkuntz integrazioaz
Euskararen normalizazioaren ikuspuntutik, helburua etorkin guztiak prozesu horren subjektuak izatea izan beharko litzateke.
Hasieran aipatu bezala, hizkuntz normalizazioaren eta immigrazioaren ikuspuntuak bidean, hizkuntz ereduen gaia eta euskara ikastea integrazio soziokulturalaren ikuspegitik aztertu nahi dugu, betiere ahalik eta ikuspegirik osatuena izateko.
Hainbat etorkinei euskararen inguruko kezka beharbada urruti samar geldituko bide zaio, askok bestelako lehentasunak izanen baitituzte (lana, etxebizitza...). Alabaina, hizkuntz ereduen hautuak, euskara ikastearekin loturik dagoen heinean, eragin zuzena izan dezake beraien seme-alaben etorkizunean, beraien integrazioan, hain zuzen ere. Izan ere, haur horientzat euskara ikasteak edo ez ikasteak hainbat ondorio izan ditzake haien orainaldiari zein etorkizunari begira.
Euskara ikas dezaten bultzatu
Aipatu integrazio soziokulturalaren ikuspegitik, Euskal Herriko gainontzeko ikasleak bezala, etorkinen seme-alabak ere euskara ikas dezaten bultzatu beharko litzateke. Eta helburu horri begira, euskara ikasiko dutela ziurtatuko duen irakaskuntza eredura bideratzen saiatu. Besteak beste, ondorengo arrazoiengatik:
Eskolak aukera ematen die modu natural batean euskara ikasteko.
Eskolan ikasi ezean, euskara ikasteak gerora esfortzu handiago ekarriko die.
Hezkuntza elebiduna (eleanizduna) oztopo bat izan beharrean, haurren garapen kognitiboan eragin positiboa izan dezake.
Euskara ikasten ez duenak (kasu honetan etorkinen seme-alaba gehienak) ez ditu aukera berdinak izanen: lan-merkatuan lehiatzeko, hemengo kultura bere osotasunean ezagutzeko...
Euskarak integratua sentitzen laguntzen ahal die
Hizkuntza kultura-integrazio elementua da (identitatea eta alde afektiboarekin loturik).
Guraso gehienek seme-alabak euskalduntzeko hautua egiteak hau adierazten du: jendarteak euskara partekatutako eremuan jartzeko borondatea.
Joera orokorrarekin bat ez egitea –etorkinen seme-alabek euskara ez ikastea– kohesio sozialari begira talka elementua bihurtuko da.
Azkenik, eta A ereduaren hautaketarekin ere loturik egon daitekeena, eskola batzuetako A ereduetan gertatzen diren etorkinen seme-alaben metaketa artifizialak, bazterketa eta banaketa soziala bultzatzeaz gain, elkarbizitza, elkar ezagutzea eta kohesio sozialaren kalterako dira.
Integrazioa vs asimilazioa / segregazioa
Hizkuntz integrazioa aipatu dugunean, baina, integrazioa asimilazio zein segregazioarekin kontrajarri nahi dugu. Eta xede horri begira, gure ustez, betiere mahai gainean ondorengo helburuak jarri beharko lirateke.
Etorkinen seme-alabek euskara ikastea
Hori ziurtatuko duen hezkuntza eredu batean matrikulatzea
Ikas-prozesuan beharreko laguntza bermatzea (beste ikasleen hizkuntz gaitasuna lortuko dutela ziurtatzeko)
Eskolan etorkinen jatorrizko kultur eta hizkuntzen errekonozimendua eta babesa
Azken ondorioa
Egun estatuz kanpoko etorkinen seme-alaben matrikulazio datuak eta datu orokorrak alderatzen ditugunean halako disoziazioa ikusten ahal dugu, bereziki hizkuntz ereduen hautuari dagokionez.
Etorkin gehienen hautuak, seme-alabak A ereduan matrikulatzeko, hainbat ondorio ekar ditzake: seme-alaben aukera berdintasun eza, ghettizazioa, kohesio sozialerako distortsioa...
Erantzukizuna, baina, ez da bakarrik etorkinena. Hautu horren atzean faktore eta eragile ugari dago; guztioi dagokigu eta guztiok dugu maila ezberdinetako ardura.
(MARIO ZAPATA SOLANO soziologoa da eta Kontseiluak 2005 urtean burututako Ikasle etorkinak murgiltze ereduetara erakartzeko egitasmoaren koordinatzailea izan zen)
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1149839897
0 Comments:
Publicar un comentario
<< Home